Sirian egoera «jasangaitza» dela ohartarazi dute nazioarteko GKEek

Ekialde Hurbilean 12.000tik gora dira hildakoak. Erbesteratu kurduek eskatu dute giza laguntza Kurdistango Ilargi Gorriaren bitartez emateko. Turkiako presidentea kaltetutako eremuetan izan da

Boluntarioak hondakin artean harrapatuta daudenen bila, Idliben, Siria. KARAM AL-MASRI / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun

Hirugarren gau hotza igaro dute Turkiako, Kurdistango eta Siriako herritarrek, astelehenean bi seismo bortitzek Ekialde Hurbila gogor astindu zutenetik. Dagoeneko 15.000tik gora dira hildakoak; horietatik 10.000 baino gehiago, Turkian; zaurituak 38.000tik gora dira. Siria osoan, berriz, 3.000 lagun baino gehiago zendu dira. Seismoak jazo zirenetik hiru egun igaro diren honetan, badira hondakinetatik bizirik ateratzea lortu dutenak ere; haurrak, gazteak zein helduak. Egoerak hala behartuta, Siria iparraldean lan egiten ari diren gobernuz kanpoko hainbat erakundek laguntza eskatu diote nazioarteari, egoera «jasangaitza» dela eta. Bada, Txinak iragarri du lau milioi euro pasako laguntza bidaliko diola Siriari. Aurrez, Asiako erraldoiak 5,5 milioi euroko laguntza eman dio Turkiari. Al-Assaden gobernuaren kontrolpean dauden eremuetan, lurrikarak gutxienez ia 300.000 desplazatu eragin ditu, herrialde horretako Sana albiste agentziak jakinarazi duenez. Horrez gain, 180 kanpaleku ezarri dituzte; halaber, presidentearen aurkako indarren menpeko eremuetako daturik ez dute eman.

Laguntza behar handia dute Kurdistan iparraldean ere; gutxienez 3.000 lagun hil eta 20.000 zauritu dira lurrikaren ondorioz. Datuen eguneraketari gertutik erreparatzen ari zaio, besteak beste, Alemaniako elkarte kurduak batzen dituen erakundea (KON-MED). Engin Sever erakunde horretako presidentekideak adierazi duenez, «Kurdistan eta bertan bizi diren herritarrak, hondamendi naturalen aurka jarduteaz gain, gerraren, errepresio politikoaren eta krisi ekonomikoaren aurka ere borrokan ari dira». Horiek horrela, kurduei laguntzeko eskaera egin du: «Erbesteratuok erantzukizun handia dugu. Mobilizatu egin behar dugu, eta gure jendearen ondoan egon».

Euskal Kurdu Elkarteak ere antzeko mezua kaleratu du sare sozialetan, eta eskatu du lurrikarak eragindako hondamendi humanitariorako laguntza Kurdistango Ilargi Gorria GKEari bidaltzeko, Turkiako Gobernuak kurduen inguruan duen jarrera «diskriminatzaileagatik».

Pazientzia amaitzen

Lekukoen arabera, Kahramanmaras, Hatay, Iskenderun eta Malatya (Kurdistan) hirietako egoera «beldurgarria da oso». Eta, kazetari turkiarren arabera, «herritarrak jota daude». Pazientzia ere amaitzen ari zaie askori; izan ere, hondakinen azpian harrapatuta dagoen jendearen ahotsak entzuten dituzte, baina ezin diete lagundu, erreskate taldeak ez direlako leku horietara joan.

Bien bitartean,Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan Kahramanmarasen bertan izan zen atzo goizean, hondamendiaren epizentroan, eta aitortu zuen arazo batzuk izan zituztela antolaketan, lurrikararen lehen egunean. Hori bai: Turkiako herriari «pazientzia» izateko eta «bat egiteko» eskatu zion. Era berean, ohartarazi zuen agintarien aginduei soilik erantzun behar zaiela, eta ez zaiela jaramonik egin behar «probokatzaileei», milaka pertsona kexu baitira baliabiderik ezaz eta gobernuaren erantzunaren geldotasunaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.