Trump mugara joatekoa da gaur, harresia eraikitzea «behar bat» dela berrestera

AEBetako presidentearen ustez, hegoaldeko mugan «segurtasun eta gizatasun krisi bat» dago. Demokratek «krisi bat fabrikatzea» leporatu diote agintariari

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, Kapitolioan, Washingtonen. Alderdi Demokratako ordezkariekin elkartu zen goizean. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Donald Trumpek behin eta berriz prometatu zuen hauteskunde kanpainan hegoaldeko mugan «harresi eder bat» eraikiko zuela, eta, agintean dagoenetik lehen aldiz, hesira joango da gaur, Texasera. Presidentearentzat bere egitasmo kuttunak «behar bat» izaten jarraitzen du. Hala esan zuen atzo demokratekin elkartu aurretik, Kapitolioan: «Erdi Aroko irtenbidea dela diote. Egia da. Erdi Arokoa da, orduan funtzionatu zuelako, eta orain are hobeto funtzionatuko duelako». Etxe Zuriko Bulego Obaletik herenegun iluntzean, prime time orduan, telebistaz, nazioari zuzendutako zortzi minutuko hitzaldi batean, tesi berari eutsi zion presidenteak. Demokraten jarreraren aurrean, herritarren sostenguaren bila ari zen.

Presidenteak adierazi zuen hegoaldeko mugan «etengabe hazten ari den segurtasun eta gizatasun krisi bat» dagoela: «Bihotzaren eta arimaren krisia ere bada. Harresia eraikitzea zentzuzkoa da. Okerraren eta zuzenaren arteko hautu bat da, justiziaren eta injustiziaren artekoa».

Trumpek Alderdi Demokrataren ezezkoari leporatu dio administrazioaren zati bat itxi behar izatea, aurrekontuetan harresiaren finantzaketarako partidari uko egin baitiote demokratek. Trump, hala ere, tematuta dago murruarekin, eta orain «porlanezkoa beharrean altzairuzko» harresia egingo duela adierazi du.

Trumpentzat segurtasun kontu kritikoa da harresia: «Defentsa nazionalerako beharrezko azpiegitura bat da». Presidenteak krimenarekin, narkotrafikoarekin eta pertsonen trafikoarekin lotu du migrazioa, hala nola, lanpostuen eta soldaten murrizketarekin: «Ez daukagu toki aski haiek atxikitzeko, eta ez daukagu modurik beren herrialdeetara berriz itzularazteko».

«Murrua moralgabea da»

Harresia justifikatzeko agintari errepublikanoaren argudio zerrenda luzea ez da aski izan demokratentzat, ez baitute segurtasunaren izenean hark egiten duen diskurtsoa partekatzen. Murrua «eragingabea» izatez gain, «moralgabea» dela uste dute demokratek, eta krisi bat «fabrikatzea» egotzi diote presidenteari. Chuck Schumer Senatuko ordezkariak desadostasunak konpontzeko lan egiteko eta gobernua «behingoz» irekitzeko aholkatu zion Trumpi: «Amerikako sinboloa Askatasunaren estatua izan behar du, eta ez bederatzi metroko murru bat». Nancy Pelosi Kongresuko presidenteak, aldiz, herritarrak «bahitzea» leporatu dio Trumpi: «Presidenteak beldurra aukeratu du».

Trumpek abenduaren 22an itxi behar izan zuen administrazioaren laurden bat, izan ere, demokratak ez daude prest aurrekontuan 5.700 milioi dolarreko partida bat jasotzeko harresia egiteko. Azken urteetako datuek agerian uzten dute behera doala muga zeharkatzen duten iheslarien kopurua.2000. urteak jo zuen muga, 1,6 milioi lagun atxilotu baitzituzten muga zeharkatzeko ahaleginean. Iaz 400.000 izan ziren.

AEBen eta Mexikoren arteko mugak 3.100 kilometro ditu, eta heren bat dago hesituta —Kalifornia, Arizona, Mexiko Berria eta Texasen daude hesiak—. Trumpek, baina, muga osoan egin nahi du murrua, altzairuzkoa, eta horretarako ez du baztertzen larrialdi nazionalaren mekanismoa aktibatzea. Formula horren bidez presidenteak eskumena izango luke gastu militarrera bideratutako aurrekontua harresia zutitzera bideratzeko. Sarah Sanders Etxe Zuriko bozeramaileak atzo goizean zehaztu zuen aukera hori ez dagoela baztertuta.

AEBetako Kongresuak 1976an onartu zuen Larrialdi Nazionalen Legea. Horri esker presidenteak inongo azalpenik eta irizpiderik gabe izendatu dezake larrialdi egoera bat.

Trump demokratekin biltzekoa zen bart, eta, akordiorik ezean, gaur iragarri dezake larrialdi nazionala, mugatik bertatik, horrela egin ezean larunbatean lehen aldiz 22 egunez egongo da partzialki itxita administrazioa. Trumpek zehaztu du gobernua itxita egoteko arrazoi bakarradela «demokratek mugako segurtasuna finantzatzeko eman duten ezezkoa».

Aintzat hartuta demokratak amore emateko prest ez daudela, ez dirudi auziak konponbide erraza duenik. Presidenteak ziurtatu du harresiaren eraikuntza «zeharka» finantzatuko delaAEBek Mexikorekin adostu duen merkataritza hitzarmen berriaren bidez. Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak, baina, ez du hesia begi onez ikusten, bere hitzetan lehentasuna iheslarien jatorrizko herrialdeei erreparatzea baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.