Mayk ez du utzi nahi 'brexit'-a luzatzea ez den bertze alternatibarik

Erresuma Batuko Komunen Ganberak adierazi du ez duela «inola ere» EB akordiorik gabe utzi nahi. Astebetean itunik onartu ezean, lehen ministroak EBri eskatuko dio 'brexit'-a luzaroan gibelatzea
Manifestariak Irlandako, Galesko, Eskoziako, EBko eta Erresuma Batuko banderekin, atzo, Erresuma Batuko Parlamentuaren parean, Londresen.
Manifestariak Irlandako, Galesko, Eskoziako, EBko eta Erresuma Batuko banderekin, atzo, Erresuma Batuko Parlamentuaren parean, Londresen. ANDY RAIN / EFE

Mikel Rodriguez -

2019ko martxoak 14
Brexit-ari buruzko eztabaidek ahotsik gabe utzi dute Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa. Literalki. Bezperan hartutako marrantaren ondorioz, Mayk ez zuen solas egin atzo arratsaldeko saioan, eta Michael Gove Ingurumen ministroaren esku utzi zuen lehen ministroaren jarrera defendatzeko ardura. Bozketaren ondoren, ordea, hitza hartu zuen. Komunen Ganberak erabaki zuen EB Europako Batasuna akordiorik gabe uzteko aukera «inola ere» ez onartzea. Mayk ez zuen zehaztapen hori egina gobernuak aurkeztutako mozioan, brexit-aren aldeko diputatu tory gogorragoak erakartzeko, baina alderdikide europazale batek eta diputatu laborista batek aurkeztutako zuzenketa aitzinera atera, eta gobernuaren mozioa aldatu zuen. Emaitzarekin haserre, lehen ministroak parlamentariei erran zien «hartutako erabakiari aurre egiteko», eta alternatiba bakarra paratu zien mahai gainean: martxoaren 29an, ezarritako datan, brexit-a ez gertatzea.

Mayk parlamentariei heldu den asteazkenera arteko epea eman die herenegun eman zuten iritzia aldatu, eta Bruselarekin egin duen akordioa onartzeko. Lehen ministroak erran zuen hori gertatuz gero «gibelatze tekniko bat» eskatu beharko diola Bruselari, eta Erresuma Batuak ekainaren 30ean utziko duela EB. Hori gertatuko ez balitz, alternatiba zein litzatekeen azaldu zuen: «Beraz, ganberak onartu behar du ez badu hurrengo egunetan akordioren bat babestu nahi, eta ez badu martxoaren 29an akordiorik gabe [batasuna] utzi nahi, iradokitzen ari dela luzapen handiagoa behar duela 50. artikuluak». Lisboako Ituneko artikulu horrek ezartzen du estatu batek EB uzteko behar duen epea, eta Erresuma Batuarena hamabortz egun barru betetzekoa da. Mayk parlamentariei erran zien luzapen handiagoa eskatzen badute heldu den maiatzean Europako hauteskundeetan parte hartu beharko dutela Erresuma Batuko alderdiek.

Luzapenaren bozketa, gaur

Aste honetako azken saioa gaur eginen dute. EBri brexit-a gibelatzea eskatzearen alde dauden ala ez erabakiko dute parlamentariek, Mayk atzo azaldutako terminoetan. EBko estatuetako agintari gorenak hilaren 21ean elkartzekoak dira, eta hor aztertuko lukete eskaera. Baina ganberako kideek gaur ezezkoa erantzunen balute, lehen ministroak ohartarazi die akordiorik gabeko brexit-a oraindik ere aukera bat izango dela, nahiz eta ganbera atzo aurka agertu. «Inola ere ez» esaldia zuen zuzenketaren alde 312 diputatuk egin zuten, eta 308k kontra. Ondoren, gobernuaren mozioa bozkatu zuten zuzenketa hori gehituta, eta 321ek egin zuten alde —hamazazpi tory-k—, eta 278k kontra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna