Junquerasek dio elkarrizketa dela independentismoa indartzeko bidea

Ziurtatu duenez, Espainiak «zenbat eta traba gehiago jarri elkarrizketari, independentismoak orduan eta arrazoi demokratiko gehiago» bilduko ditu. Sanchez eta Torra otsailaren 6an bilduko dira

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohi espetxeratua, atzo, Kataluniako Parlamentuan, 155. artikuluaren eragina aztertzeko batzordean. E. FONTCUBERTA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
JxCren eta ERCren arteko gobernu krisirik sakonenak eztanda egin ondorengo egunean, Kataluniako Parlamentuan izan ziren Oriol Junqueras, Jordi Turull, Raul Romeva, Dolors Bassa, Joaquim Forn eta Josep Rull Generalitateko kontseilari ohi espetxeratuak. Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezarri izanak Kataluniako erakundeetan zer eragin izan duen aztertzeko batzordean parte hartu zuten atzo. Junqueras ERCko buruak elkarrizketaren aldeko apustua defendatu zuen, PSOErekin mesfidati dela aitortu arren.

Diputatu independentistek txaloka hartu zituzten Generalitateko agintari ohiak parlamentu barruan. Kanpoan, presoei babesa adierazteko elkarretaratze bat egin zuten ANCk eta Omniumek. Giroa, hala ere, ez zen erabat gozoa. Parlamentuko Mahaiak Quim Torra Kataluniako presidenteari diputatu akta erretiratzea onartu zuen herenegun,ERCren babesarekin, eta erabakiak Kataluniako Gobernua zatitu du. Torrak ohartarazi zuen «legealdia eta gobernua» arriskuan jarri dituela bere egoerak. Hala ere, Torrak presidente izaten jarraitzen du, eta hala aitortzen dio Madrilek ere. Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Torra elkarrekin bilduko dira otsailaren 6an, Bartzelonan.

Junqueras hunkituta mintzatu zen parlamentuan. «Pozik eta zoriontsu» agertu zen berriro ganberan hitz egiteko aukera izateagatik, eta aukera baliatu zuen «elkarrizketarako borondatea eta debozioa» defendatzeko; «guztiekin, baita errepresioa eta gure espetxeratzea berotasunez txalotu dituztenekin ere».

ERCk kritika ugari jaso ditu independentismoaren zenbait sektoretatik, Sanchezen inbestidura adostu duelako PSOErekin, Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko mahai bat eratzearen truke. Junquerasek akordio hori defendatu zuen. «Badakit zaila egingo digutela, badakit oztopoak jarriko dizkigutela. Eta zer?». Junquerasen iritziz, elkarrizketaren bidea ez da alboratu behar trabak egonagatik. «Elkarrizketari zenbat eta oztopo gehiago jarri, orduan eta arrazoi demokratiko gehiago bilduko ditugu elkarrizketa gidatzeko».

Junquerasek aitortu zuen gobernu arteko elkarrizketaren emaitza «ezezaguna» dela, eta eszeptiko agertu da PSOErekin. «Behin baino gehiagotan huts egin du». Hala ere,ez zaio iruditzen ziurgabetasun hori bateraezina denik elkarrizketaren aldeko apustuarekin.

Beste erreferendum bat

Junquerasek ziurtatu zuen Kataluniak beste autodeterminazio erreferendum bat egingo duela. Horretarako, baina, ezinbestekotzat jo zuen indarrak batzea. Haren esanetan, independentismoak irabazi egin du botoetan, baina Espainiaren «errepresioak» desorekatu egin du balantza. «Zer jar dezakegu guk [balantzaren] gure platerean? Boto gehiago». Presidenteorde ohiak adierazi zuen independentismoak «gehiengo zabalak» eskuratuko dituela, eta 2019ko hauteskunde sorta aipatu zuen horren adierazgarri. «Gure borondate demokratikoaren kontra ari direnek galdu zuten boto gehien iaz». ERCko buruaren esanetan, «errepresioaren bidegabekeriak laguntzen du» independentziaren aldeko gehiengo zabalak eratzen. «Kartzela urrats bat da askatasunerako bidean». Ziurtatu zuen independentismoak «konplizitateak» lortuko dituela, «baita Europan ere».

Turullek hainbat zehaztapen egin zizkion Junquerasen proposamenari. JxCko diputatu ohiak ere elkarrizketa defendatu zuen, baina hura «egiazkoa» eta eraginkorra bada. Turullek nabarmendu zuen independentismoak elkarrizketaren aldeko jarrera erakutsi duela beti, eta horren adibide gisa aipatu du urriaren 1eko erreferendumaren ondoren independentzia deklarazioa eten izana. Bestalde, independentismoari «batasuna» berreskuratzeko eskatu zion, eta gobernu barruko zatiketa gainditzera deitu zituen JxC eta ERC:«Gogoratu zertarako aukeratu gintuzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.