Ke zuria gobernu krisian

Alemaniako kantziler Angela Merkelek eta Barne ministro Horst Seehoferrek akordioa lortu dute migrazioaren inguruan. Austriarekin duten mugan «igarotzeen zentro itxiak» sortzea adostu dute
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, atzo, parlamentutik atera ostean.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, atzo, parlamentutik atera ostean. ALEXANDER BECHER / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko uztailak 3
Alemaniako Barne ministro eta CSU Batasun Sozial Kristauko presidente Horst Seehoferrek eragindako gobernu krisia, oraingoz, amaitu egin da, bi eguneko eta gaueko negoziazio amaigabeen ostean. Hori iradoki zuen politikari beteranoak atzo, azken orduan Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin migrazioaren inguruko akordioa lortu zuela jakinaraztean. Hamaikagarrenez batzartu ziren bi agintariak Barne ministroak migrazioaz dituen desadostasunak konpontzen saiatzeko, eta, Berlingo bileratik ateratzean, CSUko presidentea pozik agertu zen lorturiko emaitzarekin. Dimititzeko mehatxua egin zuen herenegun, baina atzo karguan jarraitzeko nahia adierazi zuen hedabideen aurrean, akordioa lortu ostean. Ondoren mintzatu zen Alemaniako kantzilerra hedabideen aurrean, eta hura ere pozik agertu zen akordioarekin: «Borroka gogor baten ostean, konpromiso on bat lortu dugu. EBren elkartasun izpirituari eutsiko dio, eta, aldi berean, pauso erabakigarri bat emango dio bigarren mailako mugimenduekiko kontrolera begira».

Borondatea oinarri duen migrazio akordio bat egin zuten joan den astean EB Europako Batasuneko liderrek: nahi duten estatuek migratzaileak atxikitzeko «zentro kontrolatuak» egin ahalko dituzte, eta horiek Bruselak kudeatuko ditu. Bilera hori erabakigarria izan zen Merkelentzat etxean zuen gobernu krisiari begira. Izan ere, Seehoferrek hamabost eguneko epemuga eman zion Alemaniako kantzilerrari migrazioaz EBko estatu kideekin akordioren bat adosteko, eta herenegun amaitu zen epe hori; Barne ministroarentzat, ordea, EBko gobernuburuek eta estatuburuek lorturiko akordioa ez zen «nahikoa», eta erasoaldiarekin jarraitzeko asmoa berretsi zuen herenegun. Atzo lorturiko adostasunarekin, ordea, Alemaniaren eta Austriaren mugako «legez kanpoko migrazioarekin» amaitzeko irtenbidea lortu dutela adierazi zuen Alemaniako Barne ministroak: «Merezi du borrokatzea». Gobernu koalizioko bi alderdi, Seehoferren CSU eta Merkelen CDU Batasun Kristau-Demokrata, EBko beste estatuetan erregistratu dituzten errefuxiatuak nola tratatu behar dituzten aztertu zuten atzoko bileran.

Alemaniako hainbat hedabidek zabaldutakoaren arabera, Alemaniaren eta Austriaren arteko mugan «igarotzeen zentro itxiak» sortzea adostu zuten atzo bi agintariek, EBn dauden migratzaileak prozesatzeko. Zentro horietan, aztertuko dute asilo eskatzaile bakoitzaren egoera eta, Alemanian sartzeko baldintzak beteko ez balituzte, euren jatorrizko herrialdera bidaliko lituzteke. «Bigarren mailako migratzaileak» balira, EBn sartu zirenean zapaldu zuten lehen herrialdera bidaliko lituzteke.

Neurri horiek, beraz, egokitzat jo ditu Alemaniako kantzilerrak, eta urteotan muga irekiak izateko haren estrategia ez duela oztopatzen iradoki zuen atzo. Ez zegoen argi, ordea, koalizioko hirugarren alderdiak, SPD Alderdi Sozialdemokratak, adosturikoa onartuko zuenik; atzo ziren biltzekoak, eta erabakiaren berri eman lezakete gaur. Beraz, Seehoferrek krisiari amaiera eman zion arren, ikusteke dago orain SPDk eragingo ote duen beste bat.

Krisi politikoa behin-behinena amaitu da, baina Seehoferrek sinesgarritasun politikoa galdu du bidean. CDUk argi utzi zuen atzo ez zuela onartuko inoren «xantaiarik», eta beti egon zen prest negoziazioetan adostasun batera heltzeko. Egun osoan zehar, batasunerako deia egin zuten gobernuko alderdiek zein hainbat politikari ohik, bi aliatu historikoen harremana oinarri hartuta.

Gobernu koalizioko alderdiak Merkelekin lerrokatu ziren egunotako krisian, eta Seehoferren alderdiak berak frogatu zuen Barne ministroaren erabakia pertsonala izan zela, eta ez zuela CSUren buruzagitzaren babesik. Bavariako presidenteak, Markus Soder CSUkoak, atzo goizean argitu zuen, lerro artean bada ere, gobernu koalizioa ez zegoela Seehoferren erabakiaren eta mehatxuen gainetik: «Argi dugu honakoa: gobernuaren egonkortasuna ez dago zalantzan. Dibortzioa ez da bide egokia». Erwin Huber CSUko buruzagi ohiak ere ideia horri heldu zion, eta adierazi zuen alderdiak ez zuela koalizioa utziko, egungo Barne ministroak dimisioa aurkeztuko balu ere.

Koalizioko hirugarren alderdia ere bide beretik mintzatu zen akordioaren berri izan aurretik. SPDko presidente Andrea Nahlesek kritikatu zuen Alemaniako Barne ministroak sorturiko krisia, eta koalizioa mantentzearen alde egin zuen. Ordea, bi alderdiei ohartarazi zien «kaosak» ez zuela gehiago iraun behar, eta ohartarazi zien atzo bertan lortu behar zutela akordioa: «Prest gaude gobernu koalizio honekin jarraitzeko, baina zer edo zer gertatu behar da CDUren eta CSUren artean, gure pazientzia bere mugara iristen ari da».

Bi alderdiek epemuga hori bete zuten arren, ikusteke dago SPDk akordioa begi onez ikusiko ote duen.

200 hil dira asteburuan

Joan den asteburuan 200 bat migratzaile hil ziren Mediterraneoan, Europarako bidean zirela, eta beraz, aurten mila baino gehiago dira kontinente zaharrea bidean hildakoak.

Urtarriletik ekainera, Libiako kostazainek 10.000 pertsona salbatu dituzte itsasoan, eta Libiara eraman. Bien bitartean, Italiako Gobernuaren jarrerak polemika sortu du egunotan, hainbat itsasontziri porturatzea debekatu baitie, tartean Aquarius eta Lifeline ontziei. Eztabaida horren tartean, Espainiak eta Frantziak erakutsi dute konpromiso gehiena, batez ere Pedro Sanchezen gobernuak, bere gobernuak herritarrei eta EBri keinuak egin behar dizkiela jakitun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna