Itun nuklearreko EBko estatu kideek zigorrekin mehatxatu dute Iran

Alemaniaren, Frantziaren eta Erresuma Batuaren erabakiak ezbaian jarri du 2015ean sinatutako akordioaren etorkizuna. Iranek «modu serio eta egokian» erantzungo duela ohartarazi du

Rob Macaire Erresuma Batuko enbaxadorearen irudi bat sutan, atzo, hegazkin istripuko biktimen omenez eginiko ekitaldi batean, Teherango Unibertsitatean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Kili-kolo dago munduko potentzia nuklear nagusiek 2015ean sinatutako akordioa. Iranek «beste irtenbiderik ez» diela utzi argudiatuta, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak abian jarri zuten atzo akordio nuklearreko kideen artean sortutako eztabaidak konpontzeko mekanismoa. Hiru herrialde horietako atzerri ministroek prentsa ohar bateratu bat igorri zuten; Iranek joan den urteko maiatzean muga batzuk ez errespetatzeko hartu zuen erabakia mantendu izana kritikatu zuten: «Akordio nuklearrak ezarritako murrizketa funtsezko batzuk apurtzen jarraitu du».

Gainera, Teheranek urtarrilaren 5ean iragarri zuen baztertu egingo zituela uranioa aberasteari ezarritako mugak —Qassem Soleimani jeneralaren hilketatik bi egunera—. Iranek orduan azaldu zuenez, «helburua balantza berdintzea» zen, «besteek ere euren betebeharrak bete ditzaten».

Urtebete lehenago, 2018ko maiatzean, AEBek akordioa utzi zuten, Donald Trump gobernura iritsi eta berehala. Washingtonen lehentasuna izan zen AEBek eskualde horretan dituzten bi aliatu nagusiei laguntzea, Israeli eta Saudi Arabiari, eta ez nazioarteko tentsioak baretzea.

Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak atzo azaldu zutenez, ez dute bat egin «AEBak Iran estutzeko egiten ari diren» kanpainarekin, eta azpimarratu zuten helburua dela Iranek «hitzemandakoa betetzea», akordioa mantentzeko. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, ordea, AEBen ildoarekin bat egin zuen: «2015eko akordioa desegiten badugu, beste bat adostu beharko dugu. Posible da itun hori Trumpekin egitea; negoziatzaile bikaina da». Gainera, Irani ohartarazi zion indarrean den itun nuklearra desegiten bada «nahi duena» lortuko duela Trumpek.

Teheranek berehala erantzun zuen. Mohammad Yavad Zarif Irango Atzerri ministroak azaldu zuenez, Iranek «modu serio eta egokian» erantzungo dio hiru herrialde europarrek «asmo txarrez» har dezaketen edozein neurriri. Halere, gehitu zuen prest daudela «saiakera eraikitzaileak» egiteko, «akordio garrantzitsu hori» mantendu dadin.

Eztabaidak konpontzeko mekanismoa gainbegiratzeko arduraduna Josep Borrell izango da, Europako Batasuneko Atzerri Politikarako Goi Ordezkaria. Borrellek berak argitu zuen asmoa ez dela Irani berriz ere zigorrak ezartzea, eta akordio nuklearra «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela.

Mekanismo horren bidez, estatuak hilabete inguru du gatazka konpontzeko —epe hori luzatu egin daiteke—. Lortzen ez badu, herrialdeek akordioa utz dezakete, eta txostena NBEren Segurtasun Kontseiluak aztertuko luke.

Atxiloketak eta protestak

Ukrainaren hegazkinaren aurkako erasoak barne krisia eragin du Iranen. Hura bota izana ukatzen aritu ostean, Teheranek larunbatean onartu zuen «giza huts» baten ondorioa izan zela. Atzo, berriz, gobernuak jakinarazi zuen «hainbat lagun» atxilotu zituztela gertatutakoarekin lotuta, baina zenbat eta nortzuk diren zehaztu gabe. Gobernuko eledun baten arabera, dagoeneko osatu dituzte auziaz arduratuko diren batzorde bereziak.

Ezohikoa den agerraldi batean, Hassan Rohani presidenteak hutsegitea onartu zuen, eta iragarri zuen bihar bilduko direla hegazkin istripuaren ondorioz hildakoak izan dituzten herrialdeetako ordezkariekin.

Gobernuaren aurkako protestak, berriz, indartu egin dira azken egunetan. Sareetan zabaldutako irudietan ikusten da nola segurtasun indarrek manifestarien aurka jotzen duten; tiro hotsak ere entzun daitezke. Gobernuak, ordea, ukatu egin du hori.

Protestekin lotuta, Gholam Hosein Ismaili Irango Justiziaren bozeramaileak atzo esan zuen Rob Macaire Erresuma Batuko enbaxadorea Irandik kanporatu beharko luketela, herrialdeko barne gaietan nahasteagatik. Macairek Teherango Unibertsitateko kontzentrazio batean hartu zuen parte larunbatean —Iranek «ilegala» iritzi dio elkarretaratze horri—, hegazkin istripuan hildako 176 pertsonak oroitzeko; geroago, ordea, istiluak izan ziren elkarretaratzearen amaieran, eta Poliziak 30 minutuz atxiki zuen Macaire.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.