Auzitegiak ontzat jo ditu Maiatzaren Lehenerako itxiera perimetralak

EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Jaurlaritzaren debekua proportzionala dela eta ez duela oinarrizko eskubiderik urratzen. Epaileak dio mobilizazioetan parte hartzea ez dela jarduera profesional bat

LABeko Garbiñe Aranburu eta Maider Jauregi, Maiatzaren Lehenerako kartelak jartzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta, pandemia dela-eta, eremu gorrian dauden herrietan bizi direnek ezingo dute beren herrietatik atera Maiatzaren Lehenerako mobilizazioetan parte hartzeko. Auzitegiaren arabera, Segurtasun Sailak ondo argudiatu du joan-etorrien debekua. Ebatzi du alarma egoeraren babesean hartutako neurria dela, proportzionala, eta legedira ondo egokitzen dela, baita Espainiako Konstituziora ere.

ELA eta CCOO sindikatuek jo zuten auzitara, eta, besteak beste, salatu zuten debeku horrek hainbat oinarrizko eskubide urratzen dituela: bereziki, elkartzeko eskubidea eta askatasun sindikalarena. Horrekin batera, gogorarazi zuten alarma egoeraren harira ezarritako joan-etorrien debekuen artean Jaurlaritzak salbuespen gisa jasoa duela «jarduera sindikala».

Luis Javier Murgoitio buru izan duen administrazio auzietarako epaimahaiaren iritzian, baina, Jaurlaritzak ez ditu urratu sindikatuek aipatutako oinarrizko eskubideak. Gogorarazi du ez dagoela eskubide absoluturik, «oinarrizkoetan ere ez», eta horiek baldintzatuta egoten direla maila bereko edo handiagoko eskubideen erregimen edo funtzionamenduarengatik; kasu honetan, alarma egoeragatik, konstituzioan ere jasota dagoena. «Alarma egoerarekin loturik indarrean dauden arauen helburua da, hain justu, COVID-19aren transmisiogatik pertsonentzat hain egiazkoak diren arriskuak prebenitzea». Horren adibide gisa jarri ditu joan-etorriei jarritako mugak,horiek ere oinarrizko eskubide bati eragiten baitiote.

Jarduera sindikalaren salbuespenaren inguruan, berriz, epaimahaiak bereizi egin ditu jarduera sindikala eta biltzeko eskubidea. Esan du Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan parte hartzea ez dela bere horretan jardun sindikal bat, edo ezin dela frogatu hala denik, ez behintzat gobernuaren salbuespen zerrendan agertzen diren besteen moduko jardun profesionalen kasuan bezala. Gogorarazi du, gainera, deialdiak irekiak direla, ez direla soilik afiliatuentzat.

«Askatasunen aurkakoa»

ELAk salatu du epaia «oinarrizko askatasunen aurkako erasoa» dela, eta berretsi du Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean iragarritako ekitaldiak «osasun neurri guztiak betez» egingo dituela. Sindikatu abertzalearen hitzetan, ezarritako murrizketak ez datoz bat egunero lanera joateko betebeharrarekin, «kasu askotan leku itxietan egiten baita, eta manifestazioak baino iraupen luzeagoarekin».

CCOOk, berriz, gogor kritikatu du auzitegiaren erabakia. Salatu duenez, Maiatzaren Lehenerako murrizketak «setio egoera bati dagozkio, alarma egoera bati baino gehiago». UGTk eta LABek ere salatu zuten Jaurlaritzaren jarrera, erabakiaren berri eman zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.