Europarengan du itxaropena Mayk, aurka dituen 'tory'-ak konbentzitzeko

Komunen Ganberak datorren asteartean bozkatuko du Erresuma Batuak eta EBk 'brexit'-ari buruz lortutako itunaz. Akordiorik gabeko irteera baztertzeko eskatu diote 209 diputatuk lehen ministroari

Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak EB Europako Batasuna utziko du martxoaren 29an, baina azkeneko ia hilabete osoan Komunen Ganberan ez dute saiorik egin Londresek eta Bruselak joan den azaroaren 25ean brexit-az lortu zuten akordioaz eztabaidatzeko. Downing Streeteko 10. zenbakian, ordea, lanean jarraitu dute. BBC kateak Erresuma Batuko Gobernuko iturriak aipatuz atzo jakinarazi zuenez, Theresa May lehen ministroak Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin hitz egin du telefonoz, baita EBko estatuetako zenbait buruzagirekin ere. Mayk azaro bukaeran adierazi zuenez, brexit-erako «akordio onena» da izenpetutakoa, baina hori hobetzeko ahaleginean ari da EBko liderrekin mintzatzen. BBCk iragarri zuenez, Komunen Ganberako diputatuak datorrean asteartean dira akordioaz bozkatzekoak, eta Mayk dozenaka alderdikide tory konbentzitu beharko ditu baiezkoa gailendu dadin. Bozketa hori, berez, abenduaren 11n zen egitekoa, baina atzeratu egin zuen lehen ministroak, jakinik diputatuek «alde handiz» baztertuko zutela. Hilaren 15ean parlamentariek kontra bozkatzen badute, «lurralde ezezagun batean» sartuko litzateke Erresuma Batua, Mayk berak herenegun nabarmendu zuenez.

Lehen ministroak akordioaren onurez konbentzitu beharko ditu Alderdi Kontserbadoreko gutxienez 117 kide. Joan den abenduaren 12an, bozketa atzeratu eta egun bat geroago, haren kontrako konfiantza mozio bat bultzatu zuten zenbait diputatu tory-k, eta 200ek babestu zuten lehen ministroa, baina 117k, hain zuzen, haren kontra bozkatu zuten. Eta zenbakiak eskuan, horiek konbentzitu beharko ditu, baina ez du horretarako denbora askorik. Kwasi Kwartengo Londresen brexit-erako ministrordea «itxaropentsu» dago, ordea. «Astebete denbora asko da politikan. Bozketa irabaztea da gure plana». Komunen Ganberan bihar dira akordioaz hitz egiten hastekoak.

BBCren informazioaren arabera, batez ere Irlandako mugarako ezarritako backstop delako protokoloarentzako bermeen bila ari da May Bruselan. Lehen ministroak nahiko luke, betiere BBCren informazioa kontuan hartuta, protokolo hori bakanduta bozkatzea Komunen Ganberan. Itunak zehazten duenez, brexit-aren ondorengo 2021era arteko trantsizio epea etorkizuneko harremanerako akordiorik gabe bukatuko balute ere, Irlandan ez lukete muga gogorrik ezarriko. Eta hori onartezina iruditzen zaie bai tory euroeszeptikoenei, baita Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistak Westminsterren dituen bederatzi diputatuei ere.

Mayren ahaleginak gorabehera, duela hilabete planteatutakoari eusten dio Bruselak. Joan den abenduaren 14an Europar Kontseiluaren goi bilerara joan zen May, eta orduan «berme gehigarriak» eskatu zizkien klubeko kideei. Erantzun zioten ezetz, ez dela halakorik egongo. «Mahai gainean dagoen akordioa da onena, adostu zitekeen bakarra», azpimarratu zuen Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramaileak atzo, kazetariek galdetu ziotenean May Junckerrekin edukitzen ari den elkarrizketez. «Akordioa ez da berriro negoziatuko», gehitu zuen.

Bitartean, akordiorik gabeko brexit-a baztertu dezala eskatu diote Komunen Ganberako 209 diputatuk —650 dauzka— Mayri. Caroline Spelman parlamentari tory-ak eta Jack Dromey Alderdi Laboristakoak bultzatu dute ekinbidea, eta gaur dira lehen ministroarekin biltzekoak. Diputatu horien asmoa da Komunen Ganberak proposamen horri buruz bozkatu ahal izatea.

Akordiorik ezaren aldekoak

Boris Johnson Atzerri ministro ohia brexit gogorraren aldekoa da, eta, herenegun Daily Telegraph egunkarian idatzi zuenez, akordiorik gabe EB uztea litzateke 2016ko erreferendumean jendeak bozkatu zuenetik «gertuen» dagoen aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.