EBko sei herrialde arduratuko dira 'Ocean Viking'-eko migratzaileez

Mugarik Gabeko Medikuen eta SOS Mediterranee erakundeen itsasontziak bi aste egin ditu Mediterraneoan, itsasoan erreskatatutako 356 pertsonarekin. Frantziak 150 errefuxiatu hartuko ditu

Ocean Viking ontzia Mediterraneo itsasoan, Maltak lehorreratzeko baimena eman ondoren, atzo. EFE.
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Maltako Gobernuak atzo baieztatu zuen Alemaniak, Frantziak, Irlandak, Luxenburgok, Portugalek eta Errumaniak hartuko dituztela Ocean Viking ontziko 356 migratzaileak. Hamalau egunez nazioarteko uretan itxaroten egon ondoren, pertsona horiek Valletako portuan (Malta) lehorreratzeko baimena jaso zuten. Frantziak adierazi du migratzaile gehienez arduratuko dela; guztira, 150 izango dira.

Joseph Muscat Maltako lehen ministroak atzo jakinarazi zuen Valletako portuan lehorreratzeko baimena eman ziola Ocean Viking-i, Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee erakundeek pleitatutako ontziari. «Baina, ondoren, migratzaile bat bera ere ez da geldituko Maltan», ohartarazi zuen Muscatek.

Frederic Penard SOS Mediterraneeko bozeramaileak nabarmendu zuen ontziko egoera «oso larria» zela. Erakundearen izenean, Maltari eskerrak eman dizkio lehorreratzen uztearren, eta Europako Bastasuneko sei herrialde horiei eskertu die arazoari irtenbidea ematea migratzaile horien kargu eginez. «Lasai gaude 356 pertsona horiengatik».

Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak jakinarazi du ontziko migratzaileetatik gehienak jasoko dituztela. «Herrialdeak elkartasunari eusten jarraitzen dio». Castanerrek esan du datozen egunetan iritsiko direla Frantziara.

Ontziaren ibilbidea

Ocean Viking ontziak hamalau egun zeramatzan itsasoan Libian gerratik ihesean dabiltzan migratzaileak erreskatatzera irten zenetik. Hilaren 9 eta 12 artean, ontziak lau erreskate egin zituen. Harrezkero, Italiatik eta Maltatik distantzia batera itxaroten egon dira, Europako herrialderen batek horiek lehorreratzeko baimena eman bitartean. Asteazkenean, SOS Mediterraneek ohartarazi zuen itsasontziko migratzaileak lehorreratzeko erantzun «azkar» bat behar zuela, ontziaren gainbehera ekiditeko. 356 pertsona horietatik, 103 adingabeak ziren, eta gehienak bakarrik zeuden.

«Oso laster erreskate lanera itzuliko gara, Mediterraneo itsasora salto egiten duen jende asko bertan hiltzen baita», azaldu du SOS Mediterraneeko bozeramaileak. «Itsasontzi ofizialek ez dute arretarik jartzen inguru horretan».

'Open Arms'-ek, itxaropena

Ocean Viking ontziko migratzaileak hilabete erdiz itxaroten egon dira, egoera «oso larrian». Hamalau egunez ikusi zuten jarreraren ondoren, itxaropen gutxi zuten, Mediterraneoaren erdian, nora joan jakin ezinean. Open Arms ontziaren porturatzeak, ordea, esperantza piztu zien. Itsasontzi horrek hemeretzi egun zeramatzan Mediterraneo itsasoan, Italiako Lampedusa uhartean lehorreratzeko agindua eman zietenean.

Euskal Herrian, berriz, Aita Mari ontziak adierazi duenez, berriro irtengo da itsasora, erreskateak egiteko asmoz. Ontzia prest dute asteartean, hilaren 27an, itsasoratzeko, baina erreskateak egiteko baimena lortu nahian dabiltza. Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioari eskaria eginda diote, baina erantzunaren zain daude oraindik. «Gure helburua ahalik eta azkarren itsasoratzea da, Mediterraneoan larrialdi egoerak jarraitzen baitu. Baina oraintxe bertan ez dago gure esku», azaldu du ontzia kudeatzen duen SMH (Itsas Salbamendu Humanitarioa) gobernuz kanpoko erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.