Albistea entzun

Kataluniako hauteskundeak (IV). Marta Pascal.

«Katalanismoak erreferente bat izango du, urte askoren ondoren»

Kataluniako nazionalismoaren esparrurik moderatuena eta kontserbadoreena ordezkatu nahi du Partit Nacionalista de Catalunyak, kontzertu ekonomikoa goiburutzat hartuta. Pascal da zerrendaburua, eta harengan zentratu dute kanpaina erabat. Bideoa, elkarrizketaren barruan.

ORIOL CLAVERA Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai - Berriemaile berezia

2021eko otsailak 10 - Bartzelona

Iraganaren itzaletik urrundu, eta nazionalismo moderatuaren espazioa bete nahi du Marta Pascalek (Vic, Herrialde Katalanak, 1983), iaz eratu zuten PNC Partit Nacionalista de Catalunya alderdiarekin. «EAJren ispilu» izan nahi dute, aitortu duenez. EAJk, ordea, PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanari eman dio babesa. Hain justu, alderdi horrekin lehiatu beharko dute parlamentuan hautagaitza lortzeko, baina, aurreikuspen ia guztietan, horretarako aukerarik gabe ageri dira.

Alderdi berria da zuena. Berritasun horrek zuen alde egingo duela uste duzu?

Denbora gehiagorekin, hobeto ezagutaraziko genukeen gure burua, baina moldatu egin gara. Dena izan da zentzugabekoa aspaldian. Kataluniako Gobernuak gaizki egin zuen dekretua, tartean Kataluniako Auzitegi Gorena sartu zen... Irudipena ematen du ezerk ez duela ondo funtzionatzen eta dena inprobisatua dela. Mezu hori herritarrei ez zaie gustatzen, eta, noski, hori bozketan ikusiko da. Parte hartze oso apalak asko distortsionatu dezake emaitza, eta muturretan daudenei mesede egin. Alde batean zein bestean muturrean daudenek ez dute lagundu klima politikoa hobetzen, eta gurea moderazioaren espazioa da. Lau urte oso zailen ostean, herritarrek beren sentipena erakusteko aukera dute, eta horretarako deia egin nahi nieke.

Ia inkesta denek parlamentutik kanpo uzten zaituztete. Aukerarik ikusten duzue zuek?

Normala da. Indar politiko berri bat gara, eta inongo inkestatan ez da gure inguruan galdetu. Hala ere, azkenengoetan jada hasi dira aipatzen gure izena. Badakigu egin beharreko bidea luzea dela. 8.500 abal jaso genituen, eta 5.000 nahikoa genituen. Igandeko hauteskundeetan parlamentariren bat lortzeko aukera dugu. Hala ere, gure proiektua epe ertainekoa da, eta gero udal hauteskundeak datoz. Zentzu handia du gure proposamenak, gaur egun Kataluniako Parlamentuan ez baitago indarrik argiki nazionalista dena, ideia eta irtenbide politikoak bateragarri egiten dituena, eta herritarrak adin nagusikoen moduan tratatzen dituena. Ez dugu independentzia espres bat hitzemango, hori beste batzuek egin baitzuten eta erakutsi baitzuten ez zela posible. Eta, era berean, ez dugu defendatuko kudeaketa zentralizatu bat auzi katalanarekin inolako sentsibilitaterik ez duena.

Zertan bereiz daiteke zuen proposamena PDeCATek egiten duenetik?

Koherentzian, hasteko. Gure proiektua nazionalista da, ez independentista, eta, hortaz, zazpi milioi katalanei hitz egin nahi diegu. PDeCATek, esaterako, independentistez bakarrik hitz egiten du; urriaren 1ean bozkatu zuten horiez. Gure prisma zabalagoa da, eta mezua, inklusiboagoa. Gizarte ireki eta plural bat eratu nahi dugu, baina ñabardura eta sentimendu asko barnean hartzeko gai izango dena. Koherentzia hori hautesleek sarituko digutela uste dut. Bestalde, pentsatzen duguna esaten eta egiten duten horiek gara. Kontzertu ekonomikoa lortzea jaso dugu programan. Badakigu Kataluniako Estatutuak ahalbidetzen duela hori, Madrilek borondate politikoa badu. Bada, guk ez dugu babestuko kontzertu ekonomikoa mahai gainean jarriko ez duen gobernurik.

