Iraken 65 pertsona hil dituzte gobernuaren aurkako protestetan

Manifestariek oinarrizko zerbitzuak bermatzeko eskatu diote gobernuari. Mobilizazioek ez dute inongo alderdiren babesik. Lehen ministroak elkarrizketarako deia egin die protestariei

Herritarrak manifestazio batean, Bagdaden, asteartean, Poliziak negar egiteko gasa jaurti zuen unean. AHMED JALIL / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Kexu dira Iraken, estatuak ez dituelako oinarrizko zerbitzuak bermatzen: argindarra, edateko ura... Eta, gainera, gobernuari leporatzen diote ez dela gauza lanpostuak sortzeko, eta ustelkeria egiturazkoa dela. Horregatik, aspaldiko mobilizaziorik handienak egiten ari dira herrialdean. Batez ere gazteak ari dira kalera ateratzen, eta aldarrikatutako leloen artean bat nabarmentzen ari da: Herriak erregimena erorarazi nahi du. Hain zuzen ere, hori zen lelo nagusia 2011ko Udaberri Arabiarreko manifestazioetan. Joan den asteartean hasi ziren protestak Iraken, eta Polizia tiro eginez ahalegindu da horiek eteten. Horren ondorioz, manifestarien eta agenteen arteko borroketan gutxienez 65 pertsona hil direla eta zauritutakoak ia 1.700 direla jakinarazi zuen, atzo, Irakeko Giza Eskubideen Batzordeak.

Egoera zein den kontuan hartuta, Adel Abdelmahdi lehen ministroa telebista bidez mintzatu zen herenegun gauean. Manifestariei elkarrizketarako deia egin zien, baina eskatu zien, era berean, «bizitza normala» egin dezatela, «legearen autoritatea» errespetatuz. «Haien eskaerak entzun eta bideratzeko, manifestazioen antolatzaileei komunikazio molde zuzenak eskaini dizkiegu». Lehen ministroak azpimarratu zuen familia pobreentzako oinarrizko soldata bat negoziatzeko prest dagoela. Antolatzaileak aipatuta, mobilizazioen atzean ez dago inongo alderdi politikorik, eta bakar batek ere ez ditu publikoki protestak babestu, nahiz eta politiko bakan batzuek elkartasuna adierazi dieten manifestariei. Protestak sare sozialen bidez deitu zituzten, astearen hasieran.

Istiluak direla eta, Irakeko Gobernuak etxeratze agindua ezarri zuen herenegun, Bagdad hiriburuan eta beste hiru probintziatan, eta Interneterako sarbidea murriztu zuen. Abdelmahdik neurri horiek izan zituen hizpide emandako diskurtsoan, eta onartu zuen baietz, «gogorrak» direla, baina ondorioak «sendagai mingotsek» eragindakoak bezalakoak izango direla. «Ez dago irtenbide magikorik». Pazientzia eta denbora eskatu ditu. Urtebete ere ez da igaro kargura heldu zenetik —2018ko urriaren 25ean hartu zuen—, eta gobernuaren profil «teknokrata» goratu izan du.

2003ko martxoan, AEBek Irak inbaditu zuten, eta, Saddam Hussein 1979tik herrialdeko presidentea zena boteretik kendu zutenetik, ezegonkortasun kroniko batean bizi dira Iraken. Horri gehitu behar zaio 2014tik 2017ra Irak gerran egon zela EI Estatu Islamikoarekin.

«Gehiegizko indarra» ez erabiltzeko eskatu zien Abdelmahdik manifestazioetan parte hartzen ari direnei, eta estatuaren indarra defendatu zuen, argudiatuz «nazioarteko» estandarrak erabiltzen ari dela mobilizazioetan «segurtasuna» mantentzeko orduan. Eta manifestariei zuzendu zitzaien berriro, ziurtatu zuenean akordio bat egin duela botere judizialarekin «krimenak egin ez dituztenak» askatzeko. Atxilotutakoak berrehundik gora dira.

Aiatolaren kritikak

Ez da ohikoa izaten Ali al-Sistani aiatolak, Irakeko musulman xiiten agintari nagusiak —gehiengoa dira herrialdean—, hitza hartzea, baina berak idatzitako eskutitz baten berri eman zuen bere ordezkari batek, atzo, musulmanen otoitz egunean. Al Sistanirentzat «tristea» da hainbeste heriotza egotea, baina gobernuari eta alderdi politikoei eskatu die «herritarren eskariei» erantzuteko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.