Lehiaren mugak zehazteko

Bidenek eta Xik bilkura telematiko batean aztertu dituzte AEBen eta Txinaren arteko harremanak gaiztotu dituzten hainbat gai. Taiwani buruz, Pekinek Etxe Zuriari eskatu dio «probokazioak» eteteko

Joe Biden AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zuriko bere bulegoan, Xi Jinping Txinako presidentearekin hizketan. SARAH SILBIGER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Txinako presidente Xi Jinpingek bi ontzi erraldoi itsaso berean nabigatzen bezala irudikatzen ditu AEBak eta Txina, eta, elkarren ondoan aurrera egiteko, garrantzia aitortu dio lema «egonkor» erabiltzeari, bi ontziek elkar jo ez dezaten. Ideia hori nabarmendu zuten munduko bi ekonomia handienetako gobernuburuek atzo goizaldean elkarrekin egin zuten bilera birtualaren ostean. Joe Biden AEBetako presidentearen esanetan, «lehia zintzoa» bermatu behar dute bi potentziek: «Txinaren eta AEBen ardura da ziurtatzea gure herrialdeen arteko lehia ez dela gatazka bihurtuko nahita edo nahi gabe». Lehia horri «mugak» jartzearen alde agertu zen.

Tentsioa baretzeko elkarrizketa saioa izan zen Biden eta Xiren artekoa, azken hilabeteetan nabarmen mikaztu baitira Pekinen eta Washingtonen arteko harremanak. Bereziki, Donald Trump Etxe Zuriko aurreko maizterraren agintaldian. Hori dela eta, agenda zabala zuten agintariek aztertzeko. Klima larrialdia, energiaren mundu osoko merkatua, COVID-19aren pandemia, merkataritza lehia, Ipar Korea, Afganistan eta Iran izan zituzten hizpide, besteak beste. Taiwan ere bai. Txinak eta AEBek uhartearekiko duten politikek giroa nabarmen gaiztotu dute azken hilabeteotan Taiwango itsasartean.

Xiren hitzetan, Taiwango independentistak eta horiei babesa ematen dietenak «suarekin jolasean» ari dira. «Txina pazientzia handikoa da, eta bateratze baketsua bilatuko du, baina Taiwango sezesionistek probokatzen badute edo marra gorria zeharkatzen badute, ekintza irmoak egin beharko ditugu».

Bidenek berretsi zuen AEBek «Txina bakarraren politika» onartzen dutela —hau da, Pekini aitortzen diola Taiwanen gaineko agintea—, baina Washingtonek «aurka egingo die statu quo-a aldebakarreko ekintzekin aldatzeko edo Taiwango itsasartean bakea eta egonkortasuna ahultzeko saiakerei».

Taiwanek bere burua gobernatu du 1949az geroztik, era independentean, eta hango gobernuak estatu subiranotzat du uhartea, baina Txinarentzat bere lurraldeko probintzia bat da. Hori dela eta, AEBei Txinaren «barne auzietan esku hartzea» leporatu izan dio, Etxe Zuriak Taiwanekin dituen harremanengatik.

Washingtonek uharteari armak saltzen jarraitzen du, eta urrian jakin zen bere armada Taiwangoarekin ariketa militarrak egiten aritu dela. Horrez gain, areagotu egin ditu harreman diplomatikoak Taipeirekin, eta ahaleginak egin ditu Taiwanek nazioarteko eremuan parte hartze handiagoa izan dezan. Txinak salatu du uhartearekiko jarrera horrek «arriskuan» jartzen duela eskualdearen egonkortasuna.

Bidenek giza eskubideen defentsarekin loturiko beste auzi batzuk jarri zituen mahai gainean. Kezka agertu zuen Pekinek Tibeten, Xinjiangen eta Hong Kongen gutxiengo etnikoei eta oposizioko sektore politikoei ezarri dizkien hainbat neurriren inguruan. Txinak, baina, «barne arazotzat» ditu horiek.

Arlo ekonomikoan, Etxe Zuriak merkataritza lehia «bidegabea» egotzi zion Pekini, eta nabarmendu zuen horrela kalte egiten diela AEBetako langileei. Txinak eta AEBek hitzartutako merkataritza ituna oso-osorik betetzearen garrantzia nabarmendu zuen Bidenek. Washingtonen esanetan, Pekin 170.000 milioi euroko gastua atzeratzen ari da AEBetan.

Pentagonoaren txosten baten arabera, Txina bere armategi nuklearra handitzen ari dela jakin zen hilaren hasieran, eta horrek ere arduratu egin du Bidenen gobernua. Informazio horien arabera, Txinak 1.000 misil nuklear baino gehiago garatu ahal izango ditu 2030. urtea baino lehen.

Politika «arrazionala»

AEBek hainbat zigor ekonomiko ezarri zizkioten Txinari Trumpen agintaldian, Tibeten, Xinjiangen eta Hong Kongen giza eskubideak urratu dituela argudiatuta. Horrez gain, presidente ohiak merkataritza gerra bat hasi zuen, presioa handitu zien Txinako enpresa teknologiko handiei eta koronabirusa munduan hedatu izanaren erantzukizuna leporatu zion Pekini.

Trumpen ostean, Etxe Zurian Txinarekiko politika aldaketa bat eragiteko eskatu zion Xik Bideni. Adierazi zion politika esparru «arrazionalera eta praktikora» eramatea espero duela, Xinhua Txinako albiste agentziaren arabera. «Esparru ideologikoan» edota «taldekako liskarretan» tematzeak nahitaez mundua «hondamendira» eramango du, Xiren iritziz. Txinako presidentearen esanetan, bi herrialdeek barne arazoak kudeatu behar dituzte, eta nazioartean dituzten betebeharrei erantzun.

Bidenek eta Xik telefonoz hitz egin dute bi aldiz aurten, baina bien arteko lehen bilera izan zen atzo goizaldekoa. Bideokonferentzia bidez egin behar izan zuten, Xik ez baitu Txinatik kanpora bidaiarik egin iazko urtarriletik, koronabirusaren pandemiaren eraginez. Bien arteko lehen bilkura adierazpen bateraturik gabe amaitu zen, Trumpen eta Xiren arteko azken bilkura —2019an— amaitu zen bezala, baina bi aldeek azaldu zuten elkarrizketa zintzoa, oparoa eta esanguratsua izan zela, eta harremanetan jarraitzea adostu zuten, maila baxuagoko ordezkarien bitartez.

Harremanetan segituko dutela iragarri izanak eta bi agintariek bileran erabili duten hizkerak aditzera eman dute litekeena dela Txinaren eta AEBen artean tentsioa apaltzea hurrengo hilabeteetan, edo, gutxienez, orain arteko gorakada geldiarazteko agertokia sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.