Mayk adierazi du ez duela onartuko «iraganeko mugetara» itzultzea

Erresuma Batuko lehen ministroak azaldu du ez duela «kendu» nahi 'brexit'-aren itunean dagoen Irlandako mugarako protokoloa, «aldaketak» egin baizik. Sinn Feinek sinesgarritasun falta egotzi dio

Belfast mendebaldeko auzo nazionalista eta unionista lotzen dituen Lanark Way. Garai batean, ateak itxita zeuden. A. P. Z.
ander perez zala
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ez du onartuko Irlandako irla «iraganeko mugetara» itzultzea. Atzo Belfasten emandako hitzaldi batean, lehen ministroak brexit-aren auzia jorratu zuen eta, horrekin batera, prozesuak bake akordioan izan ditzazkeen balizko eraginak. Kargua hartu zuenetik, Mayk hainbatetan adierazi du bere helburua dela muga gogorra eragoztea Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean, baina azken bi hilabeteotako gertakari politikoek areagotu egin dituzte akordiorik gabeko irteera gauzatzeko aukerak; hori gertatuko balitz, muga gogorra itzuliko litzateke irlara, eta, beraz, litekeena da komunitate nazionalisten eta unionisten arteko liskarrak areagotzea.

Hori eragozteko, Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batasunak (EB) backstop-a adostu zuten iazko azaroan, Irlandako mugarako protokoloa. Joan den asteazkenean, ordea, Komunen Ganberak gobernuari eskatu zion protokolo hori «beste adostasun batekin» ordezkatzeko (317-301); diputatu askoren beldurra baita backstop-a betiko indarrean egotea; hau da, Erresuma Batua betiko geratzea aduana batasunean. EBk baztertu egin zuen protokoloa itunetik kentzea, hainbatetan esan duen bezala, backstop-ik gabe ez dagoelako akordiorik. Egoera horren aurrean, Mayk atzo ezusteko asmo bat jakinarazi zuen, protokoloaz galdetu ziotenean: «Eskatzen ari naizena aldaketak dira, ez hori kentzea». Asmo horrek, beraz, ez luke errespetatuko Komunen Ganberaren nahia, diputatu euroeszeptikoen haserrea eragingo du, eta are gehiago korapilatu jada korapilatuta dagoen Erresuma Batuko politika.

May bihar joango da Bruselara, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin eta Donald Tusk Europar Kontseilukoarekin batzartzeko, aldaketa horiek negoziatzeko asmoz.Atzo adierazi zuenez, bere esku dagoena egingo du Ostiral Santuko Akordioa eta Ipar Irlandarekiko konpromisoak «errespetatzeko», nahiz eta bere gobernua sostengatzen duen Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistak zaildu egingo dizkion zereginak. Arlene Foster DUPen buruzagiak honako hau adierazi zuen atzo goizean: «Egungo backstop-a pozoitsua da Ipar Irlandan bizi garenontzateta Erresuma Batuko unionistentzat, Erresuma Batuaren zatiketa eragingo baitu epe ertaineta luzera. Kendu egin behar da, Ipar Irlandaren eta gainontzeko Erresuma Batuaren arteanmuga gogor bat sortzen duelako».

Bilerak alderdiekin

Ipar Irlandaren ikuspuntutik, DUPek ez du herritarren gehiengoaren iritzia irudikatzen. Brexit-aren aldekoa da, nahiz eta hango herritarren %56 EBn geratzearen alde agertu ziren; gainera, haien ordezkari bakarra da Westmnisterren, SDLP alderdi nazionalistak eserlekuak galdu zituelako 2017ko bozetan, eta Sinn Feinek ez duelako ganberan parte hartzen —bozkatuenetan bigarrena izan zen, eta EBn geratzearen aldekoa da—.

Horregatik, May Ipar Irlandako gainontzeko alderdiekin batzartuko da gaur, bestelako ikuspuntuak aztertzeko; tartean, Sinn Fein. Batzar horri begira, Michelle O'Neill alderdiaren Ipar Irlandako buruzagiak atzo adierazi zuen Mayri ideia garbi bat helaraziko diola: backstop-a beharrezkoa dela. Hala ere, alderdiak eszeptizismo handiz hartuko ditu gaurko hitzak: «Lehen ministroak eta [Erresuma Batuko] gobernuak sinesgarritasun falta erakutsi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.