Aho batez onartu dute Nafarroan hipoteken zerga bankuek pagatzea

Aranbururen ustez, «koherentea da» erregimen komunarekin parekatzea, eta amatasun atxikipenen itzulpenean, aldiz, ez. Hiru aldundiek nahiago dute itxaron, Espainiako legedia erabat argitu arte

Mikel Aranburu, atzo, parlamentuko osoko bilkuran. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenaren epai polemikoak, azkenean, kontrako efektua ekarri du. Atzo, Nafarroako Parlamentuak aho batez erabaki zuen hipoteken zerga bankuek ordainduko dutela, eta aldizkari ofizialean argitaratzen den unetik indarrean sartuko da. Duela bi aste, Espainiako Gobernuak aldaketa bera ezarri zuendekretu bidez, eta, atzo, Kongresuak gehiengo handiz babestu zuen erabaki hori: datozen egunetan dekretu horri zuzenketak egiteko aukera izango dute alderdiek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek, berriz, nahiago dute itxaron. Atzo, Zergak Koordinatzeko Organoaren bileran, hobetsi zuten erregimen komuneko legedia erabat argitu arte erabakirik ez hartzea. Hiru lurraldeetan, lehen etxebizitza erosteagatik herritarrek zergarik ordaintzen ez dutenez, ez dute ez presiorik, ezta presarik ere.

Nafarroan azkar ibili dira. Astebete baino ez da iragan gobernuak aurrekontu proiektua onartu eta parlamentuan irakurketa bakarrean onartu denetik. Atzo, ezker-eskuin, alderdi guztiek bozkatu zuten ekintza juridiko dokumentatuen zerga aldatzearen alde —berez, hala deitzen da hipoteken zerga—.

Funtsean, zergaren ordaintzailea aldatzeak ez luke bilketan eraginik izan behar. Ogasunak lau milioi inguru biltzen ditu urtero. Alta, legean beste hainbat moldaketa egitera behartu du. Alde batetik, kooperatibak zerga hori ordaintzetik libre zeuden, baina mailegua ematen duten kreditu kooperatiben kasuan, ordaindu egin beharko dute zerga. Halaber, babes ofizialeko etxebizitzen erosleak edo zorrari aurre egin ezin dioten zordunak zerga hori ordaintzetik at zeuden, baina, orain bankuek pagatu beharko dutenez, salbuespen hori aldatu da.

Bestetik, higiezin bat erosi edo ondare baten esku aldaketa egin behar zuten bakoitzean, zerga ordaintzetik libre zeuden alderdi politikoak. Hain zuzen ere, polemika horrek guztiak «pribilegio hori» azaleratu du, EH Bilduko Adolfo Araizen arabera. «Salbuespen onartezina dela iruditzen zaigu. Ez genekien horrela araututa zegoenik, eta eztabaida prestatzen ari ginenean ohartu ginen. Ez genuen arrazoi objektiborik ikusten parlamentuan ordezkaritza duten alderdiek horrelako salbuespena izateko». Hartara, hori ere kendu egin dute.

Legea aho batez onartu bada ere, ñabardurak egon dira alderdien artean. Araizek berak onartu zuen EH Bildu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bidea hartzearen aldekoa zela, azkenean bankuek zergaren kostua «zeharka» erabiltzaileei pasatzeko arriskua dagoelako. «Laukoaren gehiengoak argi zeukan bankuek ordaindu behar zutela, eta, gure jarrera leiala eta arduratsua denez, errespetatzen dugu erabakia».

UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainek, berriz, hipoteken zergarekin gertatutakoa amatasun baimenen 2014tik honako zerga atxikipenak ez itzultzeko erabakiarekin alderatu nahi izan du. Bi kasuetan, Gorenaren epaiek ez diete Nafarroako legeei eragiten: «Orduan, zergatik amatasunaren kasuan bereizi nahi izan dugu, eta hipoteken zergan, berriz, harmonizazioa hobetsi dugu? Ematen du amei kalte egiteko argudioak hipoteken kasuan ez duela balio».

Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak, berriz, gobernuaren koherentzia defenditu zuen. Lehenik eta behin, Aranburuk azpimarratu zuen laukoak amatasun eta aitatasunen gaineko kenkariak ezartzearen alde egin zuela udaberrian, «Gorenaren epaia etorri baino askoz lehenago». Edonola ere, neurria 2019an aplikatuko da, eta, ondorioz, bi aldaketak a posterioriezarriko dira. «Bi kasuetan ez dago atzerako eraginik, segurtasun juridikoa nagusitu delako, eta Ogasunaren interes orokorraren defentsa norbanakoen interesen gainetik dagoelako, beti».

Aitatasun laguntzekin, zer

Kontrara, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestelako norabidea hartu dute, etaEspainiako auzitegien erabakiek aldaketak eragin dituzte amatasun eta aitatasun baimenen zergapetzean. Hiru diputazioekerabaki dute amatasun laguntzei errenta zergan egindako atxikipenak itzultzea. Aitatasun laguntzekin zer egin erabaki behar dute orain. Bizkaiak atzo hartu zuen bere erabakia: 2014tik 2017ra egindako atxikipenak itzuliko ditu. 2018koak, berriz, errenta kanpainan kitatuko ditu.

Bizkaiko Ogasunak azaldu du 2014-2017 epean 22.755 zergapekori 2,6 milioi euroren atxikipenak egin zitzaizkiela aitatasun sarietan. Edonola ere, kalkulatu du bost milioi itzuli beharko dituela. Amatasun sariak itzultzeak, berriz, 40 milioiko kostua izango du.

Ogasun guztiek, ordea, ez dute berdin jokatuko. Gipuzkoak erabaki du oraingoz aitatasun sarien atxikipenak ez itzultzea. Gorenak haiei buruz zer erabakiko duen zain dago. Azken urtean handitu dira sari horiek, aiten baimena lau astera igo direnetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.