Johnsonen ultimatuma EBri

Erresuma Batuko lehen ministroak dio itunik gabe aterako direla 'brexit'-aren akordioa ez badute berriz negoziatzen. Sturgeonek ohartarazi du independentzia galdeketa prestatzen jarraituko duela

Boris Johnson, Komunen Ganberan, atzo, Erresuma Batuko lehen ministro karguan egin zuen lehen agerraldian. JESSICA TAYLOR / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Boris Johnsonek Erresuma Batuko lehen ministro karguan Komunen Ganberan egin zituen lehen adierazpenak entzunda, badirudi akordiorik gabeko irteera dela gauzatzeko aukera handienak dituen testuingurua. Ez da gutxiagorako: atzo adierazi zuen bere ministroak hasiak direla testuinguru horretarako prestatzen, eta ultimatuma ere helarazi zion Europako Batasunari (EB). Akordioa berriz negozia dezatela, Irlandako mugako protokoloa—backstop delakoa— kentzeko, edo Erresuma Batua itunik gabe aterako dela urriaren 31n. Irteera horren aurkakoa zen Theresa May, karguan haren aurrekoa, baina Johnsonek, toryen primarioetan adierazi zuenez, ez dio beldurrik aukera horri.

Erresuma Batuko lehen ministroak Komunen Ganberako agerraldia baliatu zuen bere agintaldian izango dituen lehentasunak jakinarazteko eta, hortaz, brexit-aren prozesuak zer bide hartzea nahi duen azaltzeko. Herrialdea «Europako ekonomiarik handien eta arrakastatsuen» bilakatzeko asmoa du, «merkataritza akordio sare bati» esker; hori, noski, talde komunitariotik atera ondoren. Irlandako mugako protokoloa kendu nahi du akordiotik, baina, atzo diputatuek galdetu ziotenean EB nola konbentzituko duen, Johnsonek ez zuen xehetasunik eman. Eta Michel Barnier talde komunitarioaren negoziatzaileburuak berehala eman zion ezezkoa aukera horri, azken urtean hainbatetan egin duen bezala; ohar baten bidez, gainontzeko 27 estatu kideei gomendatu zien orain arteko printzipioei eusteko.

Hortaz, akordiorik gabeko irteera, brexit gogorrena, bizirik dago oraindik, eta hori argi uzteaz arduratu zen Johnson, ultimatuma behin eta berriz errepikatzeraino: «Nahiagoko nuke EBtik atera akordio batekin. Askoz ere gehiago nahiagoko nuke hori. Uste dut oraindik lor dezakegula, eta lan egingo dut hori gertatzeko. Baina gauza batzuk argi utzi behar dira. Karguan nire aurrekoak negoziaturiko irteera akordioari hiru aldiz eman dio ezezkoa ganbera honek. Haren baldintzak onartezinak dira parlamentu honentzat eta herrialde honentzat». Johnson, noski, backstop-az ari zen. Erresuma Batuko lehen ministroak atzo izan zuen lehen hartu-emana Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin, telefonoz, baina oraingoz ez dute hitzordurik finkatu aurrez aurre elkartzeko.

Irlandako mugako protokoloa bi aldeek negoziaturiko mekanismo bat da, eta indarrean sartuko litzateke Erresuma Batuak eta EBk trantsizio epean ez balute adostuko Irlandako irlan muga gogorra eragotziko lukeen beste mekanismorik; epe horretan, bi aldeek etorkizuneko harremana negoziatuko dute, eta herrialdeak talde komunitarioan jarraituko du hori egin bitartean.

Arazoa zera da: trantsizio epea egoteko, irteera itun batekin gauzatu behar da. Eta, beraz, Johnsonek ez badu hori egiten, azaroaren 1etik aurrera muga gogorra itzuliko da Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean. Horrek arazo ekonomiko, sozial eta politiko anitz sortuko lituzke; eta, aditu askorentzat, Irlandako batasuna eragin lezakeen lehen gertakaria litzateke.

Eskoziaren kasua

Horregatik, ez ziren harritzekoak izan Ian Blackford Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) Komunen Ganberako liderrak Johnsoni eskaini zizkion lehen hitzak: «Ongietorria eman nahi diot Johnsoni, Erresuma Batuko azken lehen ministroari. Mundu paralelo batean bizi dela frogatu du gaur [atzo] goizean».

Hain justu, Eskozian izango du Johnsonek beste erronketako bat. Nicola Sturgeon hango lehen ministroak atzo eskutitz baten bidez ohartarazi zion bigarren independentzia erreferenduma prestatzen jarraituko dutela: «Orain inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da Eskoziak aukera alternatibo bat izatea».

Gainera, Sturgeonek jakinarazi zuenez, haren gobernua irailean hasiko da galdeketa horren esparrua prestatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.