Johnson hesitzeko ahalegina

Akordiorik gabeko 'brexit'-a blokeatzeko, oposizioak lege proiektu bat hauspotu du; gaur bozkatuko dute, Komunen Ganberan. Lehen ministro kontserbadoreak gehiengoa galdu du parlamentuan

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa hizketan, atzo, Komunen Ganberan, udako oporren ondorengo aurreneko saioan. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Brexit-aren auzian, behintzat, Boris Johnsonen figurak balio izan du Erresuma Batuko oposizioak elkar hartzeko. Joan den uztailaren 24tik lehen ministro denak adierazi izan du akordiorik ez baldin badago ere herrialdea aterako dela EB Europako Batasunetik, datorren urriaren 31n. Eta horrek oposizioa inoiz baino gehiago batu du balizko dibortzioaren baldintzei dagokienez. Gainera, Komunen Ganberaren kontrola hartu du: bai agenda parlamentarioarena, baita bozketa posibleen indar korrelazioarena ere. Horrenbestez, itunik gabeko dibortzioa blokeatzeko Hilary Benn laboristak proposatu eta zenbait tory disidentek babestutako lege proiektuaren eztabaida eta bozketa egitekoak dira gaur parlamentuan. Hori agendan sartzekoa zen ganbera atzo gauean, bozketa bidez. Edizio hau ixteko orduan bozkatu gabe jarraitzen zuten, baina Erresuma Batuko hainbat hedabideren arabera, 17 tory daude lege proiektuaren alde. Nahikoa, hortaz, onartzeko. Bestetik, kontuan hartu behar da Johnsonen alderdiak, Alderdi Kontserbadoreak, ganberan zuen gehiengoa galdu duela, boto bakarrekoa zen eta. Izan ere, Phillip Leek liberal-demokratekin bat egin zuen atzo.

Atzoko bozketako emaitzei erreparatuz gero, gaur arazorik gabe onartzekoak dira brexit gogorra eragozteko lege proiektua. Lorden Ganberan bozkatuko dute gero, baina oposizioak gehiengoa dauka hor ere. Johnsonek Komunen Ganberan atzo esan zuenez, legea «obedituko» du, baldin eta parlamentuak onartzen badu.

Hori gertatuz gero, lehen ministroak bi aukera edukiko ditu: urriaren 19rako akordio bat lortzea Bruselarekin, eta gero parlamentuak onartzea; edo parlamentuaren onespena edukitzea itunik gabe irteteko. Ez bada ez bata ez besteagertatzen, irteera data 2020ko urtarrilaren 31ra atzeratzeko eskatu beharko dio Johnsonek EBri.

Lehen ministroak nabarmendu zuenez —udako oporren ondorengo lehendabiziko saioa izan zen atzo parlamentuan—, oposizioak hauspotutako lege proiektua onartzeak Bruselarekin beste akordio bat ontzeko edozein aukera «suntsiko» du. Johnson esaten ari da beste itun bat lortuko duela —Komunen Ganberak hirutan bota du atzera Theresa May aurreko lehen ministroak joan den azaroan adostu zuena—, baina EBko funtzionarioek ez dute gauza bera pentsatzen. Toryen liderra legea obeditzekotan da, bai; hori adierazi zuen behintzat atzo, baina azpimarratu zuen, ordea, ez duela «zentzurik» Bruselara joateak beste atzerapen bat —hirugarrena— «erregutzera», eta ez duela «inoiz» egingo.

Egoera aintzat hartuta, inondik ere ez dago baztertuta 2022rako programaturiko hauteskundeak aurreratzea. Johnsonek herenegun ere errepikatu zuen ez duela horretarako asmorik, baina, Downing Streeteko 10. zenbakiko iturriek prentsari filtratutakoaren arabera, prest dago bozak urriaren 14ra aurreratzeko. Mugimendu hori gauzatu ahal izateko, parlamentuaren bi herenen babesa beharko luke. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren liderrak atzoko debatea hasi aurretik esan zuen bozetarako «prest» dagoela. Inkestek diotenez, Alderdi Kontserbadoreak 339 diputatu lortuko lituzke, eta gehiengoa edukitzeko 320 behar dira.

Itxieraren bide judizialaz

Eskoziako Auzitegi Zibil Nagusia gaur da ebaztekoa ea legezkoa den Johnsonek Erresuma Batuko Parlamentua hilabetez ixteko hartutako erabakia. Joan den astean, lehen ministroak erabaki zuen Komunen Ganbera ixtea irailaren 10a eta urriaren 14a bitartean, hartara diputatuek ahalik eta denbora gutxien izan dezaten akordiorik gabeko brexit-a eragozteko ahaleginean. Itxiera hori «konstituzioaren kontrakoa» dela iritzita, laboristek eta liberal-demokratek auzitara jo zuten.

Beste bi auzitegi ere auziaz ebaztekoak dira. Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Nagusia gaur da biltzekoa, eta Ipar Irlandako Auzitegi Nagusia, etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.