Hautesleek ulertuko al dituzte zuen berezitasun horiek?

Kanpainak oso zailak dira beti. Auzi oso identitarioetan jarri da arreta, alde emozionalari garrantzia emanez; presoen auzian, adibidez. Planteamendu arrazionalenei eta pragmatikoei ez die laguntzen horrek. Baina, bestalde, gurearen moduko eskaintza nazionalistarik ez dagoenez, uste dugu espazio horretara iristen saiatu behar dugula, jakinda hau hasiera besterik ez dela.

PDeCATekin batera aurkezten saiatu zineten, hala ere.

Gure aldetik proposamen bat egon zen katalanismo politikoa elkartuta aurkez zedin hauteskundeetara, plataforma edo koalizio batean. Lligak eta Lliuresek [Convergencia Democratica de Catalunyako eta Unio Democratica de Catalunyako alderdikide ohiek osatutako alderdiak] ez zuten bat egin, eta aurkeztu ere ez dira egingo. Beste batzuek, berriz, Espainiarekiko obedientzia hautatu dute, PSCrekin lerratuz. PDeCATi koalizioan joatea proposatu genion, baina ez zitzaien egokiena iruditu. Ondoren, haiek planteatu zuten ni zerrendan ez joatea, eta nik onartu egin nuen. Baina, azkenean, haien diskurtsoa zen soilik independentistak defendatu nahi zituztela eta gure proposamenak botoak kendu eta lehiakortasuna sustatuko zuela. Aldebakartasunaren makulu izatea erabaki dute, eta, hortaz, katalanismoaren espazio zentralak PNC izan behar du ezinbestean.

Zer posizio hartuko duzue parlamentuan, ordezkaritza lortzen baduzue?

Guk argi esan dugu ez diogula babesik emango desobedientzia eta aldebakartasuna defendatzen dituen gobernu bati. Beraz, argi diogu: Laura Borras ez dugu izendatuko. Bestalde, ERCkoek [Esquerra Republicana de Catalunya] erabakitzen badute konfrontazioarekin zabuka ibiltzea, eta, aldi berean, itunpeko eskola gutxiestea eta zergak igotzea, ez diegu horretan lagunduko. Kontzertu ekonomikoa zentrala izango da: merezi izateaz gain, gaitasun handia emango liguke arlo ekonomikoan aurrera egiteko.

Aldebakartasuna alboratzea ezinbestekoa da zuentzat?

Azken urteetan, sentimendu nazionalaren eta eztabaida identitarioaren barruan, hazi egin da sentsibilitate independentista, baina, bestalde, ohartzen gara okerrago gaudela ongizateari dagokionez: egoera ekonomikoan, hezkuntza sisteman, azpiegituretan... Alde horretatik, aurrerapauso bat eman nahi dugu, eta uste dut konfrontazioak ez gaituela inora eramango.

ERC aspaldian erakusten ari den aurpegi pragmatiko eta elkarrizketari irekiak haiengana hurbiltzen zaituzte?

Alde batetik, konfrontazioaren diskurtsoa egiten dute, beldurra baitiote horretan Junts Per Catalunyarekin duten lehian galtzaile izateari. Baina, bestetik, pragmatikoak eta ezkerrekoak direla esaten dute, baina eskola kontzertatua gaizki tratatzen dute, eta zergak igotzen dituzte. Gainera, [Arnaldo] Otegirekin kanpainan ari dira, zeinak ezker abertzalea ordezkatzen duen. Guretzat hori ez da onargarria, eta uste dut mezu inklusiboago bat behar dela. Hortaz, uste dut ERCren moderazioa izozkailuan dagoela; itxura hutsa da, katalanismoaren eremuan botoak biltzeko. Baina, urte askoren ondoren, katalanismoak erreferente bat izango du: PNC.

