Erdoganen neurriko Turkia

Bozak lehen itzulian irabazita, presidente izaten segituko du, eta eredu presidentzialista ezarriko du. Muharrem Ince oposizioburuak emaitzak onartu ditu, baina ohartarazi du aro «arriskutsua» datorrela

Igor Susaeta -

2018ko ekainak 26
Presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzulia egin zuten herenegun Turkian, eta Recep Tayyip Erdoganek eta bere alderdiak ez zuten hutsik egin. Presidente izaten jarraituko du —bost urterako agintaldia da—, eta AKP Justizia eta Garapena Alderdiak parlamentuan gehiengo osoa edukitzen segituko du, MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiaren laguntzarekin. Inkesten arabera, Muharrem Ince CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoaren presidentegaiak bigarren itzulia behartu ahal izango zuela zirudien, baina ez zen hala gertatu, Erdoganek botoen %52,6 pilatu baitzituen aurrenekoan. Hauteskunde egunean iruzur salaketak egin zituen arren, hautagai sozialdemokratak emaitzak onartzen zituela adierazi zuen atzo. «Botoak lapurtu zituzten? Bai. Hamar milioi boto lapurtu zituzten? Ez», nabarmendu zuen. Izan ere, hamar milioi pasa botoko aldea egon da bi hautagaien artean. Erdoganek 26,3 atera zituen, eta 15,3 Incek.

Beraz, Erdoganek bere neurriko herrialde bat eraiki ahal izango du: Turkia «berri bat», bere hitzetan. Iazko apirilean, erreferendum bidez, herritarrek konstituzioan erreformak egitea onartu zuten, eta, horrenbestez, presidenteak sistema presidentzialista ezarri ahal izango du —1994tik 1998ra Istanbulgo alkate izan zen, 2003tik 2014ra lehen ministro, eta orduz geroztik, presidente—. Lehen ministro kargua kenduko du, eta, hortaz, estatuburu eta gobernuburu izango da, biak batera. Edukiko du ahalmena dekretu bidez gobernatzeko, kontrol mekanismorik gabe apenas, eta ministroak izendatuko ditu, Auzitegi Konstituzionaleko kide gehienak, baita Epaileen eta Fiskalen Kontseiluko kideen erdiak ere.

Inceren esanetan, Turkia aro «arriskutsu batean» sartuko da. «Balio demokratikoekin eta sistema parlamentarioarekin zituen loturak eten ditu. Gizon baten erregimenaren pean gaude», salatu zuen. «Turkiak ezin du bizirik iraun Erdoganekin eta bere mentalitatearekin. Gure arazoen jatorrian dago, eta ezin da irtenbidea izan».

Erdoganek, ordea, «iraultza demokratikoa» egiten ari dela azpimarratu zuen bozkatu zuenean. Eta, ordu batzuk geroago, emaitzen berri eduki zuenean, azpimarratu zuen «demokrazia» dela hauteskundeen garailea: «Herrialde askotan ez da egoten gaur [herenegun] egon den parte hartzearen erdia ere». Azkeneko hamarkadako hauteskundeetan %80aren bueltakoa izan da, eta atzo, % 87koa.

«Zapalduen defentsan» jokatzen duela dio Erdoganek. Mezu hori zabaldu du azkeneko urte hauetan guztietan. Hizkuntza sozialki kontserbadorea darabil —AKP 2001ean sortu zuen alderdi islamista da—, eta haren agindupean herrialdeak bizi izan duen hazkunde ekonomikoa aldarrikatzen du. Errepideak eraiki ditu, eta zubiak, aireportuak, eskolak, ospitaleak... Haren jarduna gero eta errepresiboagoa izan da, ordea, giza eskubideen urraketari dagokionez. 2016ko uztailean haren kontra izandako estatu kolpe saiakeraz geroztik, larrialdi egoera dago indarrean herrialde osoan —«laster» kenduko duela agindu du—, eta, oposizioa isilarazteko, 50.000 bat lagun atxilotu ditu; beste 100.000 ikerketapean daude, eta 150.000 inguru lan publikoetatik kanporatu dituzte.

78 emakumezko 600dik

MHP eskuin muturreko bazkideak xaxatuta, hauteskundeak urte eta erdi aurreratu ditu, eta sistema presidentzialista guztiz ezarri. CHPkoen ustez, bozen aurrerapenak kalte egin die, baita Erdoganek ia hedabide guztien gain duen kontrolak ere. Dena den, alderdi kemalistak inoizko emaitzarik onenak lortu ditu parlamenturako bozetan, eta %30eko langa gainditu. Erdoganen asmoak oztopatzeko ahaleginean, CHPekoek pentsatzen zuten presidentearen alderdiak eta bere koaliziokideak ez zutela gehiengorik lortuko legebiltzarrean; itxaropen hori zuten. Baina 600 eserlekutatik 344 bereganatu dituzte. 600 diputatu horietatik 78 soilik dira emakumezkoak.

Botoen %12a lortuta, HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa ezkerreko alderdien koalizioak —kurduak dira nagusi— ere lortu du ordezkaritza ganberan. Selahattin Demirtas zen presidentegaia, eta nabarmendu du «arrakasta handia» dela parlamentuan egotea. PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotura duelakoan —Turkiak talde «terroristatzat» du—, 2016ko azarotik dago behin-behineko kartzelaldian. «Beste hautagai batzuek 100 mitin egin zitzaketen bitartean, nik 100 txio bidali ahal izan ditut», salatu du Demirtasek.

Bitartean, nazioarteak oro har Erdogan zoriondu du. Hura kexu da EB Europako Batasunak Turkiari klubeko kide izateko jartzen dizkion baldintzengatik. Europako Batzordeak adierazi du, baina, lankidetzari eustea espero dutela. Alemaniak esan du harreman «eraikitzaileei» eutsi nahi diela, eta Errusiak, berriz, emaitzak Erdoganen «prestigioaren» isla direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna