Albistea entzun

Estatu kolpetik bi hilabetera, egoerak okerrera egin du Myanmarren

Estatu kolpearen aurkako protesta bat Mandalayn, Myanmarren. Bi hilabete bete berri dira militarrek agintea indarrez bereganatu zutenetik.
Estatu kolpearen aurkako protesta bat Mandalayn, Myanmarren. Bi hilabete bete berri dira militarrek agintea indarrez bereganatu zutenetik. STR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2021eko apirilak 1

Bi hilabete bete dira gaur militarrek Myanmarko Gobernuaren aurkako estatu kolpea eman zutenetik; bi hilabete herritarrak kalera irteten hasi zirenetik, armadari agintea uzteko eskatuz, eta bi hilabete soldaduek horiek tiroka sakabanatzeko agindua jaso zutenetik. 500 hildakoren langa gainditu du herrialdeak tarte horretan; ehunka dira atxilotuak, eta milaka ihes egitea erabaki dutenak. Egoerak nabarmen egin du okerrera azken asteetan, eta atzo, gerra zibil bat piztuko den beldur, hainbat estatuk handik irteteko eskatu zieten beren herritarrei: besteak beste, AEBek, Erresuma Batuak, Alemaniak eta Finlandiak. Washingtonek, gainera, iragarri zuen soilik «beharrezko langileak» utziko zituela hango enbaxadan. Hala, apurka-apurka, bakarrik utzi dute Myanmar.

Estatu kolpea eman baino egun batzuk lehenago hasi ziren atzerritarrak herrialdetik irteten, eta EB Europako Batasunaren kasuan, esaterako, 1.400 europar daude oraindik han. Haietako askok urteak daramatzate han, eta beldur dira zer gertatuko den han dituzten enpresa eta negozioekin. «Emaztea hangoa dut, eta ez du joan nahi. Gauetan militarrak kalez kale ibiltzen dira, eta tiro egiten dute jendea beldurtzeko», azaldu die izena eman nahi ez duen haietako batek albiste agentziei.

Atzerritarrak ez dira herrialdetik irten nahi duten bakarrak. Thailandiako mugan gehiengoa den karen etniako milaka herritarrek auzoko estatura ihes egin zuten armada ingurua bonbardatzen hasi zenean. Zenbaki ofizialen arabera, 2.500 lagunek igaro zuten bi herrialdeen arteko muga, baina gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Bangkokek kanporatu egin dituela haietako gehienak. Thailandiako Gobernuaren arabera, «beren kabuz» itzuli ziren iheslariak Myanmarrera, eta herrialdean geratzea erabaki zuten 500 lagun han daude oraindik. Bestelako bertsioa da KWO Karen Emakumeen Elkarteak zabaldu duena. Erakundearen esanetan, Thailandiako segurtasun indarrek 1.100 adingabe inguru kanporatu dituzte; horietatik 500 inguru, atzo bertan.

Thailandiara ez ezik, Txinara eta Indiara ihes egiten ahalegindu dira beste batzuk. Pekinek, ordea, zorroztu egin ditu mugako segurtasun kontrolak, koronabirus kasu gehiago atzeman dituztela argudiatuta. Indiara, berriz, gutxienez 300 lagun igaro ziren joan den asteburuan.

Zigor neurriak

Hainbat herrialdek, besteak beste AEBek eta Erresuma Batuak, junta militarraren aurkako neurri ekonomikoak hartu dituzte azken egunetan. Washingtonen kasuan, bertan behera utzi dute 2013an adostutako merkataritza akordioa. Hala iragarri zuen astelehenean AEBetako Merkataritza Harremanetarako ordezkari Katherine Taik. Erabakia, ordea, sinbolikoa da eraginkorra baino gehiago. Izan ere, AEBekin merkataritza harremanak dituzten estatuen zerrendan 84. postuan legoke Myanmar —1.200 milioi euroko salerosketak egin zituzten iaz—.

Bada, ordea, beste neurri bat junta militarrari kolpe gogorragoa jo diona: haiek kudeatutako bi holding zerrenda beltzean sartu izana. AEBetako Altxorraren Departamentuak zabaldutako informazioaren arabera, militarrek herrialdearen ekonomiaren zati handi bat kontrolatzen dute bi holding horien bitartez: besteak beste, natur baliabideen kudeaketa, alkohola eta tabakoaren salmenta edota eraikuntza lanak. Zigor neurriak indarrean sartu zirenetik blokeatuta geratu dira holding horiek AEBetan dituzten ondasun oro. Etxe Zuriarekin hitzartuta, antzeko neurriak hartu ditu Erresuma Batuak ere.

Mendebaldeak ez ezik, ekialdeko hainbat estatuk ere neurriak iragarri dituzte junta militarraren aurka. Japoniak, zeina herrialdeari laguntza ekonomiko handiena ematen dion herrialdea den, iragarri du bertan behera utziko dituela garapenerako laguntzak, eta soilik «behar-beharrezkoak» direnei eutsiko diela. Hala ere, iragarri du ez duela, oraingoz, zigor neurririk hartuko. Ez da ahaztu behar Japoniak harreman ekonomiko estuak dituela Naypyidawrekin, eta enpresa japoniar ugari daudela han.

Bitartean, oraindik preso daude otsailera arte agintean zeuden NLD Demokraziarako Liga Nazionaleko kideak: besteak beste, Aung San Suu Kyik, Bakearen Nobel saridun izandakoa. 75 urteko buruzagia bakartuta egon da estatu kolpea eman ostean atxilotu zutenetik. Ez da lehen aldia espetxeratzen dutena: aurrez hamabost urte egin zituen etxeko atxiloaldian, «segurtasuna eta bakea kolokan» jartzeaz akusatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Japoniako Gobernuaren erabakiaren aurkako protesta bat Seulen. / ©Jeon Heon-kyun, EFE

Fukushimako ur kutsatuak itsasora botako ditu Japoniak

Arantxa Elizegi Egilegor

Orotara 1,23 milioi tona ur daude zentral nuklearreko biltegietan. Prozesua datorren urtean hasiko dute eta beste hainbat urtez luza daiteke.

Helena Maleno, Caminando Fronteras taldeko bozeramailea, artxiboko argazki batean. ©ANGEL MEDINA G. / EFE

Marokoko Poliziak Espainiaratu egin du Helena Maleno ekintzailea

Arantxa Elizegi Egilegor

Caminando Fronteras taldeak salatu du inolako azalpenik eman gabe kanporatu dutela Maleno. Rabatekin elkarlanean aritzea egotzi diote Espainiako Poliziari

Guillermo Lassoren jarraitzaileak hauteskundeen bigarren itzulian lortutako garaipena ospatzen, igandean, Quiton. ©SANTIAGO FERNANDEZ / EFE

Eskuina correismoari gailendu zaio Ekuadorren, boto baliogabeez baliatuta

Julen Aperribai

Guillermo Lasso kontserbadorea izango da presidente, Andres Arauz UNESeko hautagaiari gailenduta. Baliogabe bozkatzeko deia egin zuen mugimendu indigenak, eta mesede egin dio horrek eskuineko hautagaiari

Natanz zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. ©ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Iranek Israeli leporatu dio Natanz zentralari eraso egin izana

Iosu Alberdi

Teheranen programa nuklearreko gunerik garrantzitsuena da. Akordioaren aurkako «saiakera oro» gaitzetsi du EBk

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna