Erresistentziarako deia

AEBek tropak erretiratu dituzte Siriako Kurdistanek Turkiarekin duen mugatik, eta Erdoganek esan du prest duela inbasioa. «Gure lurra defendatzeko prest gaude», ohartarazi dute kurduen miliziek

Manifestazio bat Serekaniye (Ras al-Ain) hirian, atzo, Turkiaren inbasio mehatxuaren aurka.
Manifestazio bat Serekaniye (Ras al-Ain) hirian, atzo, Turkiaren inbasio mehatxuaren aurka. AZAV EVDIKE

Orsola Casagrande -

2019ko urriak 8
Serekaniye hirian (Ras al-Ain, arabieraz) milaka pertsona atera ziren kalera atzo. Asko goizean goiz iritsi ziren ekialdeko Jazira kantonamendu osotik. Goizeko bostetan zabaldu zen zurrumurrua, EI Estatu Islamikoaren aurkako nazioarteko koalizioko soldadu estatubatuarrek Turkiako mugako kontrol postuak utzi zituztela. Serekaniye bitan zatitutako hiria da: hegoaldea Siriako Kurdistanen dago —Rojavan, mendebaldean—; eta iparraldea, berriz, Turkiako Kurdistanen —Bakurren, iparraldean—. «Amerikarrak joan dira», baieztatu zion BERRIAri Azav Evdikek, Serekaniyeko Banos zinema elkarteko kideak. Etxe Zuriak herenegun emandako aginduari jarraikiz, AEBetako tropek bakarrik utzi dituzte SDF Siriako Indar Demokratikoak aliatuak, eta Turkia prest dago orain inbasiorako mehatxua betetzeko. Erresistentziarako deia egin dute kurduek. «Gure lurra defendatzeko prest gaude», adierazi du SDFk.

SDFren buruzagitzak atzo adierazi zuen Turkiak egiteko asmoa duen operazio militarrak «eragin negatibo inportantea» izango duela EIren aurka 2014az geroztik abian duen borrokan. «Azken urteotan lortu den egonkortasun guztia suntsituko du». Hainbat etniatako miliziek osatzen dute SDF, baina indar nagusia dira kurduen YPG Herriaren Babes Unitateak. Koalizio militarraren arabera, atzo han nabaritu ziren AEBen erabakiaren lehen «eragin negatiboak». «EIko kideen senideen kanpamentuetatik hainbat zaindari atera behar izan ditugu Turkiaren berehalako erasoari erantzun ahal izateko».



SDFk iragan martxoan kendu zion EIri kontrolpean zuen azken lurraldea, eta, ordutik, muturreko talde islamista sunitako milaka kide eta horien senideak atxikiak ditu kanpamentuetan. Europarrak eta ipar amerikarrak dira asko, eta SDFk jatorrizko herrialdeei eskatu die haietaz arduratzeko, baina ez du baiezkorik jaso oraingoz.

Trumpek atzo egintzat jo zuen Turkiak Rojava inbadituko duela, eta, ohi duen moduan eta estiloan, Twitter sare sozialean idatzitako mezu batzuen bidez eman zituen azalpenak. «Gerra absurdo eta amaiezin hauetatik ateratzeko aukeratu ninduten, non gure militarren funtzioa polizia lanak egitea izan den AEBak maite ere ez dituzten jendeen mesedetan».

Minutu batzuk geroago idatzitako beste txio kate batean, berriz, irudikatu nahi izan zuen Turkiari ez diola eman edozer egiteko baimena. «Lehendik garbi esan izan dudan bezala, eta berresteko bakarrik, Turkiak zer edo zer egiten badu nire jakinduria handi eta paregabearen arabera gehiegizkoa dena, erabat suntsituko dut Turkiaren ekonomia —lehen ere hala egin izan dut!—», idatzi zuen, Turkiako liraren balio galeraren aferari erreferentzia eginez, AEBek Turkiako ekonomiari presio egin baitzioten apaiz protestante baten espetxeratzeak sortutako liskar diplomatiko baten ondoren.

Ferda Cetin kazetariaren ustez, AEBen erabakia ez da Turkiaren presioen ondorio, haren helburu estrategikoaren parte baizik. «Sirian duen presentzia sendotu nahi du, baina, aldi berean, kurduek Siriako beste herriekin eraiki duten sistema konfederal demokratikoa oztopatu nahi du, ez dadin alternatiba bat bilakatu», adierazi dio BERRIAri. Siriako gerra hasi eta urtebetera, 2012an, Siriako estatuko indarrak kurduen ia lurralde guztitik erretiratu ziren, eta ordutik sortu duten sistema politiko autonomoa da konfederazio demokratikoa, gaur egun Eufrates ibaiaren ekialde gehienean ezarria dagoena.

«Gauez sar gaitezke»

Turkiarentzat, bere segurtasuna mehatxatzen duten «talde terroristak» dira Siriako kurduen miliziak, mugatik iparraldera borroka egiten duen PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren adar edo aliatutzat baitauzka. Justifikazio hori hartuta inbaditu zuen iaz Afrin barrutia, Eufrates ibaitik mendebaldera biztanle gehienak kurduak zituen Siriako lurralde bakarra. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak joan den hilean Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean bertan jakinarazi zuenez, Eufrates ibaitik ekialdera ere «segurtasun eremu bat» ezarri nahi dute mugan; hartara, besteak beste, Turkian dauden Siriako hiru milioi errefuxiatu inguru horiek horra bidaltzeko. «Gauez sar gaitezke bat-batean, ezin dugulako onartu erakunde terroristek gure herrialdeari egiten dioten mehatxua», esan zuen atzo Erdoganek.

Nazioartetik egin diren mezu gehienak Turkiari neurritasuna eskatzera mugatu dira, eta egoerarengatik kezka orokor bat agertzera. Errusiak, Siriako Gobernuaren aliatuak, Siriaren «lurralde osotasuna» errespetatzeko eskatu dio; Europako Batasunak, «Turkiaren kezkak» ulertzen dituen arren, esan du ez dagoela «irtenbide militarrik», eta NBEk, berriz, «desplazamendu gehiago» ez sortzeko eskatu du. Bi milioi pertsona inguru bizi dira Turkiak inbaditu nahi duen lurraldean; horietako %75, kurduak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna