LABek dio «hautsita» daudela ELArekiko aliantzarako harremanak

Aranburuk uste du LAB grebetan ez dagoela dioen argudioa «gezurra» eta «aitzakia bat» direla. Amaitzear dagoen ikasturtean 120 borrokatan hartu du parte LABek, eta erdietan greba egin zen

Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburu, atzo, Bilboko egoitzan eskainitako prentsaurrekoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

LAB ez dago grebetan. ELAk argumentu hori behin eta berriro erabili izan du LABekiko aliantza estrategikoa bideratzeko trabez hitz egiteko orduan. Baina argumentu horri buelta eman nahian, LABek txosten bat aurkeztu zuen atzo, amaitzear dagoen ikasturtearen balantzea egiteko aprobetxatuz. Horren arabera, joan den irailetik 120 borrokatan parte hartu du sindikatu abertzaleak, eta horietatik 64tan greba ere egin dute langileek. Irailean abiatutako gatazketatik 85 itxita daude egun, hau da, borroken %71, eta sindikatuak ontzat jo ditu horien emaitzak. Gatazka horien %22 sektore feminizatuetan izan dira.

Datu horiek eskuan, Aranburuk esan du ELAk erabiltzen duen argudioa «gezurra» dela, eta «aitzakia bat» LABekiko aliantzan ez sakontzeko. Arlo horretatik, bi sindikatuen arteko harremanak apurtuta daudela onartu du, «eta ez dirudi hobetuko direnik, ez behintzat hauteskunde sindikalak igaro arte». Beraz, Aranburuk uste du hauteskunde sindikalak izan daitezkeela ELAk aliantza hori nahi ez izateko arrazoia.

Hala ere, Aranburuk onartu du aliantza hori «inoiz baino beharrezkoagoa» dela. Areago, autokritika egin du, bi sindikatuek ez dutelako lortu aliantza hori erdiestea: «Gaur egungo egoeran ezin da ulertu nola ez dugun harreman horretan sakontzen; aliantza hori beharrezkoa dute egun langileek patronalari aurre egin eta erakundeetara euren ahotsa iristeko». Baina ez da halakorik iritsi.

Aranburuk ez daki aliantza posible izango den behin hauteskunde sindikalak igaro ostean, baina beharrezkoa dela aldarrikatu du. Sinergia hori ez baita alor sindikalera bakarrik mugatzen. ELAk eta LABek Hego Euskal Herrirako prozesu subiranista bat abiatzeko proposamena aurkeztu zuten joan den irailean, eta, LABen arabera, ELAk ez du ildo horretan sakondu nahi izan: «Hala ere, badago prozesu horren beharra oraindik ere».

Bat egin, behar den lekuan

Aliantza lortzea oraingoz posible izan ez bada ere, Aranburuk aurreratu zuen bi sindikatuek bat egiten jarraituko dutela hainbat borrokatan. «Helburuek eta borroka moduak bat egiten dutenean, bat egingo dugu ELArekin, beste sindikatuekin bat egiten dugun moduan». Hala ere, onartu zuen aliantza batek borroka horiek gehiago indartuko lituzkeela. Baina oraingoz beste biderik ez dago.

Bi sindikatuen arteko harremanak hotz daude, baina idazkari orokorrak azaldu zuen gaur-gaurkoz LAB oraindik ere kontrabotereko sindikatu bat dela, haren ustez borrokaren beharra gero eta handiagoa delako. Alde horretatik, ekintza sindikala indartu eta berritu dute LABen, «prekaritateari negoziazio kolektiboaren estatalizazioari eta laneko ezberdintasunari aurre egiteko». Testuinguru horretan ere aztertu behar dira atzo eman zituzten gatazken datuak. Horren arabera, sindikatuak sektore mailako 33 borrokari egin zien aurre Euskal Herri osoan, eta enpresaz enpresako 87 gatazkari.

Eusko Jaurlaritzari «negoziazio erreal» bat eskatu dio LABek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.