Alan Garcia Peruko presidente ohiak bere buruaz bertze egin du

Polizia agintari ohiaren etxera joan da ustelkeria auzi batengatik atxilotzeko, eta buruan tiro bat zuela topatu du, zaurituta; geroago hil da, ospitalean. Garciak azken mezuan adierazi du errugabea zela

Alan Garcia presidente ohiaren jarraitzaile bat Limako Casimiro Ulloa ospitalean, atzo. ERNESTO ARIAS / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Alan Garcia Peruko presidente ohiak bere buruaz bertze egin zuen atzo, etxean, Polizia hura atxilotzera ailegatu aitzinetik. «Bere buruari tiro egitea erabaki zuen», adierazi zuen Erasmo Reyna Garciaren abokatuak.Konplexutasun Handiko Delituak Ikertzeko Taldeko agenteek topatu zuten presidente ohia zaurituta, eta ospitalean hil zen handik ordu batzuetara. Garciak 69 urte zituen, birritan izan zen presidente (1985-1990 eta 2006-2011), eta 2001eko eta 2016ko hauteskundeetara ere aurkeztu zen. Haren alderdikideek eta abokatuak salatu zuten Garciaren aurkako akusazioak «injustizia bat» izan direla. Lava Jato eroskeria auzian nahasita zegoen Garcia, Peruko elite politikoko bertze pertsona anitz bezala.

Poliziak goizean goiz topatu zuen zaurituta. Casimiro Ulloa ospitaleko zuzendari Enrique Gutierrezek kazetariei adierazi zien presidente ohiak balak eragindako «sarrerako eta irteerako zuloak» zituela kaskezurrean. Ebakuntza gelan hiru aldiz gelditu zitzaion bihotza.

Garciak debekatua zuen Perutik ateratzea iazko abendutik. Herenegun bertan egin zituen bere aurkako akusazioei buruzko azken adierazpenak, Twitter bidez. Fiskaltzak jakinarazi zuen Garciaren hurbileko bi pertsonaren aurkako frogak aurkitu zituela. «Agiri bakar batean ere aipatzen ez nautenez, eta zantzu edo froga bakar bat ere ez dutenez, espekulazioa edo bitartekariak asmatzea baino ez zaie gelditzen», idatzi zuen Garciak. «Inoiz ez nintzen saldu, eta frogatuta dago».

Poliziak hamar eguneko atxiloaldi bat ezarri nahi zion, auziaren inguruan galdekatzeko. Hain zuzen, bertze presidente ohi bati, Pedro Pablo Kuczynskiri (2016-2018), hilaren 10ean ezarri zioten neurri berbera, hura ere Lava Jato auziarengatik galdekatzeko. Herenegun arratsean Kuczynski ospitaleratu egin zuten «arterietako presio altua» zuelako. Atzo epailearen aitzinetik pasatzekoa zen, behin-behinean espetxeratu ala ez erabaki behar zuelako.

Lava Jato auzia Brasilen hasi zen, 2014an, hango Poliziak eroskeria sare baten zantzuak topatu zituenean. Ikerketaren arabera, dozena erdi eraikuntza eta ingeniaritza enpresa handik politikariak erosten zituzten, azpiegitura handiak eraikitzeko lizitazioak lortzeko. Enpresa ezagunena Odebrecht Brasilgo eraikuntza talde handia da, eta Brasilgo eroskeria kasuetan nahasi dituzten politikarien artean daude Luiz Inacio da Silva Lulaeta Michel Temer presidente ohiak. Lula espetxean dute iaztik, hamabi urteko bi zigor betetzen, eta Temer behin-behinean aske utzi zuten joan den martxoan, lau egunez atxilotuta eduki ondoren.

Ustelkeria auzi sakona

Lava Jatoren garroak, ordea, Latinoamerikako dozena bat herrialdetara hedatu dira, baita Afrikako herrialde batzuetara ere. Perun utzi duen arrastoa nabarmentzekoa da. Ikerketan lagundu duten Odebrechteko funtzionarioek 2016an onartu zuten 26 milioi euro erabili zituztela Peruko funtzionarioak erosteko. 38 ikerketa daude zabalik, eta 250 inguru dira ikertuak; horien artean, lau presidente ohi, 2001-2018 arteko guztiak —Garcia zena, Kuczynski, Alejandro Toledo (2001-2006) eta Ollanta Humala (2011-2016)—, baita Keiko Fujimori presidentegai ohia ere. Fujimori iaztik behin-behineko espetxealdian dute, Humala behin-behinean aske dago, eta Toledo iheslaritzat hartzen du justiziak—AEBetan dago 2017az geroztik—.

Fiskaltzak duela bi urte aurkeztu zituen Garciaren aurkako akusazioak, Limako metroko linea batzuk eraikitzeko lizitazio irregularrengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.