Erabakiak hartzeko astea

Mayk aurrez aurreko bilera bat eduki du gauean Junckerrekin. 'Brexit'-erako akordioan azken orduko aldaketarik ez baldin badago, haren kontra bozkatzekoak dira gaur Komunen Ganberan

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, atzo gauean, Estrasburgon. VINCENT KESSLER / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Theresa May lehen ministroak duela bi aste plazaratutako egutegia betetzen baldin badute, Erresuma Batuak aste honetan erabakiko du brexit-arekin zer egin. Hasteko, Londresek eta EB Europako Batasunak joan den azaroan adostutako dibortziorako akordioa bozkatzekoak dira gaur, berriro, Komunen Ganberan. Joan den urtarrilaren 15eko bozketan, aurrenekoan, diputatuek zaplazteko galanta eman zioten Mayk Bruselarekin egindako itunari—230 botoren aldeagatik baztertu zuen parlamentuak—, eta, azken orduan akordioan aldaketarik egin ezean, diputatuek ezezkoa emango diote berriro, Mayk ez badu kontzesiorik lortzen Bruselaren aldetik Irlandako mugaren auzian. Hori saihesteko intentzioarekin, lehen ministroa bera Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin bildu zen atzo gauean, Estrasburgon. Efe berri agentziak Alderdi Kontserbadorearen Europako Parlamentuko taldeko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Londres eta Brusela aurrerapausoak ematen ari ziren atzo, azken orduan, Irlandako mugarako ezarritako backstop protokoloari eman beharreko interpretazio juridikoari dagokionez. Ian Duncan Smith brexiter nabarmenak azpimarratu zuenez, «akordio bat lortzeko zorian» zeuden bi aldeak. Zurrumurru hori zegoen gauean. Irlandako Errepublikako Gobernuak ere urgentziazko bilera batera deitu zuen; edizio hau ixteko orduan ez zegoen negoziazioei buruzko berri gehiago.

Batik bat backstop-ari buruz jasotzen duena gogoko ez dutelako bozkatu zuten akordioaren kontra, duela ia bi hilabete, 118 diputatu tory-k eta Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokrata Unionistako hamar parlamentariek. Protokoloaren xedea da muga gogor bat eragoztea Irlandan, 1998ko Ostiral Santuko bake akordioa babestearren. Azaroan hitzartutako akordioak ezartzen du brexit-a egin eta bi urteko trantsizio epea bukatu eta gero sartuko dela indarrean backstop-a, betiere ez badute itunik egiten Erresuma Batuaren eta EBren artean etorkizuneko harreman komertzialari buruz. Bitartean, Erresuma Batuak aduana batasunean jarraituko du, eta hori da euroeszeptiko tory-ek nahi ez dutena.

Mayk Bruselara bidalitako funtzionarioak protokolo hori nolabait arintzeko ahaleginak egiten aritu dira azken asteotan. Planteatu dute, esaterako, Erresuma Batuak bere kabuz atera ahal izatea protokolotik; protokoloari epemuga bat jartzea jarri dute mahai gainean, bestetik; baita nazioarteko bitartekaritza baten bidez konpontzea ere etorkizuneko harremana ezartzeko orduan bi aldeen artean sor litezkeen desadostasunak. EBk ezetz esan die hiru proposamenei. Margaritis Schinas Europako Batzordearen bozeramaileak Erresuma Batuko Parlamentuaren teilatuan utzi zuen pilota atzo goizean: «Orain Komunen Ganberari dagokio erabaki garrantzitsuak hartzea».

Orain arte eduki duen jarrera aintzat hartuta, harrigarria litzateke DUPekoak eta brexit gogorraren aldeko tory-ak —80 bat parlamentari— konbentzitzeko moduko kontzesioak egitea EBk. Mark Francois tory horietako batek atzo nabarmendu zuenez, «ezustekoren bat» beharko litzateke Mayk Bruselarekin azaroan adostutakoak gaur berriro porrot egin ez dezan; hau da, azkenean kontzesioak lortzea.

Baina kontzesioak ez lortuta ere, Mayk gaurko bozketari eusteko asmoa dauka. Hori jakinarazi zuten atzo Downing Streeteko 10. zenbakiko iturriek. Yvette Coper Alderdi Laboristako diputatuaren hitzetan, bozketa mantenduko zuela «hitzeman» zien. Akordioa aurrenekoz bozkatu behar zutenean, abenduan, bozketa atzeratu zuen azken unean.

Hitzemandakoa betetzen badu, hurrengo egunek brexit-erako bidea argitzeko balio beharko dute; gainera, bi aste pasa baino ez dira gelditzen duela bi urte adostutako epemuga betetzeko.

Gaurko bozketan akordioari ezetz esaten badiote berriro, ikusi beharko da zenbatekoa den aldea botoetan; handia balitz, horrek toki zailean utziko luke May. Ez dirudi, ordea, lehen ministroak dimititzeko asmorik duenik.

Akordiorik gabeko dibortzioa hautatzeko moduan egongo dira bihar parlamentariak, baina tory euroeszeptikoenak ere ez daude ados aukera horren inguruan. Bihar bozketa egin eta Komunen Ganberak erabakitzen badu akordiorik gabeko irteera baztertzea, irteera data atzeratzeaz bozkatuko dute etzi. Baietz aterako balitz, Londresek eta EBk zehaztu beharko lukete noiz arte luzatu Lisboako Ituneko 50. artikulua. Mayk esana dauka ez duela prozesua asko luzatu nahi. Hori bai: luzatzea erabakiko balute, ezin da baztertu bigarren erreferendum bat egiteko aukera, ez eta beste akordio bat adostekoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.