Fronte Polisarioa eta Maroko berriro batzartu dira, konponbidetik urrun

Sahararrek autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dute. Rabatek ez du inondik ere autonomiatik harago egingo. NBEk hauspotu ditu Genevako elkarrizketak, eta ekintza plan bat egitea du asmo
Horst Kohler NBE Nazio Batuen Erakundearen Mendebaldeko Sahararako ordezkaria bilerara iristen, atzo, Genevan.
Horst Kohler NBE Nazio Batuen Erakundearen Mendebaldeko Sahararako ordezkaria bilerara iristen, atzo, Genevan. MARTIAL TREZZINI / EFE

Igor Susaeta -

2018ko abenduak 6
Fronte Polisarioko ordezkariak eta Marokoko Gobernukoak berriro eseri dira mahai beraren bueltan. Mendebaldeko Sahararen auziari buruzko negoziazioak 2012ko martxoan eten zituzten, ikusirik ezinezkoa zela ados jartzea. Sei urte pasa geroago, NBE Nazio Batuen Erakundeak hauspotu ditu elkarrizketak, eta bi aldeak, Aljeria eta Mauritania begirale direla, Genevan (Suitza) batzartu dira. Atzo hasi zen bilera, gaur bukatuko da, eta, sekulako ezustekorik gertatu ezean, Marokok Mendebaldeko Sahara inbadituta 40 urte baino gehiago iraun duen gatazkak konponbiderik gabe jarraituko du. Sahararrei autodeterminazio eskubidea aitortzen dien irtenbide bat aldarrikatzen du Fronte Polisarioak; eta Marokok, bestalde, bere lurralde barruko autonomia estatusa eman nahi dio, gehienez, Mendebaldeko Saharari.

NBEk balizko negoziazioei berrekin nahi die etorkizunean, eta Genevako bileran horretarako ekintza plan bat egitea du asmo. Marokoren eta Polisarioaren arteko gerraren ondoren (1975-1991), Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa jarri zuen martxan erakundeak 1991n, baina han inoiz ez dute erreferendumik egin. Minurso bake misioa luzatzeari geroz eta traba gehiago jartzen dizkiote AEBek —NBEren Segurtasun Kontseiluak beste sei hilabetez luzatu zuen joan den urriaren 31n—, eta autodeterminazioa hitza saihesteko saiakerak egiten ari da Segurtasuna Kontseilua bere azken ebazpenetan. Bi aldeei eskatzen die bilatu dezatela auziarentzako konponbide «errealista, praktiko eta politikoki iraunkor bat». NBEk nabarmendu du egungo statu quo-a «onartezina» dela.

Marokori, hain zuzen, Mendebaldeko Sahararentzako balizko autogobernu bat edo autonomia estatusa «proposamen errealista» iruditzen zaio. Rabateko iturri ofizial batek Efe berri agentziari adierazi dionez, Marokok ez du «emateko ezer». Areago joan da, eta Genevako bilerari garrantzia kendu nahi izan dio, adieraziz «mahai inguru» soil bat dela. Mohamed VI.a Marokoko erregeak duela gutxi emandako diskurtso batean azpimarratu zuenez, Marokok «lurralde osotasunari» eutsi nahi dio, eta Mendebaldeko Sahara kontrolpean mantendu.

Mhamed Khadad Fronte Polisarioko zuzendaritzako kideak AFP berri agentziari adierazitakoaren arabera, berriz, «dena» negozia daiteke, sahararrek «autodeterminaziorako duten eskubide ezin kenduzkoa eta preskribaezina salbu».

Bien bitartean, bitartekari lanetan ari da Horst Kohler, iazko abuztutik Mendebaldeko Sahararako NBEren ordezkaria dena. 2010 eta 2014 artean Alemaniako presidentea izan zena Saharako ekintzaileekin bildu zen Aaiunen, joan den ekainean. Bisita diplomatiko esanguratsua izan zen, NBEren Mendebaldeko Sahararako ordezkariak lau urte baitzeramatzan lurralde okupatuetara joan gabe. Chis Ross izan zen Kohlerren aurrekoa 2009tik, eta Marokok Fronte Polisarioaren tesiekin lerratzea leporatu zion. Beraz, persona non grata izendatu zuen, eta hiru urtez lurralde okupatuetara joatea debekatu zion.

Kohlerri ez diote ez batzuek ez besteek etiketa hori jarri oraingoz, eta, azken bileraren harira, Marokori eta Fronte Polisarioari diskrezioa eskatu die. Joan den urrian enkontrua iragarri baino apur bat lehenago, gonbidapen gutun bat bidali zien bi aldeei, eta adierazi zien prozesu politikoan «kapitulu berri bat» irekitzeko garaia dela.

Begiraleen rola

Begiraleei dagokienez, Marokok dio Aljeriak Polisarioa babesten duela; are, «armak emanez» laguntzen diola. Aljeriak autodeterminazio erreferendum bat defendatu izan du. Baina, historikoki arerioak izan diren arren, Marokok elkarrizketa mahaian eseri nahi zuen Aljeria, iruditzen zaiolako aktore erabakigarria dela auzian.

Mauritaniari dagokionez, jarrera neutrala eduki izan du, eta NBEren markoan adostutako irtenbide bat defendatzen du gatazkarentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna