Trumpek dio azken unean gelditu zuela Iranen aurkako eraso bat

AEBetako presidenteari iruditu zitzaion «neurriz kanpoko» erantzuna emango zutela, jeneral batek esan baitzion 150 lagun hilko zituztela. Teheranek estatubatuarren drone bat bota zuen bezperan

Irango Guardia Iraultzaileak AEBen dronearen irudiak zabaldu zituen atzo. IRIB / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak jakinarazi du azken unean gelditu zuela Iranen aurka prestatu zuen erasoaldi bat. Teheranek estatubatuarren drone bat bota zuen herenegun, Ormuzko itsasartean —Iran eta Ormanen artekoa—, lur-aireko misil bat jaurtita; Irango Guardia Iraultzaileak azaldu zuenez, Ormuzgan probintzian atzeman zuten dronea, herrialdearen mugen barruan, eta, hortaz, gailua bota zuten, Washingtoni «mezu bat» helarazteko: «Ez da gure helburua gerra bat hastea, baina gure mugak defendatuko ditugu edozein esku hartzeren aurka». Trumpek erantzuna prest zuen atzoko, baina, erasoa egiteko hamar minutu falta zirela, operazioa bertan behera uztea erabaki zuen, Twitter sare sozialaren bidez azaldu zuenez; antza, jeneral batek esan zion 150 lagun hilko zituztela eraso horretan, eta, hortaz, bonbardaketa gelditzea erabaki zuen, argudiatuta erantzuna «neurriz kanpokoa» zela dronearen jaurtiketarekin konparatuta.

«Dena genuen prest atzo [herenegun] gauean [Irango] hiru eremutan erantzuteko. Orduan galdetu nuen zenbat pertsona hilko ziren. Ez dut presarik; [AEBen] armada prest dago eta munduko onena da», azaldu zuen atzo Twitterren AEBetako presidenteak, aurrez The New York Times egunkariak zabalduriko informazioa baieztatuz. Erabakia hartu zuenean, hamar minutu falta ziren bonbardaketak egiteko, eta Teheranek bazuen eraso horren berri, Reuters berri agentziaren arabera; Omanek egin zion ohartarazpena, AEBek eskatuta: «Haren mezuan, Trumpek Irani esan zion gerra bat hastearen aurka zegoela, eta Iranekin mintzatu nahi zuela hainbat konturi buruz», esan zion Irango diplomazialari batek berri agentziari.

Teheranek, baina, atzo adierazi zuen informazio hori gezurra zela: «AEBek ez dute inongo eskutitzik bidali Iranera Omanen bitartez. Hori ez da egia», esan zuen Keivan Khosravi Segurtasun Nazionalaren Kontseilu Goreneko eledunak. Etxe Zuriak esan du bere dronea nazioarteko uretan zegoela bota zutenean, eremuak ezagutzeko lanak egiten ari zela. The New York Times-enarabera, erantzun militar bat ematearen alde agertu ziren Mike Pompeo Estatu idazkaria eta Gina Haspel CIAko zuzendaria, esaterako.

Tentsio politiko eta militar handiko hilabeteak izaten ari dira AEBentzat eta Iranentzat. Iragan apirilaren 8an, Trumpek «talde terrorista» izendatu zuen Guardia Iraultzailea, argudiatuta «terrorismoa estatu mailako tresna gisa sustatzen eta finantzatzen» duela; lehen aldia izan zen AEBek neurri hori hartu zutela beste herrialde bateko armadaren aurka. Zigor ekonomikoetan ere sakondu zuten, Teheranen programa nuklearraren aurka, eta Trumpek asteon berretsi du asmoa duela Ekialde Hurbilera beste mila soldadu bidaltzeko egun 20.000 inguru daude—. Gainera, Yemengo matxino huthiek Saudi Arabiaren aurka egindako erasoek eragin zuzena izan dute bi potentzien arteko tentsioan.

Horri gehitu behar zaio Irango Energia Atomikoaren Agentziak asteon egindako jakinarazpena: Teheranek hilaren 27an gaindituko duela 2015eko akordio nuklearrean finkaturiko uranio aberastuaren biltegiratze muga (300 kilogramo), eta uztailaren 7tik aurrera aukera izango duela uranioa %20 aberasten hasteko, nahiz eta itunean %3,67ko muga adostu zuten.

Aurrez, bi eraso

Trump AEBetako presidente denetik, bi eraso agindu ditu Ekialde Hurbilean. Biak ala biak Siriaren aurka egin dituzte, hango armadak ustez eraso kimikoak egin eta gutxira. Berehalako erantzunak izan ziren: lehena, duela bi urteko apirilean, 59 misil «eremu estrategikoetara» botata; eta bigarrena, iazko apirilean, Frantziarekin eta Erresuma Batuarekin batera. Ez zen zibilik hil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.