ELAk dio LAB EH Bilduren aliantza politiken arabera jokatzen ari dela

Sindikatu abertzaleen arteko ekintza batasuna «ez lehenestea» eta UGTra eta CCOOra hurbiltzea leporatu dio. ELAk azpimarratu du LAB izan dela lehena bien arteko desadostasunak aireratzen

jokin sagarzazu
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Sindikatu abertzaleen arteko harremanak beti izan dira gorabehera handikoak, eta azkenaldian abiatu dituzten elkarlanerako dinamika batzuek gatazka horiek estali dituzten arren, asteon berriz ere azaleratu dira. Ia inork ez zuen espero astelehenean LABek kaleratu zuen ohar gogorra, eta horrek piztutako suari egur gehiago bota zion atzo ELAk. Garbiñe Aranburu idazkari nagusi duen erakundeari leporatu dio sindikatu abertzaleen arteko batasuna «ez lehenestea», eta UGTra eta CCOOera hurbiltzea, haren ustez, EH Bilduk instituzioetan darabilen estrategiarekin eta aliantza politikekin bat egiteko. Alderdi horren erabakiak «kuestionatzeko gai ez izatea» egotzi dio.

LABek astelehenean agertu zuen bere haserrea, ELAk Galiziako CIG eta Kataluniako CSC sindikatuekin batera eginiko argazkia dela eta. Lan erreforma bertan behera uzteko eskatzeko kanpaina bat abiatu dute hiru sindikatu horiek, eta talde horretatik «baztertzea» leporatu zion LABek ELAri, aurretik haiekin hirurekin elkarlanean aritu den arren. Hori baliatu zuen Mitxel Lakuntzaren sindikatuari kritika gogorra egiteko haren sakoneko estrategiaren inguruan: patronalekin harreman onak izatea eta Espainiako Estatuarekin konfrontatzeko benetako interesik ez izatea leporatu zion.

ELAk egun batzuk itxaron du erantzun bat emateko, eta LAB egin du bien arteko desadostasunak eztabaida publikora eramatearen erantzule. Salaketa «oso larriak eta funtsik gabekoak» egitea leporatu dio, eta uste du «bi erakundeen arteko urruntzean sakontzea beste helbururik» ez dutela .

Kritika zehatzei buruz, ELAk azpimarratu du berak eusten diola «gehiengo sindikalaren lankidetzari» eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna «indartzeko asmoari», eta 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorra jarri du horren eredu gisa. Halaber, 2017ko irailean LABekin batera sinatutako aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten aldeko agiria defendatu du, nahiz eta LABek zalantzan jarri duen hori. ELAren ustez, hura ari zaio bizkar ematen itunari, azkenaldian UGTrekin eta CCOOekin aliantzak osatzeko eta elkarlan esparruak haiekin zabaltzeko egin dituen proposamenekin. Haren ustez, ulertezina da bat egitea «negoziazio kolektiboaren estatalizazioa babesten dutenekin». «Horrek adierazten du LABek uneotan ez duela lehenesten ELArekiko ekimen batasuna».

Konfrontazioa

ELAren arabera, LABen jarrera, oinarrian, EH Bilduren itun politikek baldintzatzen dute, eta gogorarazi du alderdi subiranista Espainiako Gobernua sostengatzen duten kideetako bat dela. Horrekin batera, azpimarratu du LABek «Sorturen esparru soziopolitiko bera» partekatzen duela. ELArentzat, «guztiz zilegia» da hori, «baina praktikan zailtasun bat da LABek EH Bilduren zeregin instituzionalaren irakurketa koherente eta kritikoa egin ahal izateko». Adibide gisa Nafarroako egoera jarri du: «Ezinezkoa da LABek ELArekin batera mobilizazioak eta grebak bultzatzea Nafarroako sektore publikoan (osasunean, hezkuntzan eta zaintzan), EH Bilduk Maria Txibiteren gobernua sostengatzen baitu».

Patronalarekin harreman onak izateaz eginiko kritiken inguruan, ELAk adierazi du hitz horiek ez direla «koherenteak», eta berretsi du berak mobilizazioen eta greben bideari eutsiko diola langileen eskubideak defendatzeko. «LABek bertan behera utzi zituen Bizkaiko Metaleko eta Gipuzkoako Papergintzako eta Arte Grafikoetako grebak, eta gero ELAri kargu hartu zion Gipuzkoako Metaleko lan hitzarmena sinatu zuelako; ondoren bat egin zuen. Izan ere, azken hitzarmen horretan jaso ziren edukiak askoz hobeak ziren LABek grebak bertan behera utzi zituen sektoreetakoak baino».

ELAk, halaber, LABi leporatu dio kaleratze kolektiboak iragarri dituzten enpresetan bere afiliatuak «gutxiestea» (Tubacexen, Gestampen, Inditexen, Aernnovan eta Alestisen, besteak beste).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.