Mondragoneko kooperatibek berriz ere enplegua sortu dute industrian

Korporazioko industria kooperatibek 7.000 lanpostu berri sortu dituzte azken bost urteetan, horietatik 2.600 iazko ekitaldian. Taldearen salmentak %1 jaitsi dira, 11.280 milioi euroraino
Mondragon taldeko Batz kooperatibako langileak jardunean, Txinako lantegi batean.
Mondragon taldeko Batz kooperatibako langileak jardunean, Txinako lantegi batean. ZIGOR ALDAMA

Irune Lasa -

2018ko ekainak 23
Mondragon korporazioak fakturazio apalagoarekin baina enplegu gehiagorekin itxi du 2017. urtea. Kooperatiba taldearen salmentak 11.280 milioi eurorenak izan dira iaz, aurreko ekitaldikoak baino %1 apalagoak. Baina, aldi berean, langile kopuruan gorakada izan du taldeak, nahiz eta nahiko xumea izan den. 80.818 langile ditu gaur egun taldeak, aurreko urtean baino %0,7 gehiago.

Ez da makala enpleguaren datu hori, besteak beste, taldea banaketan desinbertsioak egiten ari zela, industriako kooperatibak gai izan direlako 2.691 lanpostu berri sortzeko, balio erantsi handiagoko sektorean.

Hain zuzen, enpleguak Mondragoneko industria kooperatibetan izandako ibilbidea nabarmendu du Iñigo Uzin korporazioko lehendakariak: «Azken bi urteetan 4.000 lanpostu baino gehiago sortu dira industrian».

INDUSTRIA

Mondragonen industria kooperatibek 2.691 lanpostu gehiagorekin, 37.020 langilerekin, itxi dute iazko urtea. Azpimarratzekoa da kooperatiba horiek azken bosturtekoan 7.000tik gora lanpostu sortu dituztela, «horietatik %55 gure inguruan». Mondragonen arabera, «gainera, kooperatibek ondo asmatu dute Fagor Etxetresnak itxi izanak eragindako 1.895 bazkideetatik ia guzti-guztiei enplegu irtenbideak ematen, batez ere beste lanpostu bat emanez eta aurretiko erretiroen bidez».

Alor industrialak iazko urtea 5.547 milioi euroko fakturazioarekin amaitu du, aurreko urteko kopurua %8,1 hobetuta. Hala ere, emaitzetan beherakada izan dute kooperatiba industrialek. Aurreko urtean baino %9 gutxiago irabazi dute, 233 milioi euro, «batez ere lehengaien prezioak gora egin duelako, euroaren balioaren handitzeagatik eta atzerrian plantak ireki direlako ere».

Nazioartekotzearen apustuarekin jarraitu dute iaz Mondragoneko industria kooperatibek. Dagoeneko, arloaren salmenten %70 egiten dira Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo. Filial berriak ere zabaldu dituzte iaz, Txinan, Mexikon eta Norvegian.

EZAGUTZA

Berrikuntzan ahalegina egiten ari da Mondragon, eta, gaur egun, 1.928 pertsona ditu ikerketan eta garapenean lanaldi osoz jardunean taldearen hamabost teknologia zentroetan eta I+G unitateetan. Produktu eta zerbitzu berrien salmentak 255 milioi eurora iritsi dira iaz, eta Mondragonek indarrean dituen patente familien kopurua 498 da.

BANAKETA

Langile gehien banaketaren alorrean ditu Arrasateko korporazioak: 40.368 pertsona. Eroskiren eta Erkop elkartearen salmentak 5.733 milioi eurorenak izan dira iaz, aurreko urtekoak baino zertxobait txikiagoak. Jaitsira horren zati handi bat, dena den, Eroskik bere dendetan egindako desinbertsioak esplika dezake. Iazkoa, irabazietan behintzat, datu positiboetara itzultzeko urtea izan da Eroskirentzat, 33,2 milioi euroren etekinekin.

FINANTZA

Laboral Kutxak ere mozkinak hobetu egin ditu iaz, %9,1 gehiago irabazita, hots, 121,4 milioi euro. Era berean, entitateak hobetu egin ditu bere errentagarritasuna (%7,5) eta bere berankortasun ratioa (%5,9), likidezia eta kaudimen ratio zabalei eutsiz.

Lagun Aro Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak 27.986 mutualista aktiborekin eta 6.477 milioi euroko ondare funtsarekin itxi du 2017a.

Iñigo Uzinek Mondragon taldeak azken urteetan egindako inbertsioak azpimarratu nahi izan ditu korporazioaren iazko emaitzen harira. Azken bosturtekoan 1.963 milioi euroren inbertsioak egin ditu korporazioak. Iaz, zehazki, 451 milioi eurorenak izan dira, eta horietatik 169 milioi ezagutzaren arloa indartzera joan dira.

Urteko lehen hilabeteetako bilakaera ikusita, aurtengo ekitaldian ere gorantz egingo duela uste du Mondragon taldeak. «Gizarteari gure aletxoa eskaintzen diogu oraindik ere. Jakin badakigu etorkizuna erronkaz josita izango dugula, eta horiek proban jarriko dituztela gure gaitasunak, baina konfiantza osoa dugu gure ereduan, eta, gure pertsonen ekarpenari esker, gizarte hobea eta bidezkoagoa sortzen laguntzen jarraituko dugu», esan du Mondragoneko Kontseilu Nagusiko lehendakariak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna