Plan bat mundua gidatzeko

Merkataritza gerra amaitu edo gogortu dezakeen bilera egingo dute Trumpek eta Xik. Epe luzeko lidergoa dute jokoan, eta 'Made in China 2025' plana da horretara iristeko Pekinen bide orria
Industriarako robotetan Txina potentzia bihurtzea da <em>Made in China</em> planaren helburu nagusietako bat.
Industriarako robotetan Txina potentzia bihurtzea da Made in China planaren helburu nagusietako bat. ZIGOR ALDAMA

Zigor Aldama -

2018ko azaroak 30
Argentinan bilduko dira gaur eta bihar G20 taldea osatzen duten herrialdeetako agintariak. Baina haietako bik erakarriko dute arreta handiena: Donald Trumpen eta Xi Jinpingen arteko bileraren emaitzaren menpe dago munduko ekonomiari kalte egiten hasi den merkataritza gerra amaitzea edo gogortzea. Edonola ere, konponketa batek nekez ekarriko du gatazkaren amaiera. AEBak eta Txina lehian baitaude, 4.0. industriaren bitartez munduko ekonomiaren lidergoari eusteko lehenengoa, eta lidergoa lortzeko, berriz, bigarrena.

Munduko potentzia ekonomiko nagusia izatea obsesioa da Xirentzat, eta Made in China 2025 plana horretarako tresna. Plan hori zapuztea da, berriz, Trumpena, sektore horietan AEBek duten abantailari eutsi nahi diolako.

Hazkunde ekonomikoa izan zen Txinaren lehen obsesioa duela 40 urte munduari zabaldu zitzaionean. Ez da zaila zergatia ulertzea. 1978. urtean lotan zegoen herensugea zen Txina, munduko barne produktu gordinaren %1,8 baizik ez zuelako ekartzen, alde handiz herrialde populatuena izan arren. Orain, lau hamarkadatan batez beste %9,4 hazi ondoren, munduko ekonomiaren %18,2ra iritsi da. Beste modu batera neurtuta: Deng Xiaopingek esan zuenetik «aberastea ohore bat da», BPG per capita 156 dolarretik 8.643 dolarrera igo da. Eta, are esanguratsuagoa dena, 400 milioi lagunek miseria gorrian bizitzeari utzi diote.

Motorra zahartzen ari da

Hazkunde horrek badu arazo bat. Haren motorra nazioarteko merkataritza izan da: 1979an, 20.600 milioi dolarren ondasunak esportatzen zituen Txinak, eta iaz, berriz, 4,28 bilioirenak. Baina motor hori zahartzen ari da: urteko lehen hiruhilekoan haren hazkundea %6,7ra jaitsi da, eta gehiago murriztea espero da.

Horregatik, orain beste obsesio bat du Txinako Alderdi Komunistak: jauzi kuantitatiboa atzera utzi, eta jauzi kualitatiboa egitea, bigarren mailatik lehengora pasatzeko. Hori egiteko tresna Made in China 2025 plana da.

2014an prestatu zuten, baina Li Keqiang lehen ministroak ez zuen jendaurrean aipatu 2015. urtera arte. Egitasmoa handinahia da: 2025erako Txina bilakatzea manufaktura aurreratuen egile handienetako bat, eta 2049rako lider garbia izatea. Azken data hori ez da nolanahi aukeratutakoa, Herri Errepublikaren ehungarren urteurrena beteko baita orduan. Helburu hori buruan duela, Txinako Gobernuak bizkor garatu nahi dituen hamar sektore aukeratu ditu: adimen artifiziala, nekazaritza teknologia, biomedikuntza, aeronautika, robotika...

Berez, helburu horietara hurbiltzen ari da Txina XXI. mendea hasi zenetik. 1996an, esaterako, jantziak eta beste ehunak Txinaren esportazioen %23 ziren, baina %10era jaitsi zen kopuru hori 2016an. Berdin oinetakoetan: %8,8tik %2,7ra jaitsi da haien pisua. Kontrako bidea hartu dute industriarako makinek, %22tik %48ra igaro baitira.

