'Brexit'-aren noraeza igarri dute 'tory'-ek udal bozetan

Kontserbadoreek hautetsi asko galdu dituzte Ingalaterran, udal hauteskundeetan, eta Mayk porrota onartu du. Liberal Demokratek nabarmen egin dute gora

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, urtearen hasieran, Londresen. ANDY RAIN / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Galesen izan zen atzo Theresa May, Llangollen udalerrian. Hitz egiten hastekotan zegoen, eta jendearen artean zegoen pertsona batek oihu egin zion. «Zergatik ez diozu uko egiten [lehen ministro karguari]? Ez zaitugu nahi!». Etsipenak bultzatutako adierazpen hori entzun eta gero mintzatu zen Erresuma Batuko lehen ministroa, eta Alderdi Kontserbadoreak Ingalaterrako udal hauteskundeetan jasandako porrota onartu zuen. «Momentu zaila da gure alderdiarentzat». 2015eko bozekin alderatuta, 1.239 hautetsi galdu zituzten tory-ek —8.245 zeuden jokoan, eta 4.901 kontserbadoreen esku zeuden lehen—, herenegungo bozetan. Eta badaki zerk eragin duen beherakada hori: brexit-aren noraezak. Gaineratu zuen ulertu duela zein den herritarrek emandako mezua: «Segi aurrera, eta gauzatu brexit-a». Lehen ministroaren ustez, Alderdi Laboristarentzako mezua ere bada bozen emaitza, 61 ordezkari gutxiago izango baitituzte.

Bi alderdien artean botoen %62 pilatu dute. Emaitzak ezin dira guztiz parekatu, baina 2017an Erresuma Batuko Parlamenturako egindako bozetan, bien artean botoen %82 bildu zuten.

Alderdi Kontserbadorea da oraindik ere lehen indarra Ingalaterrako udalerrietan —Galesen eta Eskozian ez zuten hauteskunderik egin, ezta zenbait hiritan ere, Londresen eta Birminghamen, esaterako—, baina Liberal Demokratak izan dira bozen garaileak, 2015ekoetan baino 657 hautetsi gehiago lortu baitituzte. Europazaleak dira, eta bigarren erreferendum baten aldekoak dibortzioaren auzian. «Herritarrek bidalitako mezua argia da: ez dute konfiantzarik kontserbadoreengan, baina laboristak ere ez dituzte saritu, brexit-arekin prebarikatzen jarraitzen dutelako». Erresuma Batua urriaren 31n ateratzekoa da EB Europako Batasunetik.

Emaitzek kalte handia egingo diote jada urratuta zegoen Mayren autoritateari. Bozen bezperan Roger Hayward diputatu tory-ak aurreikusi zuen 800 bat jarleku galduko zituztela. Gehiago izan dira, ordea. Eta hiru aste barru Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte. Lehenago brexit-aren akordioa onartzen ez badute —eta inondik ere ez dirudi hala izango denik—, horietan parte hartu beharko du Erresuma Batuak. Orduan ere boto asko galtzen baldin badituzte kontserbadoreek, ez litzateke harritzekoa izango Mayk dimisioa ematea. Alderdi barruko hainbat kidek May bera jo zuten, atzo, emaitza kaskarren erantzuletzat, eta estu hartu zuten.

Laboristek egin zuten irakurketa ez zen hain katastrofista izan. Emaitzak onak ez zirela izan onartu zuen Jeremy Corbyn alderdiaren liderrak, eta gaineratu zuen emaitza horiek «argi» erakusten dutela Komunen Ganberako diputatuek brexit-ari buruzko akordio bat lortu beharra daukatela.

DUP aurretik Ipar Irlandan

Ipar Irlandan 11 eskualdeetako kontseiluak aukeratzeko bozkatu zuten, herenegun. Emaitza ofizialak gaur dira ematekoak, baina atzo, edizio hau ixteko orduan, botoen %40 zenbatuta zeuden, eta DUP alderdi unionista zihoan aurretik, Mayren bazkidea Londresen. 462 eserleku zeuden jokoan, eta 60 zituen bereganatuta—130 lortu zituen 2014an—. Sinn Fein zen bigarren indarra, 43rekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.