Komunen Ganberak ezezko garbia eman dio Mayren 'brexit'-erako akordioari

Bruselarekin adosturiko testuaren aurka bozkatu dute 432 diputatuk, eta soilik 202k alde. Corbynek zentsura mozioa aurkeztu du, eta gaur bozkatuko dute
May Erresuma Batuko lehen ministroaz mozorrotu zen atzo manifestari bat, eta <em>Titanic</em> filmeko eszena bat antzeztu zuen, egoera politikoa islatzeko.
May Erresuma Batuko lehen ministroaz mozorrotu zen atzo manifestari bat, eta Titanic filmeko eszena bat antzeztu zuen, egoera politikoa islatzeko. NEIL HALL / EFE

Ander Perez Zala -

2019ko urtarrilak 16
Duela 47 urte, 1971ko urriaren 28an, Erresuma Batuko Komunen Ganberak Europako Batasunean (EB) sartzearen alde bozkatu zuen —garai hartan EEE Europako Ekonomia Erkidegoa zen. 356 diputatuk bozkatu zuten horren alde, eta 244k, kontra. Bost hamarkadaren ostean, EBtik ateratzearen aldeko erabakia hartuta, eztabaida politikoetara itzuli dira zenbaki horiek, batez ere atzoko bozketa historikoari begira. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak Bruselarekin adosturiko brexit-erako akordioaren porrotak ziurra zirudien, eta atzoko saioan hori baieztatu zuten diputatuek, baina batez ere emaitzak; aldeko eta kontrako botoek zuten garrantzia, hurrengo egunetako eta asteotako mugimenduak eta estrategiak definitu dituztelako. Komunen Ganberak iritzi garbia helarazi zion Mayri: ganberako ordezkari gehienek bozkatu zuten testuaren kontra (432), eta soilik 202k alde. Kolpe gogorra izan da Erresuma Batuko Gobernuarentzat, 230 botoren aldea oso handia delako —errekorra 1924koa zen, 166ren aldea izan zenean—; eta, gainera, ganberan ordezkaritza duten alderdi guztietako diputatuak daudelako kontra egin dutenen artean. Orain dena airean dago, eta pilota, berriz ere, Mayren teilatuan.

Porrotaren ostean, ikusteko zegoen Erresuma Batuko lehen ministroak dimisioa aurkeztuko ote zuen. Ez zuen halakorik egin, eta Jeremy Corbyni erronka jo zion: aurkez zezala gobernuaren aurkako zentsura mozioa. Alderdi Laboristaren buruzagiak, espero bezala, mozioa aurkeztu zuen, eta gaur eztabaidatuko eta bozkatuko dute. Aurreikusitako jokaldia zen, eta gaurko bozketan bai, Mayk badu garaipenerako aukerarik.

Izan ere, atzoko bozketaren emaitzak ez du zerikusirik izango gaurkoekin. Brexit-aren akordioari buruzkoan, honako hauek izan ziren botoak: kontra bozkatu zuten Alderdi Laboristaren 248 diputatuk; Alderdi Kontserbadorearen 118 ordezkarik; SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren 35ek; Liberal Demokraten 11ek; DUP Alderdi Demokrata Unionistaren 10ek; 5 independentek; Galesko Plaid Cymru alderdi nazionalistaren 4ek; eta Alderdi Berdearenak. Beraz, hitzarmenaren alde bozkatu zuten 196 kontserbadorek, hiru laboristak, eta beste hiru independentek.

Gaurkoan, ordea, atzo baino kontserbadore askoz ere gehiagok egingo dute Mayren alde, ez dutelako nahi Corbyn lehen ministro bilakatzea; DUPek, gainera, atzo baieztatu zuen Mayren alde egingo duela, eta SNPk, berriz, haren kontra. 2017ko ekaineko hauteskundeez geroztik, Ipar Irlandako alderdi unionistaren babesari esker gobernatzen du lehen ministroak, eta abenduaren 12ko konfiantza mozioan ere haren alde egin zuten.

Gaurtik aurrera zer egin, nola egin, hori erabaki beharko du Londresek. Oraingoz, eta gaurtik hasita, hiru eguneko epea du B plana zehazteko, eta Komunen Ganberari aurkezteko; plan horretan zehaztu beharko du zeintzuk izango diren hurrengo pausoak brexit-a gauzatu dadin. Atzoko bozketan aldekoen eta kontrakoen arteko tartea estua izan balitz, lehen ministroaren estrategia izango zen akordio bera bigarren aldiz bozkaraztea, kontra bozkatu zuten diputatu batzuk beste aldera mugitzeko. Baina 230 ordezkariren aldea handiegia da, eta erlojuaren kontra ari da: 72 egun barru aterako da Erresuma Batua EBtik, martxoaren 29an.

Bi urteotako prozesuan ziurgabetasuna izan da nagusi, eta atzoko bozketak, gaurkoarekin batera, are gehiago sakonduko du sentsazio hori. Horregatik, indarra hartu du egunotan brexit-aren eguna atzeratzeko aukerak, eta hori bilaka liteke Mayren B plana, Bruselak asteon horren aldeko jarrera erakutsi baitu.

Juncker eta Tusk

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen eta Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearen erreakzioek berebiziko garrantzia hartu zuten atzo gauean, Komunen Ganberako bozketaren emaitza jakin zenean. Lehena, esaterako, Estrasburgotik (Frantzia) espero baino lehenago itzuli zen Bruselara, egoeraren larritasuna kontuan harturik. Twitter bidez, honako hau adierazi zuen: «[...] Erresuma Batuari exijitzen diot ahalik eta azkarren argitu dezala bere jarrera». Tusk, berriz, Juncker baino sotilagoa izan zen, eta brexit-a gelditzeaz aritu zen, ideia hori zeharka aipatuta: «Akordio bat ezinezkoa bada, eta inork ez badu akordiorik eza nahi, nor izango da ausartena esateko zein den irtenbiderik positiboena?».

Hitzetatik harago, orain EBk ere bere jarrera zehaztu beharko du, May Bruselara itzuliko delako akordioa berriz negoziatzeko. Alemaniako Atzerri ministro Heiko Maas aukera horretaz aritu zen atzo, Komunen Ganberako bozketaren aurretik, eta adierazi zuen «litekeena» dela negoziazioak berriz hastea.