Tubacexek 23 milioi galdu ditu, baina aurreikuspenak «onak» direla dio

Adierazi du galerak Arabako lantegietan izan direla batez ere, baina ez ditu zuzenean lotu duela sei hilabete abiatutako grebarekin. Konpainiak susperraldi «nabarmena» espero du datorren urterako

Greban dauden langileak, Tubacexek Laudion duen lantegiaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Gero eta premiazkoagoa du Tubacexek Arabako lantegietako gatazkari irtenbidea ematea. Galerak pilatzen ari zaizkio, Amurrioko eta Laudioko plantetan «bereziki»; dena den, enpresak aitortu du horiek lotura zuzenagoa dutela «merkatuko zailtasunekin» hango lan gatazkarekin baino: sei hilabete daramatzate langileek greban. CNMV Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalera igorri duen komunikazioaren arabera, hodi ekoizlearen zuloa beste 23,3 milioitan handitu da lehen seihilekoan, 2020ko epe berean baino hamabost milioi gehiago, eta salmentak 160 milioi eurorenak izan dira, iaz baino %43,3 gutxiago. Hala ere, azpimarratu du oro har aurreikuspenak «onak» direla.

Konpainiak azaldu duenez, eskaera zorro «oso eskasarekin» hasi zuen urtea, pandemia dela-eta bezero berriak lortzeko «oztopo ugari» izan zituelako iaz, eta adierazi du horrek eragina izan duela taldeak mundu osoan dituen plantetan, eta, «batez ere», Euskal Herrikoetan. Egoera ikusita, gogorarazi du urte hasieran planta guztiei eragingo zien doikuntza plan bat jarri zuela martxan, eta jakinarazi du prozesu hori «amaitu» duela, Arabakoetan izan ezik.

Amurrioko eta Laudioko lantegiei eragiten dien gatazka fase erabakigarri batean sartu da. Hala dela erakutsiko lukete azken egunotan egin dituzten bilera luzeek. Bi aldeetan kezka eta nekea nabaritzen hasiak dira. 129 kaleratuen kasua Espainiako Auzitegi Gorenera iritsiko balitz, gutxienez beste sei hilabete pasatu beharko lirateke epaiketa egiteko. Ez dute hainbeste itxaron nahi, eta proposamenak jarri dituzte mahai gainean: bi aldeak prest azaldu dira aurretiko erretiroak eta borondatezko beste neurri «ez traumatiko» batzuk aztertzeko, baina ez dute ezer adostu. Zuzendaritzak, oraingoz, EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratzeak baliogabetuz eman zituen epaien aurkako helegiteari eusten dio, eta langileek, grebari: atzo 167. eguna egin zuten.

«Etxeko lanak», eginda

Bilbon eginiko epaiketetan enpresako abokatuek argudiatu zuten moduan, Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari ordezkariak adierazi du sektore osoa dagoela krisian, estrukturala dela eta COVID-19aren aurretik zetorrela, bereziki petrolio ekoizpenaren beherakadarengatik —putzu gutxiago zulatzen dira— eta AEBek Europako tutuei jarritako muga zergengatik; adierazi du pandemiak eta ekonomia deskarbonizatzeko helburuen bizkortzeak «larriagotu» egin dutela egoera hori.

Dena den, konpainiako buruak aitortu du aurreikuspenak onak direla, «etxeko lanak» egin dituztelako: «Kostuen murrizketa estrukturala egin dugu, eta enpresa errealitate berrira egokitzea ahalbidetuko duen plan estrategiko batean ari gara lanean». Jakinarazi du eskari zorroa eta plantetako ekoizpena handitzen ari dela: urtearen bigarren erdialdean «emaitzen hobekuntza mailakatua» espero dutela, eta «susperraldi nabarmenagoa» 2022rako.

Esmorisek adierazi duenez, «trantsizio energetikorako» prestatu dira, eta zehaztu du gasaren segmentuan merkatu kuota handitu dutela eta hidrogenoarenean ere sartuko direla, petrolioaren hain menpekoak ez izateko. Geografikoki ere dibertsifikatuko dituzte bezeroak.

Taldeak 338,5 milioi euroko zorrarekin egin beharko die aurre erronka horiei. Hori handitu egin da aurten izandako galerengatik, berregituraketa planean jasotako kalte ordainengatik eta Indiako enpresa bat erosi izanak eragindako ezohiko gastuengatik. Halere, hodi fabrikatzaileak dio 2020an abian jarritako planari esker nahikoa gihar duela zor horri aurre egiteko, eta ziurtatuak dituela 2025era arteko maileguen ordainketak. Aurreikusten du 2022aren erdialderako pandemia aurreko zorpetze ratioetara itzuliko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.