Artur Masi 4,9 milioi euroko zigorra ezarri diote 2014ko kontsultagatik

Generalitateko presidente ohiak «aberrazio juridiko» deritzo Kontu Auzitegiaren epaiari. Marchena U-1ren kontrako auziaren bultzatzaileetako bat egongo da Espainiako botere judizialaren buruan
Mas erdian, Ortega haren eskuinean eta Homs ezkerrean dituela, pasa den urrian Kontu Auzitegira sartzen.
Mas erdian, Ortega haren eskuinean eta Homs ezkerrean dituela, pasa den urrian Kontu Auzitegira sartzen. MARISCAL / EFE

Igor Susaeta -

2018ko azaroak 13
2014ko azaroaren 9an Kataluniako Generalitateak egindako herri galdeketa antolatzeko diru publikoa erabili zutela ebatzi du Espainiako Kontu Auzitegiak. Horrenbestez, 4,9 milioi euroko zigorra ezarri die Artur Mas orduan Kataluniako Gobernuko presidente zenari, Joana Ortega, Francesc Homs eta Irene Rigau kontseilari zirenei, eta Generalitateko beste sei goi karguduni. Diru kopuru hori elkarren artean batu dezatela eskatu die auzitegiak, baina zehaztu du Mas dela erantzule nagusia, orduan bera zelako Generalitateko burua. Fiskaltzak kopuru hori bera eskatzen zuen.

Akusatuek komunikatu bat kaleratu zuten, atzo, epaiaren berri eduki ondoren, eta jakinarazi dute helegitea jarriko dutela Kontu Auzitegiaren apelazio aretoan. 2010 eta 2016 artean Generalitateko presidente izan zenaren eta gainontzekoen esanetan, auzitegiaren erabakia «aberrazio juridiko bat» da, eta iruditzen zaie auzitegiaren beraren jurisprudentzia urratzen duela.

Auzitegiak 5,2 milioi euroko bermea ezarri zien akusatuei iazko irailean. Diru hori jarrita dago. 2,8 milioi euro ordaindu zituzten, herritarrek ekarpenak egin zitzaten ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek irekitako erresistentzia kutxako diruari esker. Gainontzekoa haien ondasunak berme moduan ipiniz bildu zuten. Diru hori itzuli beharko diete orain, eta 4,9 milioi euro berriz sartu beharko dituzte Generalitatearen kontuetan.

Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen A-9ko galdeketa. Bi galderari erantzun zieten orduan herritarrek. Katalunia estatu bat izatea nahi al duzu? Eta erantzuna baiezkoa bazen, beste bati: Estatu hori independente izatea nahi al duzu? Kataluniako Auzitegi Nagusian epaitu zituzten aurrena. 2016ko azaroan diru publikoaren erabilera bidegabea egon zela ukatu zuen auzitegi horrek, baina hilabete batzuk geroago, 2017ko martxoan, desobedientzia egotzita inhabilitatu zituzten: Mas bi urtez, Ortega 21 hilabetez, eta Rigau hemezortzi hilabetez. Orduan Espainiako Kongresuko diputatua zenez, Homs Auzitegi Gorenak inhabilitatu zuen (hamahiru hilabete). Gainera, isuna ezarri zieten: Masi 36.000 eurokoa, Ortegari eta Homsi 30.000 eurokoa, eta Rigauri 24.000 eurokoa. Espainiako Fiskaltza Nagusiak eskatuta, Kontu Auzitegia iazko udan hasi zen auzia ikertzen. Societat Civil Catalana elkarte unionista eta Konstituzioaren Aldeko Abokatu Katalanak elkartea izan ziren diru publikoaren ustezko erabilera bidegabea salatu zutenak.

Kontu Auzitegiaren epaiaren arabera, Kataluniako Estatutuaren mugak gainditu zituen Generalitateak, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta antolatuz. Masek eta gainontzeko akusatuek beti deklaratu izan dute ez zekitela «legez kanpo» jokatzen ari zirenik.

Martinez Arrieta epailea

Manuel Marchena epaile kontserbadorea izango daCGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko burua. Hori adostu dute PSOEk eta PPk. Trukean, gehiengo progresista edukiko du botere judizialak. Espainiako hainbat hedabidek gobernuko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, CGPJko 20 kideetatik 11 izango dira progresistak. Marchena izan da prozesu subiranistaren kontrako auzi judizialaren bultzatzaileetako bat —Carlos Lesmes ordezkatuko du botere judizialaren presidentetzan—, eta, hain zuzen, bera zen buruzagi independentistak epaituko dituen Auzitegi Goreneko aretoko presidentea. Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak atzo jakinarazi zuenez, epaiketatik kanpo geratuko da Marchena.

Zenbait komunikabidek iturri judizialak aipatuz kaleratu duten informazioak dioenez, Andres Martinez Arrietak ordezkatuko du Marchena aretoko presidentetzan, eta berak idatziko du epaia, behin ahozko epaiketa egin eta gero.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna