Ipar Irlandan gobernua berreskuratzeko ituna lortu dute Sinn Feinek eta DUPek

Sinn Feinen iritziz, «egiazko botere banaketa» lortzea izango da gobernuaren erronkarik handiena. Ipar Irlandan hiru urte daramate gobernurik gabe

Sinn Feineko Mary Lou McDonald —ezkerretik hasita bigarrena—, eta DUPeko Arlene Foster —eskuinean—, artxiboko irudi batean. JOE BOLAND / EFE.
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Blokeo politikoari amaiera emateko eta gobernua berreskuratzeko akordioa lortu dute Ipar Irlandan Alderdi Demokratiko Unionistak (DUP) eta Sinn Feinek. Hiru urtez gobernurik gabe egon ostean eta ia bederatzi hilabeteko negoziazioen ondoren, bi alderdiek ituna izenpetu dute. Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek proposatutako akordioaren zirriborroarekin ados agertu dira.

Julian Smith Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak eta Simon Coveney Irlandako Errepublikako lehen ministrorde eta Atzerri ministroak bilerak egin dituzte egunotan alderdi errepublikanoekin eta unionistekin, eta gobernua berreskuratzeko akordioaren zirriborro bat kaleratu zuten herenegun gauean. Berehala jaso zuen, atzo goizean, Arlene Foster DUPen buruzagiaren oniritzia.

Sinn Feinek, berriz, arratsaldean bilera egin ostean iragarri zuen akordioa. Mary McDonald Sinn Feineko presidenteak ituna onartu eta berehala ohartarazi zuen haren ustez zein izango den gobernuaren erronka nagusia: «Egiazko botere banaketa» lortzea. «Guztion aurrerapausoak» beharrezkoak izango direla gaineratu zuen, «gobernu inklusiboa» eratze aldera. Argitu zuenez, oraindik ez dute datarik zehaztu gobernua biltzeko, baina Sinn Feineko buruak «ahalik eta lasterren» biltzea nahi du.

Fosterren esanetan, akordioa «bidezkoa eta «orekatua» da, eta, «perfektua» ez bada ere, gobernua berreskuratzeko «oinarri bat» dela ziurtatu du. Goraipatu du «identitate irlandarra» eta «britainiarra» duten herritarrak aitortzen dituela Ipar Irlandan. DUPeko buruzagiak espero du Erresuma Batuko Gobernuak «eskuzabal» jokatzea eta ituna finantzatzeko nahikoa diru bideratzea.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa ere baikor mintzatu da Twitterren. Adierazi duenez, akordioa «urrats garrantzitsua» da Ipar Irlandako herritarrek «konfiantza berreskuratzeko» gobernuan, eta zerbitzu publikoetan «beharrezko erreformak» egiteko.

Hiru urte dira DUPen eta Sinn Feinen arteko gobernu koalizioa hautsi zela, 2017ko urtarrilean Martin McGuinness orduko ministro nagusiordeak dimisioa eman zuenean. Garai hartan, gobernua osatzen zuten bi alderdien arteko harremana gaiztotuta zegoen aspaldidanik, eta energia berriztagarriei buruzko eskandalu batek —zeinak zuzenean nahasten zuen Foster garai hartako lehen ministroa— eragin zuen eztanda; horren harira utzi zuen gobernua McGuinnessek. Sinn Feinek ez zuen ordezkorik aukeratu, eta, elkarrizketek porrot eginda, bozetara deitu zuten.

Hauteskunde horietatik atera zen paisaia politikoak ez zuen egoera hobetu, eta harrezkeroztik gobernurik gabe izan dira Ipar Irlandan. 2018ko otsailean akordio bat lortzear izan ziren, baina DUPek ezezkoa eman zuen azken orduan, gaelikoari buruzko desadostasunengatik.

Egun, ordea, badirudi egoera aldatu egin dela. Londresek eta Dublinek proposaturiko zirriborroaren arabera, gaelikoak estatus ofiziala izango luke, errepublikanoek nahi zuten bezala, eta, unionisten baiezkoa lortze aldera, eskozieraren «onarpen ofiziala» sustatzea proposatu dute.

Conradh na Gaeilge gaelikoaren aldeko elkarteko Ciaran Mac Giolla Bheinerentzat, zirriborroan proposaturikoa «aurrerapauso historiko bat» da errepublikanoentzat, baina ohartarazi zuen zalantzak dituztela hainbat auziren inguruan; besteak beste, beto eskubideari dagokionez: «Deabrua ez dago soilik xehetasunetan: legea betetzearen inguruan ere bai». Unionisten artean ere adostasuna ez da erabatekoa, Orangeko Ordena erakundea kritiko agertu baitzen gaelikoari eman nahi zaion estatusarekin.

Hizkuntzen auziaz gain, erizainen eskariak betetzeko neurriak ere jaso dituzte itun horretan, batez ere soldatekin eta lantaldeekin zerikusia dutenak; horretarako, Londresek diru gehiago bidaliko du Belfastera.

Bozen aukera, baztertuta

Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak jakinarazi zuen ez zitzaiola geratuko hauteskundeetara deitzea beste aukerarik baldin eta alderdi politikoak ez baziren ados jartzen datorren astelehenerako. Akordioak baztertu egin du aukera hori.

Erresuma Batuko bozak egin eta hilabetera itzuli da Ipar Irlandako Gobernua. Boz haietan, Sinn Feinek eta DUPek boto asko galdu zituzten SDLPren, Aliantza Alderdiaren eta UUPren mesederako, eta horrek agerian utzi zuen Ipar Irlandako bozak berriz egitea ez zela testuingururik egokienaDUPentzat eta Sinn Feinentzat.

Gainera, alderdien interesei gehitu behar zaie brexit-ak eta blokeo politikoak eragin duten ezinegona eta horrek guztiak bake prozesuan izan duen eragina. 1998ko Ostiral Santuko Akordioaren geroa kolokan dago, muga gogorraren mehatxuaren ondorioz, eta iragan mendeko gatazka armatuaren zantzuak agertu dira, tartean Lyra McKee kazetariaren hilketa, joan den apirilean. Hain justu, itun horiek onartzen ez dituen IRA Berriak hil zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.