Kieven arabera, energia azpiegiturak dituzte jomuga Moskuren erasoek

Lviv hirian herritarren herenak geratu dira ur eta argindar hornidurarik gabe. G7koek «behar beste denboraz» babestuko dute Ukraina. NATOk esan dio Putini gerra nuklear bat ezin dela irabazi

Pertsona batzuk, herenegun, Kieveko metro geltoki batean, Errusiaren aire erasoetatik babes hartzen. ANDRII NESTERENKO / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Azken hilabeteotako erasorik zabalena egin zuten herenegun Errusiako indarrek Ukrainaren kontra, eta atzo ere aire erasoen aurkako alarma hotsak entzun ziren herrialdearen luze-zabalean. Errusiak otsailean hasitako inbasioaren lehen asteetan gertatu bezala, larrialdi zerbitzuek mezu bat helarazi zieten herritarrei, ohartaraziz bonbardaketak gerta daitezkeela. Kieveko iturri ofizialean arabera, herenegungo erasoetan hemeretzi lagun hil zituzten, eta 105 zauritu.

Areagotutako erasoaldiaren harira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak herenegun esan zien herritarrei Errusiak Ukrainaren energia sistema «txikitu» asmo duela. Ukrainaren arabera, herenegungo erasoek «ezinbesteko azpiegiturak» hondatu zituzten, zehaztu gabe zer motatakoak diren. Hori bai, larrialdi zerbitzuek jakinarazi zuten 22 zentral elektriko jarri dituztela martxan, argindar hornikuntzarako. Dmitro Kuleba Atzerri ministroak azpimarratu zuen argi dagoela Errusiaren erasoen «helburu behinena» energia azpiegiturak direla.

Izan ere, Lviv hirian, esaterako, herritarren herenak ur eta argindar hornidurarik gabe geratu dira bonbardaketen ondorioz, Andri Sadovi alkatearen arabera. Lviv probintziako gobernadore Maksim Kozitskik zehaztu zuen hiru leherketa izan direla bi energia instalaziotan. Vinnitsia eta Dnipropetrovsk probintzietako gobernadoreek ere salatu zuten Errusiaren misilek instalazio elektrikoak hondatu dituztela.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak herenegun aitortu zuen Ukrainaren «ekintza terroristei» erantzuten ari zaizkiela azken erasoaldiarekin. Leherketa batek Kertxeko zubia hondatu zuen larunbatean —Krimeako anexioaren ikur den azpiegitura, alegia—, eta Kremlinek Ukraina egin du horren erantzule, Kievek halakorik onartu ez duen arren. Hori bai, gertatutakoa ospatu du.

Erasoen harira, Ukrainak laguntza militar handiagoa eskatu dio Mendebaldeari, eta EB Europako Batasunak eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak erantzun diote lagunduko diotela. G7 taldeko herrialdeetako buruak telematikoki batzartu ziren atzo Zelenskirekin, eta ziurtatu zioten behar beste denboraz lagunduko diotela. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak atzo ohartarazi zuenez, Ukrainak zenbat eta arma gehiago jaso, gatazka orduan eta «luzeagoa eta mingarriagoa» izango da ukrainarrentzat.

Errusiako presidenteak argi utzi izan du Errusiari eraso eginez gero ez duela baztertzen arma nuklearrak erabiltzea. Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak atzo esan zuen, baina, ez dela ari inor mehatxatzen, eta egotzi die «AEBei eta bere aliatuei» erretorika nuklearra erabiltzea. Jens Stoltenberg NATO idazkari nagusiak, ordea, Errusiari leporatu zion, atzo, erretorika militarra hauspotzea, eta «arduragabe jokatzea» modu horretan. «Gerra nuklear bat ezin da irabazi».

IAEAkoak, Errusian

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako buru Rafael Grossi eta Putin atzo batzartu ziren, San Petersburgon. Zaporizhiako zentral nuklearraren egoera «gero eta txarragoa eta arriskutsuagoa» dela ohartarazi zuen Grossik: «Ohiko eraso militarrek segurtasun nuklearra ere arriskuan jar dezakete». Zentralaren inguruan segurtasun eremu bat ezartzeko eskatu zuen. Inbasioa hasi zenetik izan dira bonbardaketak zentralean, eta Errusiak eta Ukrainak elkarri egozten diote horien erantzule izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.