Gau bateko drama politikoa

Turnbull kargutik bota, eta Morrison izendatu dute Australiako lehen ministro, alderdikideen barne matxinada baten ostean. 11 urtean sei politikarik hartu dute kargu hori
BERRIA

Ander Perez Zala -

2018ko abuztuak 25
Australiak «segurua» izaten jarraitzea eta ekonomiari «indartsu» eustea dira Scott Morrisonen helburuak, baina ziurrenik zera dago ideia horien atzean, Ozeaniako herrialderik handienaren azken hamarkadako joera politikoari aurre egiteko nahia: boterean irautea, agintaldi osoa betetzea. Australiako lehen ministro berria —Alderdi Liberalekoa eta eskuindar petoa— boterera iritsi zen atzo, haren alderdikideek Malcoln Turnbull kargutik botatzeko barne matxinada bat egin ostean. Barne desadostasunak eta barne erronkak ez daude sobera Australiako politikan, izan Alderdi Laboristan edo Alderdi Liberalean, ia 11 urtean sei politikari izan baitira lehen ministro —Turnbull bera ere barne matxinada baten ostean iritsi zen boterera, 2015. urteko irailean—. Hala eta guztiz ere, ez dirudi gatazka politikoa amaitu denik, Turnbullek jakinarazi baitu Ordezkarien Ganberatik ere joango dela; erabaki horren ondorioz, Alderdi Liberalaren gobernu koalizioak gehiengo osoa galduko luke —Queenslandeko Alderdi Liberal Nazionala eta Australiako Alderdi Nazionala ditu gobernukide, biak eskuinekoak—.

Atzo arte lehen ministro zenak barne bozketa batera deitu zituen alderdikideak, gobernu krisia amaitzeko helburu argiarekin. Asteartean iragarri zuen ez zela hautagai gisa aurkeztuko, Alderdi Liberalaren sektore eskuindarrak sorturiko krisiak bultzatuta. Boterean izan arren, Alderdi Liberalak ez du diputatu gehien Ordezkarien Ganberan, Alderdi Laboristak baizik, eta datorren urtean egitekoak diren hauteskundeei buruzko lehen inkestek ez diete etorkizun hoberik islatu liberalei. Horri zera gehitu behar zaio: astelehenean agerian geratu zela Turnbullek ez zuela behar adina babesik alderdian berotegi efektuko gasen murrizketa legean txertatzeko; gainera, boterea galdu zuen 2017an Queensland estatuan eginiko hauteskundeetan. Beraz, barne matxinada gertakari eta egoera horien ondorio da.

Atzo arte lehen ministro zenaren aurkako jazarraldia ez zuen, ordea, Morrisonek abiatu. Peter Dutton Barne ministro ohiak hasi zuen errebolta, baina atzoko bozketan ez zuen lortu egungo lehen ministroa garaitzea; dena den, Morrison garaileak etorkizun gogorra izango du alderdikideen erabateko babesa eskuratzeko, bozketa alderdiaren barne zatiketaren isla izan baitzen. Izan ere, lehen ministroak bost botoren aldearekin garaitu zuen Dutton —aldeko 45 eta 40 babes, hurrenez hurren—; Barne ministro ohia asteartekoan ere lehiatu zen, baina gau hartan garaile izan zen Turnbull, atzo ez bezala, eta batasunerako deia luzatu zuen. Alferrik.

Sektore eskuindarrekoa

Australiako lehen ministroa ezaguna da migratzaileen aurkako jarrerengatik. 2013 eta 2014 artean Migrazio ministro izan zen, eta zeresan handia eman zuen bideo batean esandako esaldi batek: «Etxera ez itzultzea erabakitzen baduzu, denbora luze-luzea igaroko duzu han». Migratzaileei mintzatu zitzaien, eta Nauru eta Manus irletan Australiak dituen atxilotze zentroei buruz ari zen; izan ere, Australiak zentro horietara bidaltzen ditu nazioarteko uretan atzematen dituen migratzaileak. Migratzaileen aurkako jarreraz gain, sexu bereko pertsonen ezkontzeko eskubidearen aurka dago —iaz onartu zuten—, esaterako.

Orain, ikusteko dago agintaldian zer-nolako profila izango duen. Barne bozketaren emaitzen berri jakin zuenean, guztiz kontrako profila erakutsi nahi izan zuen prentsaren aurrean, eta ohi baino diskurtso adeitsuagoa eta adiskidetsuagoa zabaldu zuen, hainbat mezuren bidez. «Alderdia batu behar dugu, baita parlamentuko taldea ere. Gobernatzeko asmoa dugu. Ez dut uste beste hauteskunderik espero behar duzuenik epe laburrean», ohartarazi zuen.

Errealitatea da datorren urteko maiatza baino lehen egingo dituztela hurrengo hauteskunde orokorrak, eta Alderdi Liberalak lan handia egin beharko duela arrakasta izan nahi badu. Australian, historikoki, herritarrek zigortu egiten dituzte bozetan agintaldi erdian liderra aldatzen duten alderdiak. Morrisonenak hiru lehen ministro izan ditu 2013an boterera iritsi zenetik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna