Azkenean gustura joan da

Trumpek adierazi du NATOko kideek defentsarako gastua handituko dutela, baina aliatuek gezurtatu egin dute hori adostu izana. Erakundeak uste du «indartuta» atera direla egunotako goi bileratik
Donald Trump AEBetako presidentea atzoko prentsaurrekoa amaitzean, kazetariak agurtzen.
Donald Trump AEBetako presidentea atzoko prentsaurrekoa amaitzean, kazetariak agurtzen. CHRISTIAN BRUNA / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko uztailak 13
Bigarren egunean ez zen lehenengoan baino gutxiago izango. Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen goi bileraren lehen egunean egin bezala, arreta bereganatzeko lanetan izan zen atzo ere, azken orduko agenda aldaketa bat behartuz: eztabaidagaien zerrendan ez zegoen arren, Defentsarako gastuari buruzko kexak berriz ere mahai gainean jartzea lortu zuen Trumpek, bigarren egunez jarraian, eta gainontzeko 28 estatuburuak eta gobernuburuak ezohiko bilera bat egitera behartu zituen —Ukrainari buruzko eta, beraz, Errusiaren eraginari buruzko bilera eten zuen horretarako—. Izan ere, AEBetako presidenteari interesatzen zaion gai bakarra hauxe da: herrialde bakoitzak NATOri bideratzen dion gastua. Herenegun, betetzea ezinezkoa den eskari bat egin zien gainontzeko kideei: BPG barne produktu gordinaren %4 defentsarako erabil dezatela. Ordea, badirudi bide motza egin duela proposamenak, eta prentsaurrekoan adierazi zuen gastua handitzera konprometitu zirela erakundeko kideak, eta horrekin gustura zegoela.

Betiko kontua da: AEBetako presidenteari kostata egiten zaio bereiztea bere nahiak eta errealitatean gertatuko dena. Horren adibide da duela gutxi Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak petrolio ekoizpena handituko zuela adierazi izana, Saudi Arabiak horixe bera ziurtatu ziolakoan, nahiz eta gero jakin zen gezurra zela. Eta atzo amaitu zen goi bileran gauza bera gertatu zen: Trumpen adierazpenen ostean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak, esaterako, gezurtatu egin zuten ados jartzea lortu zutela. «Ez dakit neurri egoki bat den eta gure segurtasun kolektiboarekin bat datorren, baina ez da egia», adierazi zuen Macronek. Conte bide beretik mintzatu zen: «Gure gobernuak aurrekoaren konpromisoak errespetatuko ditu. Beraz, ez dugu gastua handituko». Alegia, Trump bere gustuko errealitatea sortuta joan zela Bruselatik.

Dena den, BPGaren %4 defentsarako erabiltzea ezin da aldebakarreko erabakia izan, agintariek etxeko ganberen baimena behar baitute aldaketa hori egiteko. Eta NATOko kideek nahikoa zailtasun izango dituzte 2014an finkaturiko helburura iristeko, BPGaren %2ra. Aurreikuspenen arabera, hamabost herrialdek soilik lortuko dute zenbaki hori bideratzea 2024rako. Aurten, 29 estatuetatik bostek izango dute gastu hori —AEBak, Greziak, Estoniak, Erresuma Batuak eta Letoniak—, eta beste hiru kopuru horretatik hurbil izango dira —Polonia, Lituania eta Errumania—, NATOren datuen arabera.

«Ulertzen dugu amerikar presidente hau oso serios jartzen dela defentsa gastuaren inguruan, eta horrek eragin handia duela. Indartuta atera gara egunotako eztabaidetatik», adierazi zuen NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, Trumpen hitzei aurre egin nahian. Une berean, argitara atera zen Trumpek NATOko aliatuei eskatu ziela %2ko helburua 2019ko urtarrilerako betetzeko, hori egin ezean AEBak «beren aldetik» joango zirelako.

Erresuma Batuan da

NATOren goi bileran arreta bereganatu ostean, Erresuma Batuan da jada Trump, igandera arte iraungo duen bisita egiteko. Theresa May lehen ministroarekin eta Isabel II.a erreginarekin batzartuko da, besteak beste.

Arreta bereganatzeko planak, ordea, ez dira Bruselan amaitu. Brexit-erako Liburu Zuria AEBetako presidentea iritsi aurretik atera zuen argitara Mayk, eta Trumpek aukera baliatu zuen beste behin ere arreta harengan jartzeko, adierazi baitzuen edukiak «ez zuela bat egiten britainiarrek bozkatu» zutenarekin. «Uste dut asko maite nautela han», gaineratu zuen, bere ohiko konfiantzaz.

Erresuma Batuko bisitaren ostean, sona handia izaten ari den bilera bat izango du Helsinkin Vladimir Putin Errusiako presidentearekin. Astelehenean izango da, eta gai asko izango dituzte mahai gainean, tartean Siriako gatazka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna