Aragones: «Independentzia gauzatzeko aurkeztuko naiz hautagai»

ERCko hautagaia gaur izendatuko dute presidente. Bezperan, gobernuaren zutabe izango direnak zerrendatu ditu, eta akordio zabal bat eskatu du, amnistia eta autodeterminazioa jasoko dituena

Pere Aragones ERCko presidentegaia, atzo, Kataluniako Parlamentuan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Azken hiru hilabeteetan Katalunian izan den korapilo politikoa atzean utzita eta gobernu berriaren erronka nagusiak xehatuta. Hala hasi zuen Pere Aragones ERC Esquerra Republicana de Catalunyako hautagaiak, ezustekorik ezean, presidente kargua hartzera eramango duen inbestidura saioa. Atzo arratsaldean ekin zioten, eta gaur emango diote segida. Bozketa ere gaur egingo dute. Parlamentuaren gehiengo osoaren babesa beharko du Aragonesek, eta aise lortu behar luke, aldeko 74 boto espero baititu —68 behar dira gehiengo osoa izateko—; gobernu akordioa egin duten JxC Junts per Catalunya, ERC eta CUP alderdienak: JxCk 33 diputatu ditu; ERCk, 33; eta CUPek, bederatzi.

«Kataluniaren independentzia gauzatzeko aurkeztuko naiz hautagai». Hitz horiekin hasi zuen hitzartzea Aragonesek. Independentismoa «askotarikoa» dela adierazi zuen, eta hori dela mugimendu politiko horren «indar nagusia», nahiz eta ezaugarri horrek, aldi berean, zail egiten duen elkar ulertzea. Zailtasun horiek gainditzeko, «sintetizatzeko eta bateratzeko» gaitasuna izan beharko dutela azpimarratu zuen, eta horren erakusletzat jarri zuen ERCrekin eta JxCrekin egindako akordioa: «Diagnostiko partekatu bat dugu, eta hori oinarrizko urratsa da aurrera egiteko». CUPekin adostutako akordioa eta JxCrekin hitzartutakoa bateragarriak dira, Aragonesen arabera, eta «elkar indartzen» dutela azaldu zuen.

Amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko «akordio nazional zabal bat» sustatuko du gobernuak, aurreratu zuenez, eta, horrekin batera, elkarrizketa mahaia baliatuko dute «[Espainiako] Estatuarekin konfrontazio zibiko eta baketsu bat» egiteko.

Gobernu berriaren zutabeak lau izango direla azaldu zuen Aragonesek: «Eraldaketa sozial, berde, feminista eta erradikalki demokratikoa» eraikitzea izango dute xede, eta esan du horretarako muga bakarra «herritarren borondatea» izango dela. Adibidetzat jarri zituen, besteak beste, Next Generation funtsak, zeinak «sistema produktiboa» aldatzeko erabili nahi dituen, eta kulturara bideratu nahi duen aurrekontua: %2a.

Huts egindako aurreko bi inbestidura saioetan egin moduan, Salvador Illa PSCko diputatuak auzi nazionala lehenestearen aurka egin zuen, eta kataluniarren artean «konfrontazioa» sortzearekin lotu zuen. «Independentzia gauzatzeko konpromisoa hartu duzu, baina badakizu hori ez dela gertatuko; konpromiso hori ñabartu beharko zenuke», adierazi zuen, eta auzitan jarri zuen hori lortzeko ERCren estrategia, esanez elkarrizketa ez dela «konfrontazioa eta elkarrizketa nahastea».

Independentismoa zatiketarekin lotu izana kritikatu zion Aragonesek, eta galdetu ea unionismoak zergatik ez duen zatitzen, independentismoak baino babes txikiagoa badu. Erreferendum batean bere proiektu politikoa babesteko eskatu zion Illari.

Zatiketarik ez, baina desadostasunak agerikoak dira alderdi independentistetan, eta horien jatorriari buruz garden aritu zen Albert Batet JxCko diputatua. Hala ere, azpimarratu zuen independentziarako bideaz dituzten planteamenduak ez direla bateraezinak:«Konfrontazioa eta elkarrizketa ez doaz kontrakarrean, txanponaren beraren bi aldeak dira». Elkarrizketa mahaiari «eszeptizismoz» begiratzen diotela aitortu zuen, kontuan hartuta inongo gobernuk ez duela horretarako modurik jarri, baina argitu zuen hori ez dela «traba» izango bide hori ere lantzeko. JxCk erreferendum adostu bati inoiz ukorik egin ez diola gogoratu zuen, eta konbikzio hori mantentzen dutela: «Adostutako erreferendum batek soilik ordezka dezake urriaren 1eko mandatua».

Carles Puigdemontek zuzentzen duen Errepublikaren Kontseiluak prozesu independentistan izan beharreko zereginak ere trabatu ditu duela egun gutxi onbideratutako negoziazioak. Horri buruz, Batetek argitu zuen «Kataluniako instituzioen subiranotasuna» aitortzen duela bere alderdiak, eta sekula ez duela «tutoretzarik» eskatu.

Artadiren ukoa

Bide orriaren eta lidergoaren inguruko ikuspuntu desberdinek bezainbeste ez, baina kontseilaritzen banaketek ere zaildu dute JxCren eta ERCren adostasuna. Azkenean, zazpina izango dituzte.

Herenegun arte, egintzat ematen zen JxCko Elsa Artadik gidatuko zituela horietako bi, Presidenteordetza eta Ekonomia eta Ogasun Kontseilaritza, baina Artadik berak uko egin die kargu horiei. JxCren Bartzelonako udal taldea gidatzen jarraitu nahi duela azaldu zuen Artadik. Udal taldeak ohar bat argitaratu zuen, erabakiaren berri ematen: «Elsa Artadik Juntseko udal taldeari azaldu dio Bartzelonarekin duen erabateko konpromisoa mantenduko duela, eta udaletxeko lanean segituko duela, 2023ko hauteskundeetan udal gobernu aldaketa gauzatu dadin».

Presidentetza kontseilaritzari Artadik eman dion ukoak kargu horretarako beste norbait proposatzera behartuko du JxC, eta, Vilaweb atariaren arabera, alderdiaren barruan ez dago erabateko adostasunik ordezkoaren inguruan. Hedabideak jakin ahal izan duenez, Lledonerseko espetxean preso dauden alderdiko kideek Damia Calvet proposatu dute, orain arte Lurralde eta Jasangarritasun kontseilaria izan dena, baina alderdiko zenbait sektorerentzat moderatuegia da Calvet, eta ez du alderdiaren osotasuna ordezkatzen, Vilaweb-ek dioenez. Calvet izan da ERCrekin akordioa egin eta gobernu koalizioa osatzeko negoziazioetan prestutasun handien erakutsi duten JxCko kideetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.