Bozen aurrerapenak uxatu egin du pentsioen gaineko kontsentsu saioa

Toledoko Itunean desadostasuna nagusitu da, eta alderdiek hauteskunde interesak lehenetsi izana egotzi diote elkarri. CCOOk Moncloari eskatu dio dekretuz bermatzeko KPIaren araberako igoera
Erretiratu bat, pentsiodunen elkarretaratzera bidean, Bilbon, herenegun.
Erretiratu bat, pentsiodunen elkarretaratzera bidean, Bilbon, herenegun. LUIS TEJIDO / EFE

Jon Fernandez -

2019ko otsailak 20
Jaio aurretik hil da Toledoko Itunaren batzordean, ia hiru urteko negoziazioen ondoren, pentsioen sistema eraberritzeko azken hilabeteetan hainbatetan iragarritako balizko kontsentsua. Atzo desegin ziren adostasunerako aukera guztiak, batzordeko alderdietako bozeramaileen batzarrean ez zirelako gai izan erreformarako 21 gomendioen zerrenda adosteko. Pedro Sanchezek Espainiako Kongresuko eta Senatuko hauteskundeak apirilaren 28ra aurreratu izanak uxatu du akordiorako giroa: presaka itxi behar zuten gomendioen testua martxoaren 5ean ganberak desegin baino lehen, baina, kanpainaurre betean, ezinezkoa bihurtu da akordioa. Pentsio sistemaren geroa, beraz, hurrengo legealdiko legebiltzarraren oreka politikoen pentzura geratuko da.

Oposizioko alderdiak testu bateratu bat sinatzeko asmo handirik gabe joan ziren bilerara; PSOE, ostera, akordio bat lortzeko premiaz. Batzuek eta besteek elkarri bota zioten kontsentsua haustearen errua: Pedro Sanchezi, hauteskundeak aurreratzeagatik; Unidos Podemosi, atzo bertan hiru zuzenketa berri aurkezteagatik; eta PPri, hauteskunde interesarekin jardutegatik.

Unidos Podemosek, atzo, hiru desadostasunetan jarri zuen fokua: erretirorako adinean —berriz ere 65 urtera aurreratzea nahi du—; kotizaziopeko pentsio sistemaren eztabaidan —kotizazio maximoa igo ala ez eztabaidatu nahi du—; eta sistema publikoaren eta pribatuaren arteko bateragarritasunaren debatean.

Bestalde, azken hilabeteetan jositako adostasunen artean zegoen, esate baterako, 2. gomendioa deiturikoa, pentsioak eguneratzeko sistemarena. 2018ko urtarrilaz geroztik dozenaka mila pentsiodunek aldiro-aldiro Hego Euskal Herriko eta Espainiako kale eta plazetan egindako protestaldien presioari esker, Toledoko Itunaren batzordeko alderdi ia guztiek onartu zuten 2020tik aurrera «KPIa oinarri hartuta» eguneratzea urtez urte pentsioak. ERCk ez zuen bat egin, uste zuelako interpretaziorako aukera zabaltzen zuela; hau da, pentsioak igotzeko kalkuluan KPIaz gain beste faktore batzuk ere txertatzeko aukera ematen zuela.

Legealdi berrian, zailago

Adostasunetik oso gertu zegoen beste puntuetako bat, 1. gomendioa deiturikoa, finantzaketaren banaketarena zen: kotizazioetatik bildutako dirua kotizaziopeko pentsioak ordaintzeko erabiltzea, eta gainerako ordainketa guztiak —besteak beste, pentsio minimoen osagarriak, langabezia sariak, eta enpresentzako eta autonomoentzako kotizazio sariak— estatuaren esku uztea: hau da, aurrekontuen kontura.

Iñigo Barandiaran EAJk Toledoko Itunaren batzordean daukan bozeramailea kexu agertu zen atzo kontsentsua hautsi izanagatik. Haren ustez, hurrengo legealdian «ia ezinezkoa» izango da atzo arte zegoen kontsentsua berriz lortzea. 2019a amaitu baino lehen erreformarik egin ezean, 2020ko urtarrilean Mariano Rajoyren 2013ko legeak jarraituko luke, %0,25eko igoerarekin, inflazioari jaramonik egin barik.

Horregatik, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak PSOEren gobernuari eskatu dio, nahiz eta Toledoko Itunean adostasunik ez egon, balia ditzala martxoaren 5a baino lehen geratzen zaizkion bi Ministro Kontseiluak pentsioen erreforma moldatzeko: KPIaren araberako gaurkotzea arautzeko eta jasangarritasun faktorea ezabatzeko. 2012ko lan erreforma ere dekretu bidez berehala aldatzeko eskatu dio.

Aldiz, Antonio Garamendi CEOE patronaleko presidentearen iritziz, «ez dauka zentzu handirik» pentsioen eta lan merkatuaren PPren erreformak dekretu bidez eta azken unean aldatzeak.

Jatorriz, Toledoko Itunaren batzordea, zeina 1995ean sortu baitzuten, organo aholku emailea baino ez da, gobernuari erreformak egiteko oinarri adostuak eskain diezazkiona. Batzordearen helburua kontu publikoentzako jasangarria den pentsio sistema bat ziurtatzeko gomendioak egitea da.

2010az geroztik, pentsio sisteman diru sarrerak baino handiagoak dira gastuak, eta, iaz, Gizarte Segurantzak 19.937 milioi euroko defizita izan zuen. 2011az geroztik pentsioen erreserba funtsetik hartutako diruarekin estali da urtean urteko zuloa. Baina funtsa ia amaitu da, eta azken hiru urteetan estatuak maileguak eman diozkio Gizarte Segurantzari zenbakiak orekatzeko —iaz 15.164 milioi euroko mailegua eman zion—.

Batzordeak 2025. urtea jarri zion bere buruari Gizarte Segurantzaren defizita ezabatzeko epemuga gisa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna