Trumpek «iruzurtzat» jo du gaur haren aurka abiatuko den epaiketa politikoa

Presidentea kendu edo ez bozkatu beharko dute Senatuan, eta errepublikanoak gehiengoa dira. «Botereaz abusatzea eta ikerketa oztopatzea» leporatu diote

Donald Trump, hitzaldi bat ematen, abenduaren 19an, Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS / POOL / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun

Ameriketako Estatu Batuen historian hirugarrenez, herrialdeko presidenteari impeachment-a edo epaiketa politikoa egingo diote. Donald Trumpen jarduna dago orain jomugan, aurretik Andrew Johnsonena (1868an) eta Bill Clintonena (1999an) egon ziren modu berean. Senatuak gaurtik ebatzi beharko du Trump erruduna den edo ez: erruduna bada, kargutik kenduko dute. Leporatzen zaiona da «botereaz abusatzea» eta haren aurkako ikerketa «oztopatzea». Epaitegi bilakatuko da goi ganbera. Presidenteak adierazi du epaiketa «iruzurra» dela.

 

Akusazio horiek presidentearen bizkar gainean jartzea erabaki zuen AEBetako Kongresuak joan zen abenduaren 19an, prozesu luze baten ondoren. Lehenik eta behin, Ordezkarien Ganberak onartu behar egin zuen herrialdeko presidentearen aurkako impeachment-a egin ala ez, eta, Alderdi Demokratak gehiengoa duenez behe ganberan, aurrera atera ahal izan zuten aurkari errepublikanoaren aurkako ekinaldia. Azkeneko hitza Senatuak izango du, eta hor kontuak ondo ateratzen zaizkio Trumpi: errepublikanoek gehiengoa dute, 53 ordezkari baitituzte; demokratek, berriz, 47.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin izan zuen deiak lehertu zuen egoera. Ordezkarien Ganberako Justizia Batzordearen arabera, AEBetako presidenteak bere kargua erabili zuen Joe Bideni buruzko informazioa lortzeko. Biden demokraten primarioetan lehiatzen ari da, eta, inkesten arabera, faboritoa da 2020ko azaroaren 3ko bozetan demokraten presidentegai izateko. Horregatik, Trumpek bi ikerketa abiatzeko eskatu zion Zelenskiri, ikerketa batzordearen arabera, eta trukean Etxe Zurirako bisita bat eskaini zion. Gainera, ikerketak abiatu ezean, Kieventzat garrantzitsuak diren laguntzak blokeatuko zituela mehatxu egin zion. Jarrera horiek nahikoa dira demokratentzat presidentea kargugabetzeko, eta hala ebatzi zuen Ordezkarien Ganberak. Beste akusazioan jasota dago Trumpek ez zuela inolako laguntzarik eman Kongresuko ikerketan

Hauteskundeak azaroan

Presidentea aukeratzeko urtea da AEBetan, eta kanpaina hasita dago. Trump aurkeztekoa denez bigarren aldiz, haren irudia kaltetua ateratzea nahiko lukete aurkari politikoek, demokratek. Errepublikanoen ustez, berriz, eta presidenteak berak erabilitako beste hitz batzuekin, «sorgin ehiza» da afera, «demokratek ez baitute onartu azkeneko hauteskundeak galdu izana, 2016an». Hain justu, atzo hiru urte bete ziren Trumpek kargua hartu zuenetik.

Horrelakoetan ohikoa izaten den bezala, inkestak ere egin dituzte herritarren artean, impeachment-ak hauteskundeetan izango duen eraginaz. Ordezkarien Ganberan auziko lekukoak deklaratzen hasi bezain pronto egiten hasi ziren galdeketek berdinketa iragartzen dute estatubatuarren artean. Gertatzen dena gertatzen dela epaiketa politikoan, ez du ematen erabakigarria izango denik bozetan.

Lekuko berriak: bai ala ez?

Senatuko auzibidea nola antolatu zebilen atzo oraindik goi ganbera. Bi alderdien artean eztabaida dago gai honen inguruan: lekuko berriek deklaratu behar dute ala ez? Demokratek horrela izatea nahi dute, ñabardurekin bada ere, baina ez, ordea, errepublikanoek. Lekuko berriak deitu ahal izateko, Senatuan gehiengo soila behar da, eta horrek esan nahi du lau senatari errepublikanok demokraten alde bozkatu beharko luketela.

Hain zuzen, senatariek gaur bertan bozkatuko dute epaiketako araudiak zein diren, zenbat iraungo duen, eta zenbat denbora edukiko duten hitz egiteko aldeek. Mitch McConnell errepublikanoen Senatuko presidenteak egindako proposamenaren arabera, bi aldeek hamabi ordu izango dituzte argudioak aurkezteko, eta horren ostean senatariek hamasei ordu izango dituzte galderak egiteko. Txanda horiek guztiak amaitzean, Senatuak Trump kargugabetu ala ez bozkatuko luke.

Senatariak gaur dira proposamen horren inguruan bozkatzekoak, eta, baiezkoa gailenduz gero, bihar egingo lukete hamabi orduko lehen saioa, Euskal Herriko 19:00etan abiatuta. Demokratak kexu agertu dira McConnellen ebazpenarekin, lekuko berriek deklaratzeko aukerarik izango ez dutela argudiatuta; denbora falta ere salatu dute. Dena den, errepublikanoak gehiengo dira goi ganberan —100dik 53—, eta ziurtzat jotzen da epaiketa politikoaren arauei baiezkoa ematea.

Bi alderdien arteko talka horretan, Kongresuko ikerketan gertaturikoa ere badago oinarrian. Errepublikanoek demokratei leporatzen diete dei zitzaketen lekuko guztiak ez deitzea orduan, «benetako ustelkeria kasuak argitara ez emateagatik». Bidenen semearen kasua dago muinean.

Ukrainako gas enpresa handienetako batean hasi zen abokatu lanetan, haren aita 2014an herrialde horretan misio diplomatiko batean murgildu eta berehala, Obamaren gobernuan presidenteorde zenean. Rudolph Giuliani New Yorkeko alkate ohi eta Trumpen abokatuak iradoki du Biden aitak presioa egin ziola Ukrainako Gobernuari semearen aurkako ikerketarik ez egiteko; fiskal nagusia kargutik kentzeko «lan zikina» ere egin omen zuen. Demokratek horregatik nahi omen dute Hunter Bidenek Senatuan ere ez deklaratzea. Gustura hartuko lukete, aldiz, Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohi John Boltonen lekukotza, Trumpen kontrakoa bailitzateke.

Errepublikanoek Kongresuan «funtsik gabeko» ikerketa egin izana ere leporatzen diete demokratei. Baina azken horiek diote argigarria dela berriki Kontuak Emateko Bulegoak atera duen txostena, zeinetan esaten den Trumpen gobernuak diru laguntza kendu ziola Ukrainari.

Ikusteko dago zer aterako den argitara epaiketa politikoan. Ziurra dena da fiskalak Kongresuko zazpi ordezkari demokrata izango direla. Ziurra den bestea da Trump ez dutela kargutik kenduko kontrako botoak bi heren ez badira; ikusteko dago, berriz, haren irudiari kalte egingo dion eta, egiten badio, zenbat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.