Iranek adierazi du gainditu egin duela uranioaren aberaste muga

Teheranek beste urrats bat egin du akordio nuklearretik urruntzeko, eta bide horretan jarraitzeko asmoa erakutsi du. Prozesua «itzulgarria» da, Europako sinatzaileek «haien hitza betez gero»

Irango Gobernuko ordezkariak —ezkerrean, Kamalvandi—, igandeko prentsaurrekoan, Teheranen. HAMED MALEKPOUR / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Europako sinatzaileen gaineko presioa areagotu du Iranek: uranioa %3,67tik gora aberasten hasi da. 2015. urtean sinatu zuten itunean zehaztu zuten muga hori, eta herrialdeak iragarria zuen akordioaren urratze mailakatua abiatu zuela. «Pazientzia agortu egiten da». Teheranek 60 eguneko epea eman zien akordioaren sinatzaileei AEB Ameriketako Estatu Batuek Irani ezarritako zigor ekonomikoa arintzeko; alegia, Europako herrialdeek Iranekin duten merkataritza zabaltzeko. Itunean hartutako konpromisoak ez betetzea leporatzen die Iranek Europako sinatzaileei, eta Irango Gobernuak igandean jakinarazi zuen 60 egunez behin urrats bat gehiago egingo duela akordioaren urraketan. Europak ez baditu «iniziatiba berriak» hartzen, pixkanaka itunetik deslotzen jarraituko du Teheranek. «Hitza betez gero», ordea, prozesua «itzulgarria» izango da.

2015ean ituna sinatu aurretik %20ra arte aberastutako uranioa zuen Iranek, eta zenbaki horretara itzultzea «aukera bat» da orain. Adierazpen anbiguoak egin zituen Behruz Kamalvandi Irango Energia Atomikoaren Agentziako bozeramaileak: «%20 orain ez da beharrezkoa, baina iritsiko da, hala nahi bada». Muga gainditu ostean, ez dute «oztopo edo arazorik» ikusten.

Erreaktore nuklearrek nahikoa dute gutxi aberastutako uranioarekin, %5era artekoarekin. %20 edo gehiago aberasten dena ikerketarako erabili ohi da; Teheranen badute horretarako erreaktore bat. Zenbaiten beldurra, ordea, arma nuklearrak dira. Izan ere, Irango programa nuklearra murriztea zen 2015eko itunaren sustatzaileen helburuetako bat. Halere, %90 aberastutako uranioa behar da armetarako, eta Teheranek esana du ez duela horretarako «inolako asmorik». Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak atzo egiaztatu zuen uranioa %4,5 inguru ere aberastu izan dutela.

Kamalvandik nabarmendu zuen gainontzeko herrialdeek badakitela prozesuak «goranzko joera bat» duela. Dagoeneko, bi urrats egin dituzte itunaren urraketan: uranio aberastuaren biltegiratze muga gainditu zuten lehenengo, eta aberaste muga gainditu dute orain. 60 egunen buruan, hirugarren urrats bat etorriko da, itunaren gainontzeko sinatzaileek Iranek eskatutako baldintzak bete ezean. Oraindik ez dute etorkizuneko asmorik zehaztu, baina Kamalvandik bi aukera aurreratu zituen: aberastea %20 edo gehiagora igotzea, eta ituna sinatzean bertan behera utzitako zentrifugagailuak berrabiaraztea.

Elkarrizketaren zain

Zazpi herrialdek sinatu zuten itun nuklearra 2015ean: AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak, Iranek eta Txinak. Iaz, ordea, akordiotik ateratzeko aldebakarreko erabaki polemikoa hartu zuen Donald Trump AEBetako presidenteak. Gainera, zigor ekonomiko gogorrak ezarri dizkio Washingtonek Irani. Europako sinatzaileek gogor kritikatu zuten Trumpen erabakia, baina ez dute lortu AEBek ezarritako blokeoa gainditu eta Irango petroleoa nazioarteko merkatura zabaltzea —horretarako aukera ematen zion akordioak Irani, programa nuklearra murriztearen truke—.

«Iranen programa nuklearraren azken hedapenak bakartze eta zigor gehiago ekarriko ditu», ohartarazi zuen igandean Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak Twitter sare sozialean. Horri buelta eman, eta AEBek akordiotik alde egin izanaren «ondorioak» jasaten ari direla nabarmendu zuen Dimitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak. Geng Shuang Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak, berriz, elkarrizketarako deia egin zuen, guztiei «neurritasuna» eskatuta.

Europako sinatzaileak interpelatu zituen gehien Iranen erabakiak. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Hassan Rouhani Irangoarekin hitz egin zuen, eta erabaki zuten uztailaren 15erako aztertzea «alde guztien arteko elkarrizketak jarrai dezan bete beharreko baldintzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.