Errepublika egiteko «nahia» berretsi dute Kataluniako indar subiranistek

CUPek aurkeztu du ebazpena. 2015ean onartu eta Konstituzionalak indargabetutako testuaren «helburu politikoak» ditu oinarrian. Independentzia lortu nahi dutela esango dio Torrak Sanchezi

Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea azalpenak ematen, atzo, Parlamentuan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Kataluniako indar subiranistek mezu bat helarazi nahi izan diote Pedro Sanchezi, Espainiako Gobernuko presidentea Quim Torra Generalitatekoarekin batzartu bezperan. JxC Junts Per Catalunyak, ERC Esquerra Republicanak eta CUPek ebazpen proposamen bat onartu zuten atzo Kataluniako Parlamentuan, eta, testuak dio errepublika gauzatzeko borondatea dutela. Antikapitalistek hauspotutako ebazpena da, eta 2015eko azaroaren 9an legebiltzarrak aurrera ateratako proposamenaren «helburu politikoak» ditu oinarrian. Proposamen haren bidez eman zioten hasiera, hain zuzen, prozesu subiranistari, nahiz eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen ondoren testu hura. Horregatik beragatik, ebazpen berria ez tramitatzea aholkatu zuten, atzo, Parlamentuko abokatuek. Ganberan eztabaidatu eta bozkatu zuten, ordea. Eta Torrak saioan nabarmendu zuenez, astelehenean Sanchezi aurrez aurre esango diona da independentzia «gauzatzeko» asmoa dutela.

Dena dela, prozesuarekin aurrera egiteko orduan subiranistek haien artean dituzten desadostasunak geratu ziren agerian atzoko saioan. Azken hilabeteotan erakutsitako jarrerari eutsi zion ERCk, eta Sergi Sabria errepublikanoen talde parlamentarioaren presidentearen ustez, 2015eko testu bat bozkatzeak esan nahi du aurrera egiteari «uko egin» nahi diotela. Azpimarratu zuen «gauza asko» gertatu direla 2015etik gaur egun arte , baina «keinu sinboliko bat» iruditzen zaiola ebazpena, eta «eraginkorra» ez dela. «Irabaziko dugu, baina ez 2015eko gauza bat bozkatuz».

Espainiatik deskonektatzeko eta errepublika sortzen hasteko borondatea adierazi zuen legebiltzarrak, duela ia hiru urte onartutako testuan. Atzo eztabaidatu eta bozkatutako proposamenari bi data mugarri gehitu dizkiote: iazko urriaren 1eko erreferenduma eta abenduaren 21eko hauteskundeak. Subiranisten iritziz, 2015ean onartutako ebazpena «legitimatzeko» balio dute bi egun horietako emaitzek. Proposamenak eskatzen dio gobernuari 90 egunen buruan aurkez dezala plan bat, aurreko legegintzaldian onartu eta Konstituzionalak bertan behera utzitako hamalau legeak berreskuratzeko; eta sei hilabeteko epean aurkez ditzala horretarako lege proiektuak.

JxCren izenean, Josep Costa Parlamentuko Mahaiko lehen presidenteordeak hartu zuen hitza eztabaidan, eta azpimarratu zuen ezin diotela «uko egin» haien legeekin beraiekin gobernatzeari. Eta Vidal AragonesCUPeko parlamentariaren hitzetan, ebazpena «apustu politiko garbia» da, Konstituzionalaren jarrera «errepresiboaren» gainetik parlamentuaren subiranotasuna gailendu dadin.

Ciutadans, PSC eta PPC alderdi unionistek ez zuten ebazpenaren puntu bakar bat ere bozkatu, eta Catalunya en Comuk kontra bozkatu zuen subiranistek independentzia helburu dutela berresten duten puntuan, eta alde, berriz, hamalau legeak berreskuratzeko lege proiektuak aurkeztu behar direla dioen puntuan.

Inpugnazio eskaerak

Tentsio uneak bizi izan ziren saioan, eta Ciutadansek eta PPk eskatu zioten Mahaiari ebazpena ez zezala onar tramiterako. Ciutadansek, gainera, proposamena Konstituzionalean inpugnatzeko eskatu dio Sanchezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.