Defentsa indartzea eta migrazioen kudeaketa dira EBren erronkak

Batasunaren mugen barruan egonkortasuna bermatzeko gai den sistema baten alde egin du Von der Leyenek. Indarkeria matxistaren aurkako zuzentarau bat aurkeztuko dute urtea amaitu aurretik

Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen, atzo, Europako Parlamentuko agerraldian. YVES HERMAN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ahoz aho zebilena berretsi zuen atzo Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek batasunaren egoerari buruzko hitzaldian, hau da, defentsan urratsak egingo dituela EB Europako Batasunak, eta iragarri zuen datorren urtean, Frantziak EBko presidentetza hartzen duenean, gaiari buruzko goi bilera egingo dutela estatu kideek. Von der Leyenen esanetan, Afganistango gertaerek argi utzi dute Europak urrats bat gehiago egin behar duela defentsan, baina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekiko elkarlana alde batera utzi gabe: «Ez dago segurtasun edo defentsarekin lotutako auzirik elkarlan gutxiagorekin konpontzen denik».

Defentsari dagokionez, baina, EBk «gehiago» egin beharko lukeela iritzi zion Batzordeko buruak, eta hiru helburu jarri zituen: EBren mugen barruan «egonkortasuna» bermatzea; zibersegurtasunean lidergoa eskuratzea; eta segurtasuna bermatzea NATO edo NBE Nazio Batuen Erakundeak parte hartzen ez duten misioetan. «Atzerriko krisiak, garaiz konpondu ezean, harrapatu egiten zaituzte. Baina dagoeneko ez dituzu behar misilak edo armadak kalte handiak eragiteko. Industria eta erietxeak geldiarazi zenitzake zure ordenagailu eramangarriarekin, edo hauteskundeetan esku hartu telefono batekin eta Interneterako sarbidearekin», azaldu zuen Von der Leyenek. Batzordeko buruak onartu zuen azken asteetan eztabaida asko izan direla EBk beharko lukeen indar militar motaren inguruan, baina zehaztu zuen alferrik dela munduko armadarik aurreratuena izatea hura erabiltzeko prest egon ezean.

Erabakiak hartzeko, hala ere, beharrezkoa da informazioa, eta hura partekatzeko garaian EBk huts egin duela kritikatu zuen Von der Leyenek: «Ez gara inora helduko eskualde bereko estatu kideek ez badute euren informazioa partekatzen. Hobetu egin behar dugu informazioa elkarbanatzeko lanetan. Informazioa erabakiak hartzeko baliatu genezake, baina soilik argazki osoa eskuratzen badugu». Bildutako datu guzti horiek kudeatzeko elkarreraginkortasuna hobetu beharra dagoela iritzi zion Von der Leyenek, eta horretarako inbertsioak iragarri zituen Europako plataformetan, hasi gerrarako hegazkinetatik eta droneetaraino. Horrez gain, ziberdefentsarako politiken beharra ere nabarmendu zuen.

Bestelako lehentasunak ere ezarri zituen Europako Batzordeko presidenteak; horietako bat2015eko migratzaileen krisiaren antzekorik ez gertatzea. Von der Leyenek gogoan izan zituen Afganistango herritarrak, eta aipamen berezia egin zien justizian lan egin duten emakumeei, zeintzuek ezkutura joan behar izan duten espetxera bidali zituzten gizonengandik ihesi. Baina ez zuen mahai gainean jarri ihesean joandako afganiarrak Europan hartzeko aukera. Aldiz, iragarri zuen ehun milioiko laguntza emango dietela Afganistani eta haren mugakide diren estatuei, ihesean doazenei lagun diezaieten.

Migrazioetarako akordio baten beharra era azpimarratu zuen, ordea, EBko buruzagiak. Kritiko, oso kritiko, agertu zen estatu kideekin hitzarmen bat lortzeko pausoak motelak, «motelegiak» izan direlako. Bide beretik, egotzi zion Bielorrusiako Gobernuari jendea hegazkinetan sartu eta EBko mugara eraman izana, eta salatu zuen onartezina dela halakorik gertatzea. «Europa ezegonkortzeko eraso hibrido bat izan da. Baina kezkagarriena zera da, halako gertakariak ez direla bakanak. Antzekoak ikusi ditugu beste muga batzuetan, eta berriz ikusiko ditugu. Bideak aurkitu behar ditugu eraso horiei aurre egin, eta gure kanpo mugak babesteko. Baina migrazioak kudeatzeko jarrera komun bat aurkitzen ez dugun bitartean, gure etsaiek aurka egiten jarraituko dute».

Pandemia

COVID-19ak eragindako osasun krisian izandako jarrera txalotu zuen Von der Leyenek, eta nabarmendu EBko helduen %70ek dagoeneko hartua dutela koronabirusaren aurkako txertoa: «700 milioi dosi banatu ditugu estatu kideetako herritarren artean, eta beste hainbeste bidali ditugu beste 130 herrialdeetara. Hori lortu duen eskualde bakarra gara». Baina buruzagiak ohartarazi zuen pandemia ez dela esprint bat, maratoi bat baizik, eta beharrezkoa dela txertaketak azkartzea, bai EBn, baita irabazi gutxiagoko herrialdeetan ere. Hala, iragarri zuen urtero mila milioi euroko finantzaketa jasoko duela pandemiei aurre egiteko sortuko duten agentzia berriak.

Bestelako asmoak ere iragarri zituzten, eta horietako bat izan zen indarkeria matxistaren aurkako zuzentarau bat bultzatzea. Arauak helburu izango luke tratu txarrak salatu dituztenen babesa hobetzea, eta erasotzaileak auzipetzen direla bermatzea. «Beldurrik gabe bizitzea ere askatasuna da, eta, tamalez, pandemia hasiz geroztik askok ez dute askatasun hori izan». Von der Leyenek ez zuen bestelako xehetasunik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.