Frantzia eta Italia, Europako Batasuneko balantza aldatu nahian

Merkelen agurrak utziko duen abagunea baliatzeko, Macronek eta Draghik beren herrialdeen arteko lankidetza sustatzeko ituna sinatu dute. Quirinaleko Hitzarmena «historikotzat» jo dute bi agintariek

Draghi Italiako lehen ministroa eta Macron Frantziako presidentea, atzo, ituna sinatu ostean, Erroman. PAOLO GIANDOTTI / EFE.
ander perez zala
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuneko bikote historikoa Alemania-Frantzia izan da, baina baliteke oraingoan beste batek hartzea protagonismoa. Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrak politika utziko du datorren hilabete hasieran —baita hutsune bat sortu ere—, eta, haren ordezko Olaf Scholzek bere burua kokatzeko denbora beharko duela kontuan harturik, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Mario Draghi Italiako lehen ministroa abagune hori baliatzeko asmotan dira, EBn buruzagitza berri bat finkatzeko eta, bide batez, talde komunitarioko botere balantza aldatzeko. Baita azkarrago ekiteko eta, agian, gehiago xahutzeko ere. Asmo eta helburu horien erakusle bilakatu da, hortaz, bi agintariek atzo sinatu zuten Quirinaleko Hitzarmena, zeinaren bidez bi herrialdeen arteko lankidetza sustatuko duten hainbat arlotan.

Macronen eta Draghiren arteko harremanetan, elkar ulertzeak izan dira nagusi, eta interesetan eta lehentasunetan bat etorri izan dira: EBren suspertze plana martxan jartzeko lan —eta presio— egin zutenen artean egon ziren, talde komunitarioaren gastu araudiak aldatzeko asmotan dira, proiektu industrial bateratuak sustatu nahi dituzte, eta migrazioaren auzian erantzun komun bat helarazteko geroz eta pauso gehiago eman dituzte, besteak beste. Sintonia horren erakusle da Italiako lehen ministroak Frantziako presidentearekin afaltzea erabaki zuela bere urtebetetze bezperako gauean.

Agintarien profilek ere zerikusia dute horretan: bankari ohiak dira, europazaleak, erabakiak azkarrago hartzearen aldekoak—batez ere EBn—, eta beren burua «zentristatzat» dute biek ala biek. Finean, bat etortzeak askotarikoak dira, eta koordinazio hori talde komunitariora eraman nahi dute, momentum-a ez galtzeko. «[Bi herrialdeen arteko] Harremanaren momentu historiko bat da», adierazi zuen Draghik atzo, akordioa sinatzeko Erromako Quirinale jauregian egindako agerraldian. Macron ez zen gutxiago izan, eta izaera bera aitortu zion itunari.

Bi herrialdeen arteko lankidetza indartzeko hitzarmenaren oinarrian «Subiranotasun europarra» dago, eta, horretarako, harremana sustatuko dute atzerri politika, segurtasun, defentsa, justizia, hezkuntza eta kultura arloetan, esaterako. «Subiranotasun europarra bilatzeak esan nahi du guk nahi dugun Europaren etorkizuna diseinatzea, ez besteek nahi dutenarena», azaldu zuen Italiako lehen ministroak. Frantziako presidentearentzat, berriz, Paris eta Erroma bat datoz «Europa demokratikoago, subiranoago eta integratuago bat» izateko nahian, eta horren ondorio da ituna sinatzea.

Segurtasunetik migraziora

Hauek dira bi aldeek adosturiko neurrietako batzuk: hiru hilabetean behin, herrialde bateko zenbait ministrok besteko Ministroen Kontseiluan parte hartzea; «batzorde zibil bat osatzea mugaz gaindiko lankidetzarako, kontuan harturik EBn migrazio fluxuak kudeatzeko politika bateratu baten beharra» dagoela; eta segurtasun indarrak laguntzeko «unitate operatibo bat sortzea».

Bi agintariek egungo jokaleku desegonkorrari aurre egiteko pausotzat aurkeztu zuten lankidetza sustatzea. Krisi ekonomikoaz gain, koronabirusaren pandemia kudeatu behar dute, baita geroz eta erasokorragotzat duten Errusia, mehatxutzat duten Txinaren gorakada eta pixkanaka aldentzen ari den Ameriketako Estatu Batuak ere.

Hori bai, Macronek azaldu zuen akordioa ez dela erronka bat Frantziaren eta Alemaniaren arteko harremanarentzat: «Horren osagarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.