Kataluniarentzat kontzertu ekonomikoa lortzea da zuen programaren goiburu nagusia. Madrilek onartuko duela uste duzue?

Beharrezkoa da. Borondate politikoa nahikoa da egun Espainiak jasotzen dituen zergak Generalitateak bil ditzan. Premiazkoa da gobernuak diru askoz gehiago izatea. Zergak jaisteko modu bakarra da. Ekonomikoki itota eta zergak ordaintzeaz kokoteraino daude langileak, klase ertainekoak eta enpresari txikiak, eta itun berri batek arnasa emango lieke. Horrez gain, kontzertu ekonomikoarena mezu autonomista bat dela diotenak euren burua engainatzen ari dira, egun ez daukagun tresna bat baita. Lehen urratsa izan behar du, ondoren erreferendum adostu baten bidez erabakitzeko eskubidea gauzatzeko.

Eta bigarren urrats hori nola egin daiteke?

Espainiarekin akordio bat eginda, Eskozian egiten ari diren bezala, edo bere garaian Quebecen egin zuten bezala. Baina ikusi da hori ez dela gertatuko egun batetik bestera, agerikoa baita halako zerbait onartzeko bezainbesteko heldutasun demokratikorik ez duela egun Espainiak. Hori konpontzeko, aldebiko harreman bat exijitu behar zaio. Kontzertu ekonomikoa lehen fase bat da ekonomikoki dugun itomen honetatik apur bat libratzeko, baina, nazionalistak garen heinean, naziotik naziorako harreman bat lortu nahi dugu.

Alde nazionala albo batera utzi behar dela ez al da, hain justu, konstituzionalistek etengabe erabiltzen duten argudioa gai horri ez heltzeko?

Kontzertu ekonomikoa gure finantzaketaren hobekuntza gisa planteatzen dugu, baina horrek ez du esan nahi gure printzipioei uko egitea. Jadanik badakigu arlo batzuk lehentasunezkoak direla, eta finantzaketarena da nagusia. Salvador Illak esaten badu katalanismoaren defendatzailea dela, halaxe esan izan baitu, mahai gainean jarri behar du kontzertu ekonomikoa: hori da egin dezakeen gutxienekoa.

Presoen, erbesteratuen eta auzipetuen auzia konpontzea ere lehentasuna da zuentzat?

Bai. Berdin dit amnistiaren edo indultuaren bidez den, ala sedizio delitua moldatuta, nahiz eta ez diren gauza bera. Argi daukat erbestean eta espetxean daudenek etxean egon behar dutela. Gainera, horrek lagundu egingo luke eztabaida lasaitzen, une honetan oso tenkatuta eta polarizatuta baitago.

Prozesuaren barruan auzipetuak 3.000 baino gehiago dira. Zaku berean sartzen dituzue denak?

Kasu asko daude irekita, eta horiek guztiak konpondu behar dira. Era berean, independentismotik datorren mezua baldin bada «berriz egingo dugu», horrek ez du laguntzen. Uste dut erantzukizuna hartu behar dugula. Igaro zen etapa batez ari gara, eta alde guztitatik okerrak egin ziren, baina argi dago herrialde honek subiranismoaren bidea hartu duela, eta bozkatu nahi dutenengana Polizia bidaltzeak ez du zentzurik. Eta ikuspuntu demokratikotik, ez du ezertarako bermerik ematen.

Egun arerio politiko dituzun zenbaiten alboan iritsi zinen 2017ko urriaren 1era. Zuk, ordea, nabarmendu duzu zeu mantendu zarela orduko posizio berean.

Hori horrela da, bai. [Artur] Masek erabaki zuenean CUPen eskariei men egitea, bera mugitu zen posizioz. Guk ordurako esaten genion alderdi antisistema batek ezin zezakeela eduki prozesuaren giltza. Gogoan dut, independentziaren erredakzioarekin-eta genbiltzanean, [Carles] Puigdemont presidenteari eskatu niola zuhurra izan zedila, gure eginbeharra zela Generalitatea babestea. Independentzia aldarrikatzearekin tematu ziren, eta, aldarrikatu ostean, ez ziren gai izan betetzeko. Horrek frustrazio handia sortzen du. Orain, horietako batzuk, PDeCATekoak-eta, kontrako diskurtsoa egiten ari dira, eta lehengora itzultzen. CUPekin akordioa egin zutenak eusten ari zaizkio egun bide horri.

Orduan hasi zen desbideratzen prozesua, zure ustez?

Mas jauna joan eta CUP tartean sartu eta Kataluniako politika baldintzatzen hasi zenean. Trantsizio Legea onartu genuenean, ezezaguna zitzaigun eremu batean sartzen hasi ginen. Gutako batzuek orduan ez genuen nahikoa ausardia izan publikoki bazterrean geratzeko.

Horren damu zara?

Asko pentsatu dut horren inguruan egunotan. Ahotsa altxatu nuen mugimendu barnean, baina, proiektuari nion leialtasunagatik, ez nuen modu publikoan jakinarazi. Gaurtik begiratuta, argi dago momentu horretan hanka sartu genuela eta Kataluniako gizartearen zati bat erreferenterik gabe utzi genuela. Mingarria zait, baina ez zait kostatzen autokritika egitea. Ariketa hori egina dut liburu batean ere. Horregatik guztiagatik, eraikitzen ari garen erreferente nazionalista hau, pixka bat EAJren ispilu izan nahi duena, aukera bat da jende askok moderaziorako eta pragmatismorako espazio bat berreskura dezan, era berean politikoki eraginkorra izango dena.

Bihar: Dolors Sabater CUPeko zerrendaburuari elkarrizketa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Giza laguntza iritsi da Siria ipar-mendebaldera, lurrikara gertatu eta lau egunera

Arantxa Elizegi Egilegor

Turkiatik Siria iparralderako pasabide bakarra dago zabalik. Damaskok ohartarazi du bere eskuetatik igaro behar duela laguntza orok «terroristengana edo talde armatuengana» iritsi ez dadin, horrek, ordea, kanpoan uzten ditu oposizioak kudeatutako eremuak. Azken datuen arabera, 16.000tik gora dira hildakoak.

AEBek Nord Stream hodia «nola leherrerazi» zuten kontatu du hango kazetari batek

Edu Lartzanguren

Seymour Hersh Pulitzer saridunak idatzi duenez, AEBetako Itsas Armadako urpekariek jarri zituzten bonbak NATOren maniobra batzuetan, eta Norvegiaren laguntzarekin zartatu zituzten

Boluntarioak hondakin artean harrapatuta daudenen bila, Idliben, Siria. ©KARAM AL-MASRI / EFE

Sirian egoera «jasangaitza» dela ohartarazi dute nazioarteko GKEek

Mikel O. Iribar

Erbesteratu kurduek eskatu dute giza laguntza Kurdistango Ilargi Gorriaren bitartez emateko. Turkiako presidentea kaltetutako eremuetan izan da

Kasko Zuriak, erreskate lanean, atzo gauean, Idliben, Siria iparraldean. ©YEHYA NEMAH / EFE

Dagoeneko 15.000tik gora dira Ekialde Hurbileko lurrikaretan hildakoak

Mikel O. Iribar

Askok autoetan eta kalean lo egin dute, etxera itzultzeko beldur. Milaka dira kaltetuak, eta lurrikarak are gehiago okertu du Siria iparraldeko eta Kurdistango egoera. Erreskate taldeak hondamendi eremuetara iritsi ezinik dabiltza.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...