Alemaniako migrazio akordioak zalantza gehiago sortu ditu irtenbideak baino

Neurriak indarrean sartzeko, Merkelek gobernu koalizioko SPDren eta Austria bizilagunaren oniritzia behar du. 'Schengen'-en geroaz ere eztabaida piztu du
Sebastian Kurz Austriako kantzilerra eta Angela Merkel Alemaniakoa, joan den astean, Europar Kontseiluaren bileran.
Sebastian Kurz Austriako kantzilerra eta Angela Merkel Alemaniakoa, joan den astean, Europar Kontseiluaren bileran. STEPHANIE LECOCQ / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko uztailak 4
Alemaniako kantziler Angela Merkelek eta Barne ministro Horst Seehoferrek migrazioaz adosturiko akordioak ke zuria piztu zuen gobernu krisian, baina lasaitasun egoera horrek gutxi iraun lezake. Merkelen alderdiak, CDU Batasun Kristau-Demokratak, eta Seehoferrenak, CSU Batasun Sozial Kristauak, oniritzia eman zioten Alemaniak Austriarekin duen mugan «igarotze zentro itxiak» sortzeari, baina, gaur-gaurkoz, neurria indarrean sartzeko ekuazioan bi aldagai falta dira: etxean, koalizioko hirugarren alderdia, SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata, eta, kanpoan, Austria bizilaguna.

Merkelek eta Seehoferrek zail izango dute SPDren eta Vienaren baiezkoa lortzea. Alderdi Sozialdemokratak «azalpenak» eskatu zizkien atzo CDUri eta CSUri akordioaren inguruan, 2015ean antzeko neurri bati ezezkoa eman baitzioten; alegia, sozialdemokratek argitu nahi dute desberdintasunik ote dagoen duela hiru urteko eta egungo neurrien artean. Merkelek eta Seehoferrek adosturiko zentroak Alemaniaren eta Austriaren arteko mugan kokatuko lirateke, eta, akordioan zehaztu zutenez, Vienarekin adostuta soilik egingo lukete. Eta, Sebastian Kurz Austriako kantzilerrak atzo adierazitakoaren arabera, ez dirudi akordioak etorkizun oparoa izango duenik.

Hil honetatik urte bukaerara arte, Austria izango da EB Europako Batasuneko Kontseiluaren presidentea. Kurz Europako Parlamentuan izan zen atzo, eta gogorarazi zuen Austriak «aldaketa pragmatiko bat» lortu nahi izango duela migrazioaren auzian bere presidentetzak iraun bitartean: «Migrazio politika aldatu behar dugu, eta arreta jarri kanpo mugak babestean». Hitz horiekin, Austriako kantzilerrak argi utzi zuen ez zetorrela bat Alemanian adostu den akordioarekin, eta nahiago duela EBren kanpo mugetan arreta jarri, EBren barruko mugetan beharrean; baina ez zuen guztiz baztertu Alemaniaren bide berari jarraitzea. Izan ere, Bruselako saioaren aurretik, Austriako Gobernuak iragarri zuen bere hegoaldeko muga, Italiarekin duena, «babesteko neurriak prestatzen» ari dela, Alemaniako Gobernuak «migrazio fluxuei aurre egiteko neurri nazionalak» hartuko dituela jakin ostean. Eta gogorarazi zuen herenegungo akordioa Berlinen «jarrera ofiziala» bilakatzen bada prest izango dituela bere «herritarrak eta Austria desabantailan ez izateko» neurriak.

Horrez gain, Merkelek Seehoferrekin adosturiko akordioak bat egin beharko du Europar Kontseiluak joan den ostiralean harturiko erabakiarekin. Borondatea oinarri duen migrazio akordio bat adostu zuten EBko liderrek: nahi duten estatuek migratzaileak atxikitzeko «zentro kontrolatuak» egin ahalko dituzte, eta horiek Bruselak kudeatuko lituzke. Oraingoz, badirudi Alemaniako akordioak ez dituela Europako legeak urratzen, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak atzo iradoki zuenez; ez da, ordea, behin betiko jarrera: «Begiratu batean, EBren legeekin bat egiten du, baina oraindik ez dut zehatz aztertu. EBren zerbitzu legalak arduratuko dira».

Bien bitartean, Alemaniaren eta Austriaren arteko mugan, alegia, Schengen eremua-n bertan mota horretako zentroak sortzeak eztabaida piztu du, zentroen izaerarengatik —asilo eskatzaileen estatusa aztertuko lukete, eta herrialdetik botatzeko aukera izango lukete—, baina batez ere eremuak ahalbidetzen duen mugimendu askatasunaren kontra egiten baitu neurriak. Eta, auzi horretan, domino efektuaren arriskua sortu zuten Kurzek atzo eginiko adierazpenek.

Gobernu akordioa

Kritikak kanpoan ugaritzen ziren bitartean, etxean bertan ere antzeko mezuak entzun behar izan zituzten Merkelek eta Seehoferrek. Gobernu koalizioko hirugarren alderdiak, SPDk, gogorarazi zuen mota horietako zentroak ez zeudela adostuta gobernu koalizioan, eta, beraz, CDUk eta CSUk akordioa «zehatz azaldu beharko» dutela.

Zeregin horri begira, alderdiko presidente Andrea Nahlesek ez zuen presarik adierazi, eta «presiorik gabe» lan egiteko deia egin zien Merkelen eta Seehoferren alderdiei. Gobernu koalizioko hiru alderdiak atzo bildu ziren, eta Nahlesek adierazi zuen «aurrerapausoak» eman zituztela, baina oraindik ez zegoela hiruko akordiorik. Bihar gauerako jarri dute hurrengo hitzordua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna