Ebola, kontroletik kanpo

Izurriteak 1.800 pertsona baino gehiago hil ditu urtebetean Kongoko Errepublika Demokratikoan. Ruandak Kongorekin duen muga ixtea eta berriz irekitzea erabaki du egun berean

Ebola, kontroletik kanpo.
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoa orain arteko ebola izurriterik larrienetarikoa pairatzen ari da. Okerrena 2014. urtekoa izan zen, bi urtean 11.000 pertsona baino gehiago hil baitziren, ebolak jota. Izurritea 1976. urtean antzeman zuten lehen aldiz, Hego Sudanen eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, Ebola ibaiaren inguruko herrixka batean, hain zuzen ere. Horrek eman zion izena gaitzari. Gaixotasuna infektatuta dauden animalien edo pertsonen odolarekin eta gorputzeko fluxuekin kontaktu zuzena izanda kutsatzen da.

OME Osasunaren Mundu Erakundearen ustez, gaixotasun horren heriotza tasa oso «handia» da, %90ekoa gutxi gorabehera. Kongoko Errepublika Demokratikoko Osasun Ministerioaren azken txostenaren arabera, iazko abuztutik hona 2.701 ebola kasu egon dira, eta, pertsona horietatik, 1.813 hil dira. OMEk nazioarteko larrialdi izendatu zuen ebola, duela bi aste egindako bilera batean. Haren ustez, «oso handia» zen izurritea Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko herrialdeetara hedatzeko arriskua, bereziki Ugandara eta Ruandara. Izan ere, Kongok gaitz horri aurre egiteko baliabide gutxi ditu, eta, gainera, izurritea gerra eremu batean zabaldu da. Horrek asko zailtzen du eritasuna kontrolpean edukitzea.

Duela bi aste, Butembo Kongoko ipar-ekialdeko hiritik zetorren gizon bat hil zen, Goman, ebolak jota. Goma bi milioi biztanle inguru dituen Kongoko Errepublika Demokratikoko hiri bat da, eta Ruandako mugatik hogei kilometrora dago. «Herritar guztiek Osasun Ministerioak ezarritako neurriak betetzen badituzte, Goman gertaturikoa kasu bakan bat izango dela ziurtatzen dugu», esan zuen Oly Ilunga Kalenga Kongoko Osasun ministroak. Herenegun, ordea, beste pertsona bat hil zen, hiri horretan bertan. Bigarren hildako hori Kongoko ipar-ekialdeko Mongbwalu erkidegoan bizi zen meatzari bat zen.

Kongoko Gobernuak atzobaieztatu zuen Goman ebolak jotako hirugarren kasua, bi herrialdeen arteko muga ixteko erabakia hartu eta gero —bigarren hildakoaren alaba da—. Gainera, joan den asteartean eman zituen datuen arabera, beste hamabi kasu ikertzen ari dira, baina oraindik ez dute baieztatu ebolak kutsatuta daudenik.

Gaitza kanpoan utzi nahian

Izurritea etenik gabe zabaltzen ari dela ikusita, Ruandako Errepublikako Gobernuak atzo goizean erabaki zuen Goma eta Gisenyiren arteko muga ixtea, Kongoko Goma hirian bi ebola kasu horiek atzeman eta gero. Gisenyi Gomatik zortzi kilometrora dagoen hiri bat da, Ruanda mendebaldekoa. «Bai, muga itxi dugu», berretsi zuen Olivier Nduhungirege Ruandako Kanpo Arazoetako ministroak. Kongoko Errepublika Demokratikoa, ordea, erabaki horren kontra agertu zen. Felix Tshisekedi Kongoko presidenteak azaldu zuenez, neurri hori «OMEk emandako gomendioen kontra doa», hark herrialde mugakideei muga ez ixteko aholkatu baitzien duela bi aste. OMEren arabera, erabaki horrek ez luke birusa geldituko, eta, gainera, ondorio negatiboak izango lituzke Kongoko ekonomian. Dede Ndungi Gomako mugetako bateko osasun arduradunaren arabera, «Ruandako Errepublika ebolaren beldur da».

Muga hamalau orduz egon da itxita, gobernuak atzo arratsaldean erabaki baitzuen muga berriz ere irekitzea. «Beti bezala pasatu ahalko da herrialde batetik bestera», esan zuen Osasun Ministerioak. Hala ere, «premiazkoa ez den edozein bidaia saihesteko» gomendatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.