Aljeriako hauteskundeek ez dituzte isilarazi otsailean abiatutako kaleko protestak

Parte hartzea inoizko txikiena izan da: %39,83. Abdelmajidj Tebbune lehen ministro ohia nagusitu da, eta «eskua luzatu» du elkarrizketak abiarazteko

Aljer hiriburuko kaleetan ez dira protestak eten. Gazteek salatu dute presidente berriak ez dituela ordezkatzen. MOHAMED MESSARA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Aljerian otsailaren 21ean atera ziren aurreneko aldiz kalera herritarrak, eta, atzo, ia hamar hilabete geroago, bozen biharamunean ere, ostiralero bezala, protesta egin zuten beste behin ere. Hirak mugimenduak bezperako bozak boikotatzeko deia egina zuen, eta, parte hartzea uste edo espero zitekeena baino altuagoa izan bada ere, herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik inoizko txikiena izan da: %39,83. Abdelaziz Buteflikak irabazi zituen azken bozetan, 2014an, hamar puntu handiagoa izan zen parte hartzea. Botoen %80 eskuratu zituen presidenteak, baina duela bost urte pentsaezina zen herrialdea egungo atakan egongo zela, gero eta handiagoa baita herriaren eta erregimenaren arteko arrakala.

Hauteskundeek ere ez dituzte protestak isilarazi. Buteflikak kargua utzi osteko lehen bozak izan dira, baina herritar askorentzat sistema zaharra legitimatzeko maniobra bat baino ez dira izan, eta ez benetako trantsizio demokratikoa bideratzeko modu bat.

Buteflikak bosgarren agintaldi batera aurkezteko asmoa iragarri zuenean piztu ziren protestak. Aurreneko manifestazioetan kimera bat zen pentsatzea presidentea eroriko zela, baina, apirilaren 2an, kargutik kendu zuten hogei urtez boterean egondako agintaria. Ordutik militarrak egon dira boterearen lehen lerroan. Abdelkader Bensalah Senatuko presidentea izendatu zuten jarduneko presidente. Politikari gris horrek mandatu jakin bat zuen: hiru hilabeteko epean bozak egitea, baina, protestak tarteko, bitan atzeratu behar izan zituzten bozak.

Ahmed Gaid Sahal estatu nagusiko buruzagiak itzalean agindu du ordutik, baina agerian geratu da erregimen militarrak hartutako neurriek ez dutela herriaren sostengua izan, protestak ez baitira eten. Irailean hauteskundeetarako data ezarri zuten berriz, baina bost hautagaien artean denak ziren erregimen zaharraren ordezkariak.

Aparatuaren gizona

Azkenean, Abdelmajid Tebbune nagusitu da. Botoen %58,1 eskuratuta, ez da bigarren itzulian lehiatu beharko; izan ere, hogei puntuko aldea atera die beste lau hautagaiei.

Tebbune teknokrata aparatuaren gizona da. Buteflikaren garaian lehen ministro izandakoa da, eta aurretik hainbat eskualdetan gobernadore, baina, armadaren hautagai kuttuna zen heinean, protestan atera diren herritarrentzat jeneralen txotxongiloa baino ez da.

Galdera da orain zer gertatuko den aurrerantzean. Tebbuneren lehen hitzak herriarentzat izan dira, protestak baretze aldera egindako keinua izan bada ere: «Hirak mugimenduari eskua luzatzen diot benetako elkarrizketa zabaltzeko». Kanpainan egindako promesak betetzeko hitza eman du, eta zehaztu du bere lehentasuna konstituzio berri bat onartzea izango dela.

Hitz horiek kaleetan milaka lagun protesta egiten ari zirela helarazi zituen presidente berriak. Kalean salatu zuten Tebbunek ez dituela ordezkatzen, emaitzak ez direla zilegiak, eta benetako erreformak nahi zituztela. Hauteskunde egunean bezala, biharamunean ere kaleak oihu bihurtu dira.

Aljer hiriburuan eta hiri nagusietan segurtasun neurri zorrotzak ezarri zituzten. Auto militarrak errepideetan, helikopteroak zeruan, eta polizia sekretuak izkinetan, baina, hala ere, ehunka lagun atera ziren kaleetara. Poliziak manifestarien aurka jo zuen herenegun iluntzean, bozen egunean, eta kolpeka sakabanatu zituen.

Kabilia, berriz, erabat militarizatuta egon zen. Amazig herria nagusi den iparraldeko eremu horretan erabatekoa izan zen boikota. Amazigek aspalditik bizi dute errepresioa, eta boz hauetan isiltasunarekin erantzun diote erregimenari. Bejaian, Tizi Uzun eta Burian itxita egon ziren hauteslekuak. Atzo inoizko manifestaziorik handiena egin zen azken hiri horretan. Hirak herri mugimenduak han dauka bere gotorlekua, eta manifestazioetan amazig ikurra eramateagatik dozenaka lagun atxilotu dituzte azkenaldian.

Odolez idatzitako historia

Aljeria herrialde konplexua da, eta odolez idatzita dago haren historia. 1962an eskuratu zuen independentzia Frantziatik. Askapen nazionalerako borroka, baina, oso traumatikoa izan zen, zortzi urtez luzatu zen gerran 180.000 lagun inguru hil baitziren. Aste honetan bertan, 1960ko abenduaren 11ko manifestazio historikoaren 59. urtemuga izan da, eta egun hori beste manifestazio batekin gogoratu dute. Charles de Gaulle Frantziako orduko presidentearengana iritsi zen independentzia aldarrikatzen zutenen oihua.

Gerora, baina, beste aro beltz bat izan zuen herrialdeak, artean askoren iruditerian oso presente dagoena: hamarkada beltza. 1991tik 2002ra, islamisten eta armadaren arteko gerra izan zen, eta hamar urte luze horietan ia 200.000 lagun hil ziren.

Hamarkada beltzaren lekuko zuzena izan ez zen belaunaldia gaztea da orain, beldurrik gabe kalera atera dena, baina bai armadak eta bai herriak ez dute indarkeria baliatu orain arteko protestetan, armadaren errepresioa gogortu bada ere. Mohcine Belabbas RCD Kultura eta Demokraziarako Mugimenduko oposizioko presidentearen hitzetan, protestak ez dira baretuko: «Hauek ez dira hauteskunde zilegiak izan; bozak deitu dituztenek ere badakite hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.