Gerra Ukrainan

Zerealen itunera itzuliko da Putin, frogatzen badu Kievek ez duela «asmo militarrik»

Turkiak eskatu du akordioa gatazkatik kanpo uzteko. Itunaren koordinazio zentroak jakinarazi du gaur ez dela laborez beteriko ontzirik aterako Ukrainatik

Zerealez beteriko zenbait ontzi ilaran Istanbulen (Turkia), joan den urriaren 22an, noiz ikuskatuko dituzten zain. ERDEM SAHIN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Errusiak erabaki zuen larunbatean Ukrainarekin, Turkiarekin eta NBE Nazio Batuen Erakundearekin batera joan den uztailaren 22an sinatutako zerealen esportaziorako akordioa etetea, argudiatuta Kievek Errusiako armadaren ontzi batzuk bonbardatu zituela Sebastopolen, Krimean. Nolanahi ere, Vladimir Putin Errusiako presidenteak nabarmendu du ez diola itunari aterik ixten. Bi baldintza jarri ditu horretara itzultzeko, atzo Kremlinek kaleratutako ohar baten arabera. Batetik, ikertzea zerk eragin zuen Sebastopolgo «intzidentea»; eta, bestetik, bermeak edukitzea Ukrainak Itsaso Beltzeko korridore humanitarioak «helburu militarrekin» erabil ez ditzan.

Zerealez beteriko hiru zamaontzi atzo Ukrainako portuetatik atera zirela jakinarazi zuen itunaren koordinazio zentroak, baina ordu batzuk geroago iragarri zuen gaur ez dela ontzirik aterako Ukrainatik. Istanbulen du egoitza organo horrek, eta Turkiako Defentsa ministro Hulusi Akarrek azpimarratu zuen, hain zuzen, akordioa gatazkatik kanpo utzi behar dela, «ekintza soil-soilik humanitarioa» delako.

Berritzen ez duten bitartean, itunean jasotakoa azaroaren 19ra arte egongo da indarrean. Ankara lan diplomatikoa egiten ari da azken egunotan akordioari eusteko. Akar Defentsa ministroak Errusiako bere homologo Sergei Xoigurekin hitz egin zuen herenegun telefonoz, eta atzo Ukrainakoarekin, Oleksii Reznikovekin. Akarrek ohar batean nabarmendu duenez, akordioak «munduko elikadura krisia arindu du neurri handi batean», eta iruditzen zaio erakutsi duela «lankidetzak eta elkarrizketak» arazoak konpontzen dituztela. Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak jakinarazi zuen, bide batez, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Putinekin eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin hitz egingo duela «arazoak konpontzen ahalegintzeko».

Otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Kremlinek blokeoa ezarri zion zerealen esportazioari. Baina uztailean atzera hasi ziren horiek garraiatzen, eta atzo beste hiru zamaontzi atera ziren: bi Chornmorskeko portutik, eta bat Yuzhnikotik. Lehen biek 49.000 tona arto eta 22.800 tona gari daramatzate hurrenez hurren, eta Alemaniara eta Libiara bidean dira. Besteak 12.700 tona irin daramatza, eta Marokorantz doa. Itunaren koordinazio zentroak atzo emandako datuen arabera, Errusiak badaki zamaontzi horiek Itsaso Beltzean nabigatzen ari direla. Organo horrek zehaztu zuen herenegun hamalau ontzik nabigatu zutela korridore humanitariotik; horietako hamabi Istanbulera bidean ziren —han ikuskatzen dituzte ontziak—, eta bi Turkiatik Ukrainarako bidean.

Ur hornidura berrezarri dute

Kieveko ur hornidura «guztiz» berrezarri dutela jakinarazi zuen, atzo, hango alkate Vitali Klitxkok. Errusiako armadak energia azpiegiturei herenegun egindako erasoek ia guztiz eten zuten ur hornidura Ukrainako hiriburuan. Klitxkok adierazi zuen, bide batez, elektrizitate hornidura ere berrezarri dutela. Nolanahi ere, Ukrainako agintariak ari dira azken asteetan mozketak egiten, sarean gainkargak eragozte aldera. Izan ere, azkeneko asteetan Ukrainako energia azpiegiturak bihurtu dira Errusiaren erasoen helburu, eta agintariek eskatu diete herritarrei elektrizitatea «arduraz» kontsumitzeko. Kadri Simson EB Europako Batasunaren energia auzietarako komisarioarekin batzartu zen atzo Zelenski, eta esan zion Errusiaren bonbardaketek Ukrainako energia azpiegituraren %40 «larriki» hondatu dituztela; batez ere, zentral termikoak.

Gerra frontean, Dnieper ibaiaren ezkerreko ertzean dauden zibilak ebakuatzen hasi dira, Errusiak Kherson anexionatutako eskualdean duen administrazio militarrak atzo jakinarazi duenez. Azkeneko hamar egunetan ibaiaren eskuineko aldetik 80.000 bat eraman dituzte ezkerrekora, eta, azken mugimendua justifikatzeko, agintari errusiazaleek adierazi zuten Ukrainak «debekatutako gerra moldeak» erabil ditzakeela, eta, gainera, Kherson hiritik gertu dagoen zentral hidroelektriko bati eraso egiteko asmoa duela. Moskuren menpeko administrazioaren esanetan, hori gertatuko balitz, urak eskualdea estaliko luke. Kieventzat, baina, ebakuazioak deportazio behartuak dira, eta gerra krimentzat har daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.