Halere, Torraren aurka jo du

Espainiako hauteskunde batzordeak desobedientziagatik salatu du Generalitateko presidentea, xingola horiak ez kentzeagatik. Gaurko 15:00etarako ikurrak kentzeko eskatu die mossoei
Behargin bat xingola hori bat kentzen, atzo, Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzan, alboan marra gorri batek zeharkatutako xingola zuri bat duela.
Behargin bat xingola hori bat kentzen, atzo, Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzan, alboan marra gorri batek zeharkatutako xingola zuri bat duela. Q. GARCIA / EFE

Igor Susaeta -

2019ko martxoak 22
Espainiako hauteskunde batzordeak eskatu, eta Kataluniako arartekoak gomendatu bezala, Generalitatearen egoitzetatik xingola horiak eta esteladak kendu zituzten atzo goizean. Batzordearen aginduari izkin egiteko alternatiben bila ibili ziren, dena den, subiranistak, eta kendutakoen mezu bera, edo antzekoa, ematen zuten sinboloekin ordezkatu zituzten. Quim Torrak txosten bat bidali zion hauteskunde batzordeari, atzo arratsaldean, jakinaraziz agindua bete zuela, Generalitatearen eraikinetan ez zegoela «ez xingola horirik, ez esteladarik». Azkeneko hamar egunetan bi aldiz eskatu dio batzordeak bi sinbolo jakin horiek kendu zitzala, eta, emaniko epetik kanpo izan bazen ere, kendu zituen, atzo. Dena dela, Generalitateko presidenteak gutuna bidali eta ordubete geroago erabaki zuen batzordeak haren kontra egitea. Batetik, bide penalaren bidea ireki, eta fiskaltzari eskatu dio Torra iker dezala ustezko desobedientzia delitu batengatik — sei hilabete eta bi urte arteko inhabilitazioa eragin dezake horrek—, ez zituelako sinbolo horiek eskatu zionean kendu. Bestetik, «arau hauste elektorala» egiteagatik espedientea ireki dio presidenteari, eta, hortaz, 300 eta 3.000 euro arteko isun ekonomikoa ezarriko dio. Eta hirugarrenik, Barne Kontseilaritzari adierazi dio mossoei agindu diezaiela atzo jarritako sinboloak ere kentzeko. Epe bat eman die: gaurko 15:00etarako kentzeko. Ez badute agindua betetzen, Polizia autonomikoaren prefektuari egingo dio eskaera. Batzordeak, hortaz, bere esku dauden hiru bideak ibiltzea deliberatu zuen.

Erabakiaren berri eduki ondoren mintzatu zen Torra, JxC Junts Per Catalunyaren Bartzelonako Udalerako hautagaitzaren aurkezpenean, eta adierazpen askatasuna «azken muturreraino» defendatzeko eskatu zuen.

Rafael Ribo arartekoak aholkatu moduan, eta bozen garaian «neutraltasun politikoa»mantentze aldera, hauteskunde batzordeak debekatutako sinboloak kendu zituzten, atzo goizean, Generalitatearen egoitzetatik. Torrak herenegun gauean komunikatu batean adierazi zuenez, Riboren txostena errespetatuko zuen. Kataluniako Gobernuko presidenteak erantsi zuen, ordea, aztertzen ari zirela ikur horiek nola ordezkatu.

10:30 inguru zirenean estali zuten Generalitatearen jauregiko balkoi nagusitik zintzilik zegoen pankarta. Llibertat presos politics i exiliats mezua zeukan idatzita (askatasuna preso politikoentzat eta erbesteratuentzat), eta xingola hori bat zuen marraztua bazterretako batean. Baina eraikineko beharginek mezu bera duen pankarta bat zintzilikatu zuten bestearen gainean. Desberdintasun bakarra dago bien artean: bigarrenean zuria da xingola, eta marra gorri batek urratzen du.

Kontseilaritzen eraikinetan ere antzeko alternatibak bilatu zituzten debekatutako sinboloak ordezkatzeko. Ekonomiakoan marra gorriak zeharkatutako xingola zuria jarri zuten fatxada nagusian, eta gauza bera egin zuten Barne Kontseilaritzakoan. Nekazaritzakoan auzipetu guztien aurpegiak eta hainbat xingola hori zeuden atean, eta, horien ordez, hainbat barazkiren, animaliaren, loreren eta frutaren kolore horiko marrazkiak jarri zituzten, ondoan mezu hau zutela: Els jutgen a ells, ens jutgen a tots (Haiek epaitzen dituzte, guztiok epaitzen gaituzte).

Hori ikusita, Ciutadans alderdiak eguerdian iragarri zuen hauteskunde batzordeari berriro eskatu ziola auzia fiskaltzara bideratu zezala, eta mossoei ikurrak kentzeko agindua eman ziezaiela. Horren harira, arratsaldean bidalitako gutunean Ciutadansen lehen eskaera aintzat ez hartzeko adierazi zion Torrak batzordeari.

Ciutadansek Riboren jarrera bera jarri zuen auzitan. «Prozesuaren eta gobernuaren interesen menpe dago», adierazi zuen Carles Carrizosa alderdiaren Kataluniako Parlamentuko bozeramaileak. Ines Arrimadas diputatuarentzat, bestalde, atzo jarritako sinboloek «demokraziari eraso egiten diote», baita «Kataluniaren erdiari baino gehiagori ere».

Ribo Kataluniako Parlamentuan izan zen, atzo, instituzioaren 2018ari buruzko txostena parlamentarien aurrean aurkezten. Ondorengo prentsaurrekoan uko egin zion atzo jarritako sinboloez hitz egiteari. Dena dela, ez zuen baztertu «analisi berri bat» egitea, egoerak hala eskatuko balu. Nabarmendu zuen, bestalde, esteladak eta xingola horiak ez direla inongo alderdiren sinboloak. Carles Riera CUPeko diputatuak, berriz, adierazi zuen ez dagoela ados Ribok ikurrei buruz deliberatutakoarekin.

Hauteskunde batzordeak bi aldiz eskatu zion Torrari aipatutako ikurrak kendu zitzala, Ciudadanos alderdiaren eskaera bati erantzunez. Aurrenekoz, joan den hilaren 11n. 48 orduko epea eman zion orduan. Torra ezezkoan zegoen. Joan den astelehenean beste ebazpen bat kaleratu zuen batzordeak, eta 24 orduko epea eman zion Generalitateko presidenteari. Hark bazuen ordurako arartekoak pentsatzen zuenaren berri, eta asteartean gutun bat bidali zion batzordeari, esanez «ezinezkoa» zitzaiola ikurrak kentzea. Gainera, zehaztapenak eskatu zizkion Ribori. Arartekoaren txosten osatua jaso zuen herenegun, eta ikurrak kentzea erabaki.

Sanchezen «neutraltasuna»

Pedro Sanchezi auziaz galdetu zioten, atzo, Bruselara iritsi zenean Europar Kontseiluaren bileran parte hartzera, eta Espainiako presidenteak eskatu zion Torrari eraikin publikoen «berezko neutraltasuna» errespetatu dezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna