Gerra Ukrainan

Kiev Moskurekin negoziatzeko prest da berriro, Putin agintean egonda ere

Elkarrizketa mahaian esertzeko Ukrainaren baldintza da lurralde osotasuna berrezartzea. Errusiak eta AEBek arma nuklearrez hitz egiteko bildu asmo dute azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran

Ukrainako armadako bi soldadu, atzo, Kherson eskualdean, tanke baten gainean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Ukrainan partzialki okupatutako lau eskualde anexionatu zituen Errusiak urriko aurreneko egunetan. Orduan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea esaten hasi zen inoiz ez zuela Moskurekin negoziatuko, Vladimir Putin Errusiako presidente den bitartean. Betoa jarri zion Kremlineko buruari. Baina, neurri batean behintzat, azken orduetan kendu egin dio beto hori. Anexioen aurretik zuen posiziora bueltatu da Kiev, eta adierazi du, atzera, bi baldintza bete beharko direla Moskurekin negoziatzeko: Ukrainaren lurralde osotasuna berrezartzea eta Errusiak tropak ateratzea okupatutako lurretatik.

Hori adierazi zuen atzo Oleksii Danilov Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Nazionalerako Kontseiluko idazkariak txio sorta batean. Bide batez, arma gehiago eskatu ditu: «Aire defentsa modernoa, tankeak, hegazkinak eta irismen luzeko misilak». Mikhailo Podoliak Zelenskiren aholkulariak Ukrainako irrati batean egin zioten elkarrizketa batean zehaztu zuen Errusiako tropek atera egin behar dutela are 2014an okupatutako lurretatik; alegia, baita Krimeatik ere.

The Washington Post AEBetako egunkariak duela lau egun kaleratu zuenez, AEBek Ukrainari eskatu diote negoziazioetarako prest ager dadila eta ken diezaiola betoa Putini. Podoliaki horri buruz galdetu zioten, eta ukatu egin zuen Washingtonek hori eskatu diela. Errusiako TASS berri agentziak atzo jaso zuenez, Andrei Rudenko Errusiako Atzerri ministrordeak azpimarratu zuen Kremlinek ez duela aldez aurreko baldintzarik jartzen hitz egiteko: «Bat eta bakarra da baldintza: Ukrainak borondatea ager dezala».

Eta testuinguru horretan, Errusiak eta AEBek elkarri leporatu izan diote erretorika nuklearra hauspotzea. Kremlinek esana du eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela bere lurrak defendatzeko, eta Washingtonek erantzun izan dio horren ondorioak «larriak» izango liratekeela. Bada, joan den otsailean Ukrainako inbasioa hasi zenetik aurreneko aldiz, bi herrialdeek beren arma nuklearrez hitz egiteko bildu asmo dute, Errusiako Kommersant eta Izvestia egunkariek atzo kaleratu zutenez.

START Berria itunaren barruan dira batzartzekoak. 2010ean sinatu zuten itun hori bi herrialdeek, eta bide ematen die elkarri armak ikuskatzeko. Moskuk eten egin zuen akordioa abuztuan, ez dagoelako konforme inbasioaren ondotik Washingtonek ezarri dizkion zigorrekin. Nolanahi ere, itunari berriro atea irekitzekotan da. Informazioa eman duten Errusiako bi hedabideen arabera, bilera azaro bukaeran edo abendu hasieran egingo dute. START Berriko batzarrak Genevan egin ohi dituzte, Suitzan, baina, Errusiako komunikabideek adierazi dutenez, Kremlinek eremu neutral batean mintzatu nahi du AEBekin. Horregatik, Ekialde Hurbileko herrialderen batean biltzeko asmoa dute.

AEBetako egunkariek azkeneko egunetan argitaratu dutenez, Jake Sullivan AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariak Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkari Nikolai Patruxevekin hitz egin du tarteka azkeneko hilabeteotan, eta elkarrizketa horiek tentsioa baretzea izan dute helburu; ez, ordea, su eten bat negoziatzea. Sullivanek berak herenegun aitortu zuen elkarrizketa horiek izan direla.

Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak atzo baieztatu zuen elkarrizketa bide batzuk irekita dauzkatela Washingtonekin. «Harreman puntualak ditugu AEBekin, haien parte hartzea beharrezkoa den gaietan. Prest gaude biontzako onuragarria den edozein motatako elkarrizketetarako», nabarmendu zuen atzo, Errusiako telebista batean egin zioten elkarrizketan. Hori bai, adierazi zuen elkarrizketa horiek ez dutela zerikusirik «benetako harremanekin».

Khersonen, prestatzen

Errusiak Ukrainan okupatutako Kherson eskualdeko agintari errusiazaleek atzo adierazi zuten Ukrainako armadak Errusiakoak baino soldadu gehiago dituela han. Kiril Stremusoven arabera, milaka ukrainar daude eskualdearen kanpoaldean. «Halere, Errusia aurre egiten ari zaie eraso guztiei». Gehitu du espero duela hurrengo egunetan «gertakariak amaitzea».

Bestalde, Zelenskik bi lege proposamen erregistratu zituen parlamentuan, horien bidez gerra egoera eta mobilizazio orokorra beste 90 egunez luzatzeko. Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuen egun berean, otsailaren 24an, ezarri zuen gerra egoera, eta, orduz geroztik, hirutan luzatu du; azkena, abuztuaren 15ean. Luzapen hori hilaren 21ean bukatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.