Guggenheimeko garbitzaileek patronatukideen babesa eskatu dute

Museoa diruz hornitzen duten erakunde publikoen inplikazioa eskatu dute gatazka konpontzeko. Jaurlaritza prest agertu da artekari izateko. Garbitzaile taldeak 224 egun daramatza greban

Guggenheimeko garbitzaileek atzo Bilbon eginiko manifestazioko pankarta. Casas aurrenekoa da ezkerretik hasita. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Greban dauden Guggenheimeko garbitzaileek haien lan baldintzak hobetzearen alde egitera deitu dituzte museoa diruz babesten duten erakundeak. Jaurlaritzako Enplegu Saila prest agertu da auzian artekari izateko, eta garbitzaileek onartu egin dute; baina ikusteko dago zer erantzuten duen Ferrovial garbiketa azpikontrata daraman enpresak. Langileek ilusioz hartu dute eskaintza, 224 greba egunen ondoren negoziazioa «blokeatuta» dagoelako. Halaber, museoaren jarrera salatu dute: «Ez du erantzukizuna hartu nahi izan, eta garbitzaileak modu klasista batean tratatu ditu».

Zortzi hilabete dira Guggenheim museoko garbitzaileen gehiengoak grebara jo zuela bere lan baldintzak hobetzeko. Lanaldi osoa dutenen oinarrizko soldata ez da 1.000 eurora iristen, eta lanaldi murriztua dutenena 600 eurokoa da. Jasaten duten prekaritatea eta kale garbitzaileen baldintzekiko dagoen aldea salatu dute. Gehienak emakumeak dira; kale garbiketan, berriz, gizonezkoak, eta sexu arrakala agerikoa dela uste dute: «Aurtengo KPIaren igoerarekin, bi lanen soldaten artean 10.000 euroren aldea dago», azaldu du Maite Leizegi ELA sindikatuko ordezkariak.

Garbitzaileak eta Ferrovial hainbatetan bildu dira, eta, Leizegiren arabera, multinazionalak esan du ezin dituela eskaerak bete, museoak ordaintzen duenarekin ezin duelako «irabazi tartea» mantendu. Harekin bide gutxi egin dutela ikusita, eta museoak ere atea itxi dienez, hura diruz hornitzen dutenengana jo dute garbitzaileek. Museoaren agintaritza patronatu bat da, eta kideen artean daude, besteak beste, Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia eta Bilboko Udala. Eta zenbat diru jartzen dute? Bada, iaz 11 milioi euroko ekarpena egin zioten museoari —aurrekontu osoa 24 milioikoa izan zen—, eta, ELAren informazioen arabera, aurten bikoiztu egingo dute, museoaren 25. urteurrenaren harira. «Dirutza publikoa da prekarizatzen duen museo batentzat», azaldu du Leizegik. Atzo manifestazio bat antolatu zuten haien inplikazioa eskatzeko.

Garbitzaileek ez dute ukatzen gatazka luze egiten ari zaiela, eta nekea sumatzen dute, baina ez daude amore emateko. Carmen Casas da haietako bat (53 urte, 2014tik Guggenheimen): «Inork ez digu kasurik egin orain arte, baina animoz gaude. Nekagarria da greba; luze eta astiro doa, baina ez dugu atzera egingo eskaeretan». Grebalariak azaldu duenez, museoaren jarrerak eta erakundeek albo batera utzi izanak egin die minik handiena: «Museoak eskuak garbitu ditu, eta Ferrovialek dio kontratua sinatuta dagoela. Bitartean, gu erdian gaude».

Jaurlaritzaren artekariak bere garaian hasitako negoziazioei heldu beharko die. Garbitzaileek jada apaldu dituzte eskaerak: urtean 23.800 euro eskatzen zituzten lehen, eta 21.500 eskatzen dituzte orain. Hor ezarri dute «marra gorria». Ferrovialek, berriz, asko jota 19.000 eskaini ditu, eta plusen bitartez, hots, kopuru horiek soldata oinarrian sartu gabe. Langileak, baina, ez daude onartzeko prest. Beste eskaintza bat egin diote Ferroviali, egun museoarekin duen kontratua haustea eta beste bat negoziatzea, baldintza berriekin, baina enpresak ez du onartu. Langile gehienek hamar urte baino gehiago daramate museoan, eta asko 60 urteren bueltan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.