Adibide grafiko batekin azaldu daiteke eraldaketa: 1996an, peluxezko hartzak ziren Txinaren esportazio nagusia; 2016an, konputagailuak izan ziren.

Made in China 2025 planak aurreikusten du I+Gn egindako inbertsioa bikoiztea. Eta Pekinek ez ditu ahaztu ingurumenaren aldeko konpromisoak:CO2 isurketak %40 txikitu nahi ditu, energiaren erabilera eraginkorragoarekin eta energia berriztagarriekin.

Itxura batean, industria berritzeko plan bat dirudi Made in China 2025-ek, Asiako beste herrialde askok aurretik egindakoaren bidetik. Baina, nazioartean, askok begi txarrez ikusten dute, eta AEBen eta Txinaren arteko harremanen okertzearen sorburuan dago plana. Izan ere, industria modernizatzeko egitasmoa ez ezik, industria hori kanpotik babesteko plan bat ere bada. Neurri protekzionista oso garbiak ditu. Horien artean dago punta-puntako teknologian erabiltzen diren bertako osagaiak %40 izatea 2020an, eta %70 2025ean. Xiren gobernuak uste du autosufizientzia funtsezko osagaia dela mundu lehiakor batean aurrera egiteko. Kanpoko enpresa askorentzat, hortaz, Txinatik alde egiteko gonbidapena da.

Baina protekzionismoa ez da Txinari leporatzen dioten joko zikin bakarra. Trumpek Txinako produktuei muga zergak jartzeko aipatutako arrazoien artean dago jabetza intelektualaren lapurreta egiten dutela. AEBetako presidenteak hacker txinatarrei egozten die atzerriko enpresen zerbitzarietan arakatzea, baina batez ere salatu du ez dela zilegi Pekinek atzerriko enpresak bere merkatuan baimentzeko erabiltzen duen sistema. Salaketa ez da, berez, Trumpen munduaren ikuskera itxiaren ondorioa. Txinako Merkataritza Ganbera Europarrak ere urtero salatzen ditu Pekinek bere enpresen jardunari jartzen dizkien trabak.

«Funtsean, Txinaren estrategia da teknologia lortzea merkatuaren truke. Enpresa askok derrigorrean pasatu behar diete teknologia beren bazkideei, puntako sektoreetan bazkide txinatarrak izatea ezinbesteko baldintza baita», salatu du Carlo D'Andrea ganberako lehendakariordeak. «Horregatik, joko arau berak eskatzen ditugu. Hau da, Txinak %100 atzerrikoak diren enpresak onartzea Europako Batasunak konpainia guztiz txinatarrak onartzen dituen sektoreetan».

EBren oharra Txinari

Ez dirudi, ordea, luze gabe hori gertatuko denik. Horregatik, EBk dagoeneko iragarri du atzerriko inbertsioak iragazteko sistema bat sortuko duela. Txinako enpresak gogoan dituela, Bruselak beto eskubidea emango dio bere buruari proiektu zehatz batzuk eragozteko. Ohar garbi bat da Pekinentzat, nahiz ez den iristen Washingtonek Txinako produktu teknologikoei ezarri nahi dien %25eko muga zergara. Baina sistema horrek agerian uzten du Pekinen menpeko enpresa publiko erraldoiek ez dituztela eskuak libre izango nahi dutena egiteko.

Edonola ere, analista askok nabarmendu dutenez, Trumpek abian jarritako merkataritza gerra ez da nahi zituen emaitzak ematen ari. AEBetako industriak lanpostuak berreskuratzeko sortu zuen, eta Txinaren merkataritza superabit erraldoia txikitzeko. Goizegi da lehen helburu horren arrakasta edo porrota neurtzeko, baina bigarrenak huts egin duela erakusten du datu batek: tarifak tarifa, urteko lehen bederatzi hilabeteetan Txinak AEBekin duen superabita %10 handitu da.

Merkataritza gerra amaitzea da Trumpek eta Xik G20koen bileran izango duten elkarrizketaren helburuetako bat. Aldi baterako akordioak izan daitezke, baina nekez lortuko dute luze iraun dezakeen ezer. Pekinek kontrakoa esan arren, obsesio garbi bat baitu: AEBen nagusitasuna amaitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna