AEBen eta Errusiaren arteko itun nuklearra bertan behera geratu da

Washington armagabetze itunetik irten da, eta Errusiari egotzi dio hura urratzen duten misilak izatea. Moskuk esan du «AEBen ekimenez» amaitu dela akordioa, eta misilak horretarako «aitzakia» direla

Vladimir Putin eta Donald Trump, Osakako (Japonia) G20koen goi bileran, ekainean. MICHAEL KLIMENTYEV / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Giroa berotzen ari da nazioarteko geopolitikan. AEB Ameriketako Estatu Batuak formalki atera dira irismen laburreko eta ertaineko misilak debekatzeko SESB Sobietar Batasunarekin 1987. urtean sinatu zuten itunetik (INF). Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak atzo jakinarazi zuen erabakia; AEBek duela sei hilabete adierazi zuten horretarako asmoa. Aspalditik leporatzen diote Errusiari akordioa urratzen duten misilak izatea. Vladimir Putin Errusiako presidentearentzat, hori «aitzakia» bat besterik ez da,AEBek akordioa bertan behera utz dezaten. Kremlinek esan zuen misil horiek 480 kilometroko distantzia egin dezaketela gehienez; itunak 500 eta 5.500 kilometro arteko distantziara jaurti daitezkeenak debekatzen ditu.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak AEBekin bat egin du, eta Errusiari egotzi dio itun nuklearra bertan behera geratu izanaren ardura. Jens Stoltenberg idazkari nagusiak adierazi zuen NATOk ez duela «arma lasterketarik» nahi. Ildo beretik, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ohartarazi zuen bertan behera uzten ari direla «gerra nuklearraren balazta ordainezina».

Errusiako Gobernuaren esanetan, «AEBen ekimenez» amaitu da akordioa. Itunetik ateratzeko aitzakiatzat erabili izana leporatu die, eta adierazi du misil berriak garatzea dela herrialdearen asmo bakarra. Izan ere, akordioa bertan behera utzi berritan, AEBetako Gobernua prest dago misil kopurua handitzeko: Pentagonoak Kongresuari eskatu dio bederatzi milioi euroko aurrekontua onartzeko, orain arte akordioak debekatzen zizkien misilak garatu ahal izateko.

Itunetik ateratzea erabaki zutenean, AEBetako zenbait goi funtzionariok adierazi zuten Errusiak gurutzaldi misil baten«zenbait batailoi» dituela, baita mendebaldean ere, «Europako jomuga erabakigarriei eraso egiteko moduan». Novator 9M729 misila dago Washingtonek eta Moskuk azken hilabeteotan izan duten eztabaidaren erdian. 1.700 kilo pisatzen ditu, eta zortzi metro luze da. Dena dela, arazoa lehenagokoa da. Duela bi urte, Errusiak AEBei leporatu zien INFtik irteteko prestatzen hasiak zirela, Arizonako fabrika batean irismen laburreko eta ertaineko misilak egiten hasi zirelakoan.

Donald Trump AEBetako presidenteak bere herrialdearen eta Errusiaren arteko harremana hobetzea bilatu izan du, hitzez behintzat. Joan den asteazkenean, telefonoz aritu zen Putinekin, Siberiako sute handiaren harira. Hiru milioi hektarea sutan daude, eta Trumpek laguntza eskaini zion Putini. AEBek adierazi zuten agintariek ez zutela armen kontrolari buruz hitz egin.

Hirugarren aldagaia

Munduko bi potentzia nuklear handienen arteko ituna hautsita, ez dago argi zer bide hartuko duten herrialdeek. Pompeoren hitzetan, Trumpek «atal berri bat» hasi nahi du armen kontrolean, bi aldeko itunetatik harago. Errusiaz gain, Txina ere inguruan izan nahi du presidenteak.

Pekinek ez du inolako armagabetze itunik, eta «munduko misil indarrik handiena eta ugariena» du, AEBetako Senatuak 2017an adierazi zuenaren arabera. Izenik eman ez duen AEBetako funtzionario batek zabaldu duenez, egun Washingtonek ez luke Txinako misilen indarrari aurre egiteko gaitasunik. «Urteak beharko lituzke horretarako», 32 urtez bete baitu Errusiarekin sinatutako ituna, haren esanetan.

Alemaniak, besteak beste, begi onez ikusi du hiru aldeko armagabetze itun berri bat egiteko aukera. Duela sei hilabete, ordea, Yang Jiechi Txinako Atzerri ministroak adierazi zuen Pekinek ez diola utziko herrialdeko armada modernizatzeari. Bestalde, Armen Kontrolerako Batzordeak uste du Txina Trumpek itunetik ateratzeko erabili duen aitzakia besterik ez